Antxon Intxaurtza - musikaria eta soinu-teknikaria

“Batzuetan badirudi agintariek ez dutela gure lana serio hartzen”

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 1a, 13:14

Hogeita lau urteko lezamarra Sakatu elektrotxarangaren eta Mamagigi´s musikaren partaidea da eta, gainera, soinu-teknikari dabil lanean. Ikaslea ere bada, eta azterketa-garaian harrapatu dugu bete-betean. Lanpetuta dabil azkenaldian; hala ere, tartetxoa atera du gure galderei erantzuteko. Nola ez, musika izan dugu solasaldiaren ardatz nagusi. 

Azterketak-eta buru-belarri prestatzen harrapatu zaitugu. Zer ikasten zabiltza?

Txikitatik izan ditut oso gustukoak musika eta soinua. Duela bi urte hasi nintzen ikus-entzunezkoetarako eta ikuskizunetarako soinua ikasten, eta iaz bukatu nuen. Goi-mailako zikloa bukatu, eta pandemiak harrapatu gintuen. Panorama ikusita, irudi eta soinuko goi-mailako zikloa egitea erabaki nuen eta, egia esan, oso pozik nago hartutako erabakiarekin, ezagutzen ez nituen hainbat gauza ikasten ari naiz eta.

Irratian ere bazabiltza. Non? Zertan?

Vinilo FM irratian egiten dut lan. Soinuko lehen ikasturtean nengoela, lagun batek eman zidan han ordezko teknikari moduan sartzeko aukera, eta harrezkero bertan egiten dut lan, berarekin batera, soinu-teknikari eta bideogile moduan. Irrati txikia izan arren, gauza asko ikasi ditut, oso baliotsuak etorkizunerako.

Musikaria ere bazara; Sakatu elektrotxarangaren eta Mamagigi´s taldeko kidea, hain zuzen.    

Musikaria… ez dakit, bada! (kar-kar). Aspalditik nabil Sakatu elektrotxarangarekin Euskal Herriko txoko guztiak astintzen: hasiera batean, trikitia jotzen nuen, baina gaur egun, gitarra. Pena handia izan da elektrotxarangarik eta kontzerturik gabeko uda motela pasatu izana, eta oraindik horren moduko beste uda bat izango dugu aurretik… Baina itxaropentsu gabiltza eta argi dugu pandemiak ez gaituela hilko: patxaranak ezin izan badu, are gutxiago pandemia batek! (kar-kar). Bestalde, aipatu bezala, Mamagigi´s taldeko kidea ere banaiz. Orain dela pare bat urte, taldeko gitarra-jole eta abeslarietako batek taldea uztea erabaki zuen, eta inoiz egin didaten eskaintzarik onena egin zidaten nire lagun maiteek: taldekidea izatea! Gaur egun ez gaude oso aktibo hainbat gauza direla eta; hala ere, disko berri bat grabatzea dugu helburu, prisa barik (kar-kar). Bestalde, beste musika-proiektu batzuetan nabil sartuta, eta laster horren berri izango duzue.

Zerbait aurreratuko diguzu?

Reggae inguruko proiektua da, baina oraindik ez dago erabat finkatuta.

Nola hasi zinen musikan?

Trikitia jotzen ikasi nuen lehenengo eta behin, baina gitarra jotzea beti gustatu izan zait. Hamalau edo 15 urterekin hasi nintzen gitarra jotzen: Angus Young nuen erreferente; hala ere, berarengandik oso urrun nagoela uste dut (kar-kar). Bizpahiru hilean eskola jaso zuen, baina azkenean erabaki nuen nire kabuz jarraitzea, akademietako ikaste-dinamika ez zitzaidalako gustatzen. Sakatu elektrotxaranga izan da nire lehen proiektu serioa; haren aurretik lagunekin jo arren, ez genuen talderik-edo sortu; gozatzeko baino ez genuen jotzen.

“Oraindik iazkoaren moduko beste uda bat izango dugu aurretik, baina itxaropentsu gabiltza”

Oso proiektu ezberdinak dira Sakatu elektrotxaranga eta Mamagigi´s taldea. 

