Silicatos de Malpica enpresaren jarduera kontrolatzeko eskatu diete erakunde publikoei

a: Lezama Bizirik 2021ko ots. 2a, 12:25

Silicatos de Malpica enpresa Lezamaren eta Zamudioaren arteko mugan dago. Zapatuan, eta Lezama Bizirik elkarteak deituta, enpresaren aurrean 35 bat lezamar eta zamudioztar batu ziren; bakoitza, zegokion mugaren aldean. Enpresak instalazioak handitu ditu eta, beste batzuen artean, labe berria egin du. Talde ekologistak elkarretaratzean azaldu zuenez, “laba berriak ekoizpena bikoizteko aukera emango die, eta, ondorioz, atmosferara isurtzen duten CO2-kantitatea ere bikoiztu liteke”. Hori dela eta, erakunde publikoei eskatu diete enpresaren jarduera zuzenean kontrolatzeko.

Lezama Bizirik elkarteak jakinarazitakoaren arabera, enpresa kutsatzaileek hiru urterik behin txosten bat aurkeztu behar diote Eusko Jaurlaritzari, zer eta zenbat isurtzen duten moduko datuak adierazita; ondoren, beharrezkotzat jotzen badu, Jaurlaritzak ikuskapena egiten du. “Silicatos de Malpica enpresak 2018an egindako azken txostenean jaso zuten urtean atmosferara, eta beste gas-mota batzuen artean, 38.000 t CO2 isurtzen dutela. Bestalde, orain dela urtebete baino gehiago, instalazioak handitzeko lanak hasi zituzten, eta guk alegazioa aurkeztu genion handitze horri. Besteak beste, labe berria ipini dute eta hari esker ekoizpena bikoizteko aukera izango dute. Isuriak ekoizpenaren araberakoak dira eta, hortaz, enpresak atmosferara isurtzen den CO2-kantitatea ere bikoiztu liteke; hau da, urtean 50.000 t baino gehiago isuri lezakete”.

Enpresaren aurrean batu ziren elkartearen kideek eta herritarrek administrazioei eskatu diete enpresaren jarduera zuzenean eta zorrotz kontrolatzeko. “Helegiteak aurkeztu ditugu Eusko Jaurlaritzan, URA uraren euskal agentziaren ordezkariekin izan gara eta kezkak helarazi diegu Foru Aldundiari eta udalei. Hala ere, urtebete baino gehiago pasatu da eta ez dugu erantzunik izan. Argi dago hemen ezin dela ezer egin enpresen eta ekonomiaren kontra. Lotsagarria da nola tratatu gaituen. Esperantza handirik ez dugun arren, guk jarraituko dugu egoera salatzen”.

Enpresaren aurreko elkarretaratzea Aldaketaldia ekimenaren harira egin da. Ekimenean Euskal Herriko talde ekologistek eta elkarteek, gehienbat Gipuzkoakoek eta Bizkaikoek, hartu dute parte eta munduko garapen-eredua aldatzeko eskatu dute, baina etxean bertan hasita. “Gaur egun zer nolako garapen-mota dugun adibide ona da Silicatos de Malpica enpresa”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).