Lezama Bizirik elkarteak helarazi duenez, zabortegi hori “Euskadiko handiena izango litzateke eta aritmetikoki konponbidea emango lioke autonomia erkidegoko industria-hondakinetarako defizitari. Arantxa Tapia sailburuak defizit horren berri eman du duela gutxi ”. Horrela, elkarteak azaldu duen moduan, “zabortegia Ganguren mendiko hegalean kokatuko litzateke, Lezamaren eta Zamudioren arteko mugan, Txorierriko korridorerako sarbidearen gainean, eta 40 hektarea hartuko lituzke. Lau milioi metro kubiko hondakin hartzeko edukiera izango luke, Zaldibarreko zabortegiaren bikoitza hain zuzen, eta jaso litezkeen hondakinen kalifikazio bera. Eguskitza ibaiaren goi-arro osoa hartuko luke, eta, ondorioz, erreka ia desagertuko litzateke. Proiektuaren gaineko dokumentazioa egin du autonomia erkidegoko zabortegien proiektu nagusiez –Zaldibar, Mallabia…– arduratu ohi den ingeniaritza-enpresak eta, hori dela eta, gaia serioa izan daitekeen ondorioa atera dugu”.
Beste aldetik, Lezamako Udalak azaldu du URAk (Uraren Euskal Agentziak) kontsulta egin zuela enpresa sustatzaile batek Aretxalde auzoko Eguskitza baserri inguruan “amaierako zabortegia duen balorizazio-planta” bat eraikitzeko interesaren harira. Gaia aztertu ondoren, “Lezamako Udalak erakunde eskudunei jakinarazi die, 1988ko hiri-antolamenduko arau subsidiarioek ezarritakoaren arabera, proposatutako erabilera debekatuta dagoela eta, beraz, ez dagoela aukerarik herrian horrelako azpiegiturak eraikitzeko, ez delako aurreikusten, inola ere, udalerrian horrelako jarduerak egin ahal izatea”. Era berean, “arau subsidiarioek honelako ekintzak baimentzen ez dituztela kontuan izanda, udalak ez du kontsideratu Lezaman horrelako azpiegitura baterako udal-jardueraren lizentzia ematea, ezta izan daitezkeen afekzioak ere”.
Gaiari lotutako informazioa emateko, udaleko talde biek bilerara deitu diete lezamarrei. Bilerak bihar, apirilak 22, egingo dira Kultur Aretoan, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan. COVID-19a dela eta, bilera bakoitzean gehienez 27 lagunek hartu ahalko dute parte.
Azkenik, udalak jakinarazi du, 2020ko maiatzeko Osoko Bilkuran xedatu moduan, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeko prozesua aurten hasiko dela eta gardentasunean eta biztanleriaren partaidetzan oinarrituko dela.