Lezamako udaletxe eta eskola zaharren inaugurazioa

t: Raul BaƱuelos 2021ko mai. 13a, 15:00

1914ko apirilaren 26an, Titanic ontzia hondoratu eta bi urte eskasera, Euskal Selekzioaren debutarekin batera, ofizialki inauguratu ziren Lezamako udaletxe eta eskola zaharrak. Fidel Iturria arkitektoak diseinatu zuen eraikina. Horrek hiru gorputz zituen: erdikoan udal-bulegoak eta bilkura-gela atondu ziren, eta alboetako eraikinetan, neskentzako eta mutilentzako ikasgelak.

Obraren aurrekontua 30.500 pezetakoa izan zen, eta diru-ekarpena hauek egin zuten: Hilario Astorki jaunak (5.000 pezeta), Lezama Leguizamon anaiek (5.000 pezeta), Torreko markesaren alargunak (2.000 pezeta), Juan Cipriano de Ereño jaunak (1.000 pezeta), Antonio Carlevaris jaunak (100 pezeta), Felipe Astorkiren alargunak (200 pezeta) eta Dominga Astorki andreak (200 pezeta). Beste pertsona eskuzabal batzuek ere diru-ekarpena egin zuten eta guztira 18.000 pezeta eman ziren udaletxea eta eskolak eraikitzeko. Obrak Vicente Arteaga alkatearen agintaldian hasi ziren, eta Mateo Llodio buru zela amaitu. Kontratista Juan Ormaetxe Hermanos y Compañia izan zen.

Inaugurazio-ekitaldian, Don Ceferino abadeak meza solemnea eman zuen goizeko 10:00etan, 32 ahotsek osatutako abesbatza batek lagunduta eta Galdakaoko banda bateko zuzendariak orkestratuta. Ereserki nazionala abestu zen amaieran, eta su artifizialak jaurti ziren. Jarraian, gurutze bat zeramaten bi laguntzailek lagunduta, apaiza eraikin berrira abiatu zen eta hango lokalak bedeinkatu zituen. Hitzaldi laburra eta zentzuduna bota zien bertaratutako haurrei, eta pastak oparitu.  

Ekitaldia Galdakaoko Batzokiko musika-bandak girotu zuen, eta dantzaldia egin zen plazan bazkaltzeko ordura arte. Euskal dantzak (ezpata-dantza) eta aurreskua dantzatu zituzten dantzariak ere izan ziren plazan. Udalak inaugurazio-ekitaldira gonbidatu zituen apaiza, gainerako agintariak eta dohaintzak egin zituztenak, azken horiei udalaren lokal berria eraikitzen inongo interes barik lagundu izana eskertzeko.

Gonbidatuek menu gozoa dastatu zuten udaletxeko ekitaldi aretoan: era askotako zizka-mizkak, paella Valentziar erara, azpizuna Bretoi erara, legatza Bilboko erara, oilo-kroketak, oilasko errea letxugarekin, postreak, banilla-izozkia, pastak, gaztak eta frutak, kafea, likoreak eta zigarroak. Menua Morro Negro jatetxeko sukaldearen eskaintza izan zen. 

Eta topa egiteko, xanpaina. Bazkalondoak bidea eman zion erromeriari eta horrek arratsalde osoa iraun zuen. Egun ahaztezina haientzako guztientzako! Mende bat beranduago halakorik ezin ospatu…   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).