Asier del Rio, pala-jokalari profesionala

"Ondino ez dot sinesten profesionala nazala"

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 25a, 10:23

Asier del Rio pala-jokalariak hainbat txapelketa irabazi ebazan zaletu mailan eta horreri esker profesional jokatzeko aukerea izan dau. Lorpen handia da, Euskal Herrian 10 profesional baino ez dagozalako. Lehenengo lehia urtarrilean jokatu zan eta, emoitzak oso onak izan ez arren, lezamarra pozik agertu da bere errendienduagaz. Gogotsu dabil eta ikasteko gogoa dauka.

Zorionak. Ilusino handia izan da Fusto, Gaueka eta horrelako jokalari handien aurrean jokatzeko aukerea eukitea, ezta?

Bai. Ez neban profesional mailan debuta egitea espero. Ondino ez dot sinesten (kar-kar). Lan handia egin dot horretarako, baina ez neban uste hain goiz etorriko danik; agian, lar goiz, baina tira... Aukerea heldu jat eta ezin deutsat horri pasetan itxi.

Zelan txapelketea? Emoitzak ez dira oso onak izan...

Tira, bai, esan dozun moduan, emoitzak ez dira onak izan, jokatutako sei partiduak galdu doguzalako, baina espero neban baino hobeto ibili naz. Lehenengo partiduetan urduri nenbilen, eta ez neban maila onik emon. Harrezkero, nire kideagaz egin neban berba eta horrek konfiantza emon eustan, hurrengo partiduetan hobeto jarduteko. Oro har, pozik nago egin dodan txapelketeagaz.

Esteban Gaueka zure kidea aitatu dozu. Jokalari mitikoa da, eskarmentu handien dauenetako bat. Zelan beragaz?

Oso ondo, luxua izan da beragaz ibiltea. Esteban eskarmentu handiko pilotaria da eta, Fustogaz batera, pilotaririk onenetakoa. Enpresak sailkapenaren arabera osatu ebazan bikoteak, eta zorte handia euki neban Esteban suertatu jatanean. Ohore handia izan da beragaz jokatzea. Hartu-emon hurrrekoa euki dogu, eta berarentzat be ez da txapelketa erraza izan, partiduak galdu doguzalako eta berak irabazteko ohiturea dauelako. Baina hasierea ez da inoz erraza izaten. Ondino 23 urte daukadaz, gaztea naz eta nire lehenengo txapelketea izan da goi-mailan. Beste pelotariek, ostera, 10-15 urteko eskarmentua dabe. Apurka-apurka hartuko dot eskarmentua eta pelotari hobea izango naz.

Enpresakoek zer esan deutsue? Pozik dagoz?

Bai, pozik agertu dira eta, porrotak egon arren, animau egin ninduen. Etsituta ez egoteko eta aurrera jarraitzeko esan deuste. Ni be oso zorrotza naz nire buruagaz eta batzuetan horrek presino gehiagarria ekarten deust. Hori kudeatzen ikasi behar dot, nire ganean ardura gehiegi ez jarteko. Gogotsu nabil beharrean, gogor entrenatzen eta ikasteko gogo handia daukot.

Koronabirusak guztion bizitza jarri dau hankaz gora, baita zeurea be. Kontauko deustazu zergaitik? 

Bai, debuta 2020ko apirilean egin behar izan neban, baina pandemia zala -eta atzeratu egin behar izan zan. Gogorra izan zan, palan jokatzeko gogoa kendu eustalako; etsituta nenbilen. Halanda be, debuta aurrean neban eta gogoa bai ala bai berreskuratu behar izan neban. Azkenean, lehenengo partidua azaroaren 7an izan zan eta hori jokatu eta gero, egun berean, esan eusten koronabirusa harrapatu nebala. Beraz, aste bi emon nebazan etxean itxita. Egun batzuk lehenago, aitak be harrapatu eban eta kutsatu gintuen. Zorionez, ez neban sintomarik euki. Urte gogorra izan da, bai.

Binakako txapelketea bukatu da. Eta orain zer?

Hurrengo txapelketea banakakoa da. Gatxa izango da, bakarrik ibiliko nazelako, laguntza barik. Burua oso ga­rrantzitsua da goi-mailako kirolean, erren­dimenduaren % 75 buruan dagoalako. Alde fisikoa be bada garrantzitsua, jakina, sasoian egon behar zaralako, baina psikologia premiazkoa da: burua da irabazle edo galtzaile egiten zaituana. Enpreseagaz urte biko kontratua daukat eta esan deuste gure hartu-emona luzerako dala. Nik palan hainbat urte emotea espero dot.

 

 

Ahalegin handiaren saria

Asier del Rio Uria (Lezama, 1998) kirolaria izan da betidanik. "Txikitan esku-pilota eta futbola gustetan jatazan. Batxilergoan hasi nintzanean, aukeratu behar izan zan eta futbolaren alde egin neban. Larrabetzuko Uritarrak taldean hasi nintzan eta han koadrila egin neban. Halanda be, gazte mailan itxi neban, ikasketetan ez nenbilelako ondo. Futbola itxi eta palan hasi nintzan. Eta orain arte", esan deusku. Asierrek berak ez daki, beraz, nondik jatorkon palarako zaletasuna. "Etxean batez be futbolzaleak dira, ez pelotazaleak. Aititek palan jokatzen eban, baina ez dot uste zaletasuna hortik jatortanik".

Lezamarra Larrabetzun, Olarreta taldean, hasi zan palan jokatzen 15 urte ebazala. "Hasieran, gomazko pelotak erabilten nebazan. Beranduago, 18-19 urte nebazala, larruzko piloteagaz jokatu gura izan neban, baina Larrabetzun ez egoan ezer: ez entrenatzailerik, ez beste jokalaririk, ez materialik... Beraz, beste talde batera joan behar izan nintzan, eta Gatikan zein Sopelan ibili nintzan entrenatan". Azkenean, del Riok Gatika aukeratu eban, kluba txikiagoa zalako; Sopelan, ostera, jokalari asko egozan eta maila handiegia eben.

Gatikan gustura ibili da, baina, bere esanetan, hasieran erabat galduta. Irkus Roblesek lagundu eutson eta apurka-apurka hobetzen hasi zan. "Gatikara hobetzera joan nintzan, ez profesionala izan gura nebalako. Baina ordu asko emon dodaz nire kabuz entrenatzen, eta urte bitan beheko mailatik goraino heldu nintzan. Eta orain profesional mailan nabil, hainbeste ahalegin egin eta gero jasotzen dodan saria da".

 

Enpresa-kudeaketa

Profesionala izatea sari potoloa da, bai horixe, baina tamalez, gaur egun palistek ezin dabe kirol horretatik bizimodua atara, ezta onenek be. Esku-pelotariek, bai, baina pala-jokalariek, ez, ostera. Ganera, emoten dau palea beti dagoala krisian. Asierren eritxiz, palea ez da behar bezala iragarten. "Eskua palea bezain ikusgarria da, baina jenteak ezagutzen ez badau, ez dago zer eginik".

Asier Lezaman bizi da gurasoakaz, baina Larrabetzun be askotan ibilten da. "Jentea harro dago nigaz eta zorionak emoten deustiez Lezaman zein Larrabetzun, profesionaltasunera heldu nazelako". Goi-mailako kirolaria izateaz ganera, Enpresa-kudeaketea ikasten dau Bilbon. "Gatxa da kirola eta ikasketak buztartzea, baina moldatzen naz. Ganera, irakasleek eta ikaskideek lagundu egiten deustie. Karrerea bukatuko dot; bestela, gurasoek etxetik botako nabe (kar-kar)".