Ainara Erezuma Zubiaur, beganoa

“Espezie guztiok eskubide berberak ditugu, bizitzeko eskubidea”

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 12a, 13:18

Hamazortzi urteko lezamarrak okela gehiagorik ez jateko erabakia hartu zuen 2018ko abenduan. Espezie guztiok berdinak garela uste du, eta, hortaz, espezie guztiok merezi dugula errespetuz tratatuak izatea. Baita bizitza duina ere.

Zergatik erabaki zenuen okela jateari uztea?

Animaliak beti izan ditut gustuko eta, gainera, amama begetarianoa da. Nolanahi ere, faktore erabakigarria izan zen El día que sueñes con flores salvajes eleberria. Paola Calasanz Dulcineak idatzitako istorioa da eta, beganismoari buruzko liburua ez den arren, beganismoa zeharkako moduan azaltzen da bertan, egilea bera beganoa delako. Animalientzako aterpetxe batean bizi den familiaren istorioa da: animaliak hainbat arrazoirengatik ailegatu dira aterpetxera eta animalien eta pertsonen arteko lotura kontatzen da. Liburua irakurtzen amaitu bezain laster, gurasoei esan nien ez nuela berriro okelarik jango. Bestalde, espezismoaren kontrakoa naiz; hau da, pentsatzen dut espezie guztiok eskubide berberak ditugula, bizitzeko eskubidea. Ez naiz inor animalia bat hiltzeko eta gero jateko. Ez dut uste animaliek sufritu behar dutenik.

“Ez naiz inor animalia bat hiltzeko eta gero jateko; ez dut uste animaliek sufritu behar dutenik”

Beganoen dieta aspergarria den ustea dago, horrela da?

Nik denetarik jaten dut