Irati Ortiz de Anda Martin, aktoreen noizbehinkako ordezkoa

“Ez dut nire burua ordezko moduan betiko lan egiten ikusten”

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 29a, 14:45

Ilargi guztiak pelikula da Igor Legarreta zine-zuzendariaren azken lana, eta Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoan estreinatu zen maiatzean. Filmean, 19 urteko lezamarrak parte hartu du pertsonaietako biren ordezko moduan: Amaia protagonistaren eta Migel umearen ordezkoa izan da eszena arriskutsuetan. Hala ere, ez da zineman egin duen lan bakarra izan.  

Zein eszenatan agertzen zara?

Eszena bi egin ditut Migel umearen ordezko moduan: bata, zuhaitz batetik erortzen, eta bestea, korrika egiten. Amaiaren ordezko moduan, bestalde, hainbat eszena egin ditut: uretan, urpean, ortuan, horma batetik jaisten… Ez ziren haiek egiteko moduko eszenak, arriskutsuak izan zitezkeen eta.

Benetan ziren arriskutsuak?

Nik egiteko, ez. Alturetan ibili behar izan dut, urpean arnasketari eutsi… baina beti sentitu naiz seguru, banekielako ondoan beste pertsona bat nuela, ni babesten.

“Beti sentitu naiz seguru, banekielako ondoan beste pertsona bat nuela, ni babesten”

Lehen aldia izan da film batean ordezko ibili zarela. Nola ailegatu zitzaizun aukera?

Aktore, ordezko, estra… ibiltzeko webgune batean sartu nintzen eta kuriositate hutsez eman nuen izena, zeren denetarik egitera animatu ohi naiz. Hasieran deitu zidaten Amaiaren ordezkoa izateko, baina ezetz esan nien: egun batzuk eman behar nituen filmatzen eta ez nituen hainbeste eskola-saio galdu nahi, zeren unibertsitatean nabil ikasten. Orduan, Migelen ordezkoa izateko proposamena egin zidaten, eta, filmatze laburragoa zenez, baietz erantzun nien. Erabateko konfinamenduaren ondoren, berriro eskaini zidaten Amaiaren ordezkoa izatea: 10 eguneko filmatzea izango zela adierazi zidaten, udan; baietz erantzun nuen. 

Proba berezirik egin behar izan zenuen?

Ez, ez nuen castingik gainditu behar izan. Egun batean argazkiak atera zizkiguten Haizeari (Amaia, filmean) eta bioi batera, ikusteko elkarren antzik genuen, eta beste egun batean Lierren (Migel, filmean) arropa probatu behar izan nuen, ikusteko ondo zetorkidan. Bestalde, zuhaitzetik erortzen naizen eszena monitore batekin entseatu behar izan nuen hura filmatu aurretik.

Nolakoa izan da esperientzia?

Oso-oso aberasgarria eta polita. Alde batetik, zinema munduko jende asko ezagutu dut, baita leku berriak ere, zeren pelikula, besteak beste, Erratzun filmatu da, Nafarroan. Bestalde, ordezkoen lana aurkikuntza handia izan da niretzat, haiek barik filmak ezin izango liratekeelako atera aurrera; egia da ez zaituela inork ezagutzen, baina ni ez naiz horregatik deseroso sentitzen. Gainera, pelikula baten atzean zer nolako lana dagoen ikusteko aukera izan dut, eta egia esan, harritu ninduen benetan, zeren guk pantailan ordu bateko filma ikusten dugun arren, beharbada, urte biko lana egin da eta oso lanaldi gogorrak izan dira, eta batzuetan ezorduetan. Zuhaitzetik erortzen naizen eszenak, esaterako, segundo bat irauten du pelikulan, baina egun oso bat eman genuen hura filmatzeko. Azkenik, jakina, ikasi dudan guztia ere kontuan hartzekoa da, oso baliagarria. 

“Ordezkoen lana aurkikuntza handia izan da: haiek barik filmak ezin izango lirateke atera aurrera”   

Nola konpondu zara aktoreekin?

Haizearekin eta Lierrekin oso-oso ondo. Itziar Ituñorekin oso gutxitan izan naiz, baina Josean Bengoetxearekin eszenak grabatu ditut eta egundoko pertsona da: oso alaia eta beti txantxatan eta laguntzeko prest. Igor Legarretarekin ere, zuzendariarekin, ondo moldatu naiz eta oso eskertuta nago berarekin. 

Zeure burua filmean ikusi ondoren, zer pentsatzen duzu egindako lanari buruz?

Bada, asko gustatzen zait eta oso pozik nago emaitzarekin. Gainera, uste baino gehiago ateratzen naiz!

Pelikula ere gustatzen zaizu?

Asko! Pelikula festibalean estreinatu ondoren –pantaila txikian ikusi genuen bertan–, zinemara joan nintzen pantaila handian ikustera… eta ileak ere zutitu! Oso istorio ona da, apur bat beltza, baina sentimenduekin eta zirrarekin zerikusi handia du, eta originaltasuna. 

Errepikatzeko moduko esperientzia izan da?

Bai, eta, egia esateko, errepikatu egin dut. Pelikulako eszenetako batean pertsona bat erretzen dute eta eszena hori ordezko profesional batek egin zuen. Filmatzera ordezkoen koordinatzaile bat ere etorri zen eta harremanetan ipini ninduten berarekin. Esan zidan nire ezaugarrietako pertsona bat behar izanez gero deituko zidala, eta deitu zidan Amenabarren La fortuna telesailean ordezko ibiltzeko: eszena bat filmatu dut igerileku batean. 

Hortaz, baliteke aukera gehiago etortzea; ordezko profesionala izateko aukera aztertu duzu?

Kirola eta gorputz-jarduera asko gustatzen zaizkit. Horri lotuta, kirol-zientziak eta magisteritza ikasten nabil, izan ere, etorkizunean nire burua irakaskuntzan ikusten dut, kirol-irakasle moduan. Ordezko profesionalek oso eszena arriskutsuak egiten dituzte eta, tira!, horiek ur handiak dira… Era berean, zineman leku batetik bestera ibili behar da filmatzeko, eta ez dakizu datorren astean nondik ibiliko zaren; nik, ordea, errutinak behar ditut bizitzan… Ordezko ibiltzeko aukera hor dago eta ez dut baztertzen, baina bakarrik lan puntualetarako; ez dut neure burua honetan betiko lan egiten ikusten. 

 

Kirolzalea

Lezamarra oso kirolzalea da: futbolean jokatu du eta gaur egun surfa eta apnea egiten ditu, baita menditik korrika ere. “Kirola egitea gustatzen zait eta horrek laguntzen dit ordezko ibiltzeko orduan: surfa egitea, esaterako, lagungarria da uretako eszenak egiteko, eta menditik korrika egitea, sasoi onean egoteko”. Bestalde, areto futboleko umeen entrenatzaile dabil Sondikan, eta solfeo-irakasle Larrabetzuko Musika Eskolan. Pianoa ere irakasten du bere kabuz.