“Diseinatzeaz gainera, etika profesionala eduki behar da”

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 10a, 13:55

Peio Rica, moda-Ikaslea

Peio Rica 21 urteko lezamarra da, eta modaren zale amorratua. Gaur egun, Inedi ikastetxean dabil ikasten eta inoiz modatik bizi ahal izatea du amets. Modarako grina, iritziak eta helburuak partekatu ditu gurekin hurrengo lerroetan.

Berari buruzko informazio bila genbiltzala, gazteak esandako hurrengo hitz hauek topatu ditugu aipatutako ikastetxearen gizarte-sare batean: “Herriko arraroa izan naiz beti; hortaz, egun batean erabaki nuen nire bitxitasunetatik bizi izaten saiatzea”. Hitzek bidea eman digute solasaldia hasteko. “Herri txiki batean bitxia edo ezberdina izatea zaila da. Ni bitxia naiz, alde batetik, janzkeragatik, eta beste aldetik, ez zaidalako gustatzen beti talde hertsi berean egotea, taldearen liderrari edo irizpide nagusiari jarraituta; eta horrela izateak ateak ixten dizkizu. Nahiko txarto pasatu nuen txikitan, eskolan zein institutuan, harik eta Ibarrekolanda institutura aldatu nintzen arte, batxilergo artistikoa ikastera. Atseginagoa izan zen han ikastea, eta libre sentitu nintzen”.

Txiki-txikitatik izan du modarako grina, eta familiaren babesa. “Amak dio hiru urteko umea izanda hasi nintzela andereño baten janzkeraz ohartzen; antza, asko gustatzen zitzaidan nola janzten zuen. Amamek ere arropa-denda zuten eta jantziak Parisetik ekartzen zituzten; amametako batek josi ere egiten zuen… Beraz, esan liteke modarako zaletasuna odoletan daramadala”. Hori dela eta, iaz gradu bikoitza hasi zuen. “Estilismoa eta moda diseinua ikasten nabil, baita estanpatuak eta ehunak diseinatzen ere. Marrazteko hainbat teknika ikasten ditugu, figurinak egiten, josten, patroiak egiten, estilismoak… Datozen tendentziei ere erreparatu behar diegu, eta bolumenak kontuan hartuta kontraste egokiak sortu, look-ak hobetzeko”. 

Bere estiloari dagokionez, nahiko eklektikoa dela esan digu. “Edozein arropa edo zapatak hartu, emakumezkoenak zein gizonezkoenak, eta nire estilora ekartzen ditut. Halaber, bigarren eskuko arropa eta jantzi vintage-ak erosten ditut”. Bere janzteko erak bilakaera izan du urteen poderioz. “Egia esan, nahiz eta ez lortu, lehen saiatzen nintzen ez nabarmentzen; orain, berriz, ez dut ezta saiatu beharrik ere; berdin dit besteek niri buruz zer pentsatzen duten”. Aitortu digu janzteko orduan ez diela tendentziei jaramon handirik egiten. “Duela 50 urteko arropa ere jantzi dezaket lasai asko. Armairuan klasiko asko ditut, aurten nahiz datorren urtean eramateko aproposak. Aldarteak ere eragina du nire arropan, baina kontrako zentzuan: apur bat goibel banago, zerbait ausartagoa janzten dut”.

“Edozein arropa edo zapatak hartu, emakumezkoenak zein gizonezkoenak, eta nire estilora ekartzen ditut”

Grisak

Buruan hainbat ideia ditu eta diseinatzen hasi da. “Hala ere, hirugarren urratsean hasiko gara bildumak-eta egiten, eta gradu amaierako lanerako ere bilduma sortu beharko dugu. Diseinatzailea edo estilista izan nahiko nuke; patroiak egitea, ordea, ez zait batere gustatzen”. Diseinatzaileengan baino, sormen-zuzendariengan ipintzen du arreta. “Markaren estetika eta filosofia erabakitzen dituzte. Izan ere, diseinatzeaz gainera, diseinuaren inguruan dagoena ere hartu behar da kontuan, eta etika profesionala eduki. Nire ustez, prozesu osoa hausnartu behar da, esaterako, arropa nolako lan-baldintzetan egiten den nahiz ingurumenari ekartzen diogun kaltea. Fast food-a izango balitz bezala kontsumitzen dugu arropa, eta kontuan hartu behar da moda gehien kutsatzen duen bigarren industria dela. Metro bat kotoi egiteko, adibidez, 10.000 litro ur behar dira. Sormen-zuzendari ibili ahal izanez gero, gustatuko litzaidake irizpide jasangarriak eta justuak ezartzea; azken batean, mundua hobetzea da, ezta?”.    

Lezamarraren ustez, Txorierrin eta Bilbon ez dugu txarto janzten, baina nahiko gatzgabeak gara. “Grisak gara arropa janzteko orduan. Nolanahi ere, hori autoen kolorearekin ere gertatzen da: auto beltzak ikusten dira normalean, zuriak, grisak, urdinak… eta bat-batean auto gorri bat ikusten dugunean, atentzioa ematen digu. Jende askok deigarriak izateari beldur dio eta horregatik ez du nahiko lukeen arropa erabiltzen; ez gara ausartak”.

Gazteari gustatuko litzaioke modatik bizi ahal izatea, berdin dio zein esparrutan, eta argi du horretarako Estatuko beste hiri batera joan beharko lukeela. “Esate baterako, bideraezina da Bilbon marka transgresorea sortzea, gehienek ez baitute bertan erosiko. Madrilera edo Bartzelonara alde egitea gustatuko litzaidake; behar dut”. Ametsak egia bihurtzen dira askotan.

“Jende askok deigarriak izateari beldur dio eta horregatik ez du nahiko lukeen arropa erabiltzen; ez gara ausartak”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).