Babestutako etxebizitzak bultzatzeko eskatu dio Etorkizuna Eraikitzen plataformak Lezamako Udalari

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 28a, 13:38

Barikuan, Etorkizuna Eraikitzen plataforma aurkeztu zuten Lezaman. Etxebizitzaren aldeko plataforma da eta hura osatzen dute Lezamako Gazte Asanbladak, Moreak eta Lezama Bizirik elkarteek eta hainbat gazte-koadrilatako kideek. Plataformak udalari eskatu dio hirigintza plana egiteko, hirigunean jabetzarako edo alokairurako etxebizitzak eraikitzeko.  

Plataformak etxebizitzari buruzko proposamena egin dio Lezamako Udalari albait arinen hirigintza plana egin dezan. Plataforma eskatu duenez, jabetzarako edo alokairurako etxebizitzak sartu behar dira plan horren baitan, eta babestutako etxebizitzak bultzatu. Horretarako, ezinbesteko jo du legeak 3.000 biztanleko herrietarako eskatzen dituen gutxieneko estandarrak erreferentziatzat hartzea: hiri-lurzoruan, % 40 izatea etxebizitza babestua, eta gutxienez % 20, babes ofizialeko etxebizitza;  lurzoru urbanizagarrian edo urbanizaezinean, % 75 izatea etxebizitza babestua, eta gutxienez % 55 babes ofizialeko etxebizitza. Plataformak ez du etxebizitza-kopuru zehatzik proposatu; hala ere, “badakigu 1988ko arau subsidiarioetatik abiatuta garatu daitekeen planak 100 etxebizitza baino gehiago aurreikusi ditzakeela eta, gure ustez, hori kopuru interesgarria da Lezamako egungo etxebizitza-merkatuaren baldintzak nabarmen hobetzeko”. Plataformaren hitzetan, “herritarron parte hartzeak izan behar du hirigintza-planaren ardatz egituratzailea bai diagnostiko fasean, bai diseinu fasean”.

Plataformak azaldu duenez, Lezaman ez dago etxebizitza babesturik ez jabetzan, ez alokairuan. “Azken bi hamarkadetan etxebizitza libreak baino ez dira sustatu, eta haietako asko dentsitate txikikoak izan dira, baita familia bakarreko etxebizitzak edo txaletak ere. Ondorioz, hiri-lurzoruaren okupazioak ez du ekarri etxebizitzaren eskaintza asko handitzea eta oso prezio handiak egon dira. Gaur egungo etxebizitzen eskaintza urria da, eta oso garestia. Alokairuko etxebizitzen eskaintza oso txikia da, eta Etxebidek kudeatutako programei dagokienez, bat ere ez dago”. Ondorioak oso negatiboak direla esan dute. “Kolektibo garrantzitsuak etxebizitzaren merkatutik kanpo geratu direlako. Gazteak dira baztertutako kolektiborik handiena: beste herri batzuetara bizitzera joan behar izan dute eta behar izaten dute. Errenta alturik ez duten beste kolektibo batzuk ere kaltetu dira, hala nola guraso bakarreko familiak, ezintasuna dutenak eta adinekoak”.

Plataformaren kideek esan moduan, “etxebizitza duina eskuratzea legeak aitortutako eskubidea da. Administrazioak, kasu honetan udalak, ahaleginak egin behar ditu herritarrek eskubide horri heldu ahal izateko. Badakigu Lezamako Udalak baliabideak dituela etxebizitza plana egiteko eta haren barruan babes publikoko eta babes ofizialeko etxebizitzak sartzeko, nahiz eta beste mota batzuetako etxebizitzak ere kontuan hartu daitezen. Esandakoa argi geratu da azken hilabeteetan egin diren bilera publikoetan, azkena udalak berak deituta. Bilera horretan parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren Bizkaiko ordezkariak eta udalari gonbidapena egin zion Lezaman etxebizitza babestua sustatzea sailarekin negoziatzeko”. Plataformaren aburuz, udalak gonbidapena onartu beharko luke eta ordezkaritzara jo, babestutako etxebizitzen plan bat negoziatzeko, erakunde biek eman ditzaketen baliabide publikoetan oinarrituta. Halaber, pentsatzen dute Etxebizitza Ordezkaritzarekin batera aztertu beharko lukeela herriko etxebizitza hutsak mobilizatzeko aukera,alokairu publikoa sustatzeko, horiek Etxebideren programetako batean sartuz.

Bestalde, proposamenean jasotakoaren arabera, plataformak uste du udalak kanpaina bat egin beharko lukeela Etxebiderekin lankidetzan, “etxebizitzaren zerbitzu publikoari buruzko informazioa emateko, zerbitzua sustatzeko eta etxebizitza babestuak –alokairuan edo jabetzan– eskuratzeko izen-ematea bultzatzeko”.  Aurreko lerroetan esandakoa dokumentu batean jaso du Etorkizuna Eraikitzen plataformak eta proposamena alkateari aurkeztu diote.