Lagunek eta biok hainbat musika-mota entzun ditugu: rocka, txikitan; punka edota ska, gaztaroan… Euskal Herriko gazte gehienen moduan (kar-kar). Countrya (Mamagigi´s)  eta ska (Sakatu) berdinak ez badira ere, bakoitzak bere xarma du eta bizitzaren momentu ezberdinetan sortutako proiektuak dira: momentu ezberdin bakoitzean gure musika-erreferenteak aldatuz joaten dira, eta proiektu bakoitza momentu ezberdin horien emaitza dira.

Musika arloan, nola bizitzen zabiltza pandemia?

COVIDak gogor astindu ditu musika eta horren ingurua, eta oraindik denbora beharko dugu normaltasun osora bueltatzeko. Sakatu elektrotxarangaren zein Mamagigi´s taldearen kasuan, urtebete baino gehiago da ez dugula kontzerturik egin: ez dugu uste gaur egungo neurriak eta guk publikoari eskaini nahi diogun ikuskizuna bateragarriak direnik; nahiago dugu itxaron. Hala ere, ez dugu datorren udan kontzerturen bat emateko aukera guztiz baztertzen. Bestalde, entseguen kontua ere asko aldatu da. Entseguak Txio aretoan egin ditugu beti, Mankomunitateak Derioko Larrabarri baserrian duen entsegu-lokalean. Lokalaren materialaren eta tresneriaren berritzea dela eta, tirabirak izan ohi ditugu Mankomunitatearekin, lokala oso zahar dagoelako eta materialak 15 urte baino gehiago dituelako. Iaz, pandemia baino lehenago, aurtengo aurrekontua zero eurokoa izango zela esan ziguten arduradunek; eta hori gutxi balitz, lokala iazko martxotik dago itxita. Behin eta berriz eskatu dugu gaur egun indarrean dauden neurriak errespetatuz lokala zabaltzeko, baina erantzun digute ezinezkoa dela, beren ustez, ezin direlako neurriak bermatu. Txorierriko kiroldegiak, kultur etxeak, liburutegiak eta beste gune publiko batzuk zabalik daudela kontuan hartuta, uste dugu arraroa dela hori erantzutea. Ez dugu Mankomunitatearen aldetik interes handirik ikusten, aretoa zabaltzeko eta gaur egungo neurrietara moldatzeko; espero dugun bakarra da lokala zabaltzea, Txorierriko taldeek behar dutelako.

“Gaur egungo neurriak eta publikoari eskaini nahi diogun ikuskizuna ez dira bateragarriak”

Nola etorriko da uda, zure ustez?

Iazkoaren antzekoa izango dela pentsatzen dut. Ulertzen dut egoera honetan ezin direla kontzertuak eta ikuskizunak era masiboan egin, baina kultur arloari buelta eman behar zaio, teknikari, musikari eta pertsona askok bizimodua kulturatik ateratzen dutelako. Urtebetetik gora daramagu egoera honetan eta gauzak ez dira asko aldatu; jasotako laguntzak oso eskasak eta irrealak izan dira. Teknikarion sindikatuaren sorrera lagungarria izan da aspalditik datorren egoera latza azaleratzen, baina, hala ere, ikusten dugunez, ez da nahikoa. Atzerrian dauden lagunek esanda, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan laguntza hobeak dituzte. Hemen, berriz, baldintza asko bete behar dira, kulturako langile askorentzat irrealak direnak, ez dagoelako nolabaiteko hitzarmen zehatzik kulturako langileentzat eta teknikariontzat. Batzuetan badirudi agintariek ez dutela gure lana serio hartzen.

Soinu-teknikari ibilia zara irratitik kanpo?

Kontzerturen batean ibili naiz soinu-teknikari, baina kultura gelditu zenetik irratian baino ez dut egiten lan. Irratian bideoak grabatu eta editatu ere egiten ditut: azkena The Flying Rebollos eta Fastuosos De La Ribera taldeen bideoa izan da, Burning taldearen “Mueve tus caderas”  abestia jotzen; Vinilo FM irratiaren ideia izan da.   

Zer plan dituzu?

Buruan hainbat proiektu ditugu musika arloan. Estudioan ibili gara gauza berriak sortzen eta espero dugu kontzertuak eta jaiak ahalik eta lasterren bueltatzea, denbora honetan sortu dugun musika plazaratu ahal izateko eta musika dagokion lekura itzuli dadin.

“Kulturari buelta eman behar zaio, teknikari, musikari… askok bizimodua handik ateratzen dutelako”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).