Lezamako EAJk eta EH Bilduk mehatxu larritzat jo dute udalerrian zabortegia egitea

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 13:53

Enpresa sustatzaile batek Lezaman zabortegi bat egiteko interesa adierazi zuen duela hilabete batzuk. Zabortegi hori Euskal Autonomia Erkidegoko edukiera handienekoa izango litzateke. Lezamako Udaleko Osoko Bilkura osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta EH Bilduk, adierazpen instituzionala egin dute egitasmoaren harira. Adierazi dutenez, “proiektua oraingo eta etorkizuneko mehatxu larria da gizarte- eta hirigintza-garapen iraunkorraren itxaropenetarako, bai Lezamarentzat, bai alboko herrientzat”.

URA agentziak egindako kontsulta baten bidez izan zuen Lezamako Udalak enpresa sustatzailearen asmoaren berri. Kontsulta horretan, zabortegiaren kokalekuaren egokitasunari buruz galdetu zuen URAk eta, “udal-talde biak ados, udalak aurkako erantzuna eman zuen”. Gainera, alderdi bien iritziz, gaur egungo arau subsidiarioek ez dute udalerrian zabortegirik eraikitzea onartzen.

Enpresa sustatzaileak berak aurkeztutako txostenean jaso den moduan, azpiegiturak 368.549 metro koadro hartu, eta hauek izango lituzke: hondakinak baliarazteko instalazioa, lurren bankua, bideak eta zerbitzu-instalazioak, lixibatuak tratatzeko gunea, zabortegia, ingurumen-interpretaziorako gela, bulegoak eta aparkalekua. Zabortegiak 3.907.000 metro kubikoko edukiera izango luke eta bertan hondakin geldoak eta ez arriskutsuak hartuko lirateke.

“Beste ondasun natural edo ondare-ondasun batzuen artean, zabortegia egiteak zuzenean eragingo lieke babes berezia duten balio natural handiko lurrei, ondare babestu gisa katalogatuta dagoen Eguskitza baserriari eta Eguskitza ibaiari, desagertzeko arriskuan egongo litzatekeena, izan ere, ibaiaren ibilguaz eta ertzez gainera, zabortegiak bere azeleratzea eta goi-ibarra ere hartuko lituzke”, azaldu dute EAJk eta EH Bilduk adierazpenean. Bestalde, jakinarazi dute ez daudela ados URAk egindako txostenarekin. Dokumentu horren arabera, Eguskitza ibaia “isurketa” da eta, hortaz, “zabortegiaren kokalekuak urei buruzko araudia beteko luke”.

Alderdi biek berretsi dituzte apirileko herri-bileran beren gain hartutako konpromisoak eta neurriak aztertuko dituzte Lezaman “mota honetako egitasmoak ipintzea ekiditeko”. Era berean, konpromisoa hartu dute lezamarrei “proiektuaren bilakaeran interesgarri gerta dakizkiekeen informazio, datu edo izapide guztien berri unean-unean emateko”. Adierazpen instituzionala hauei bidaliko diete: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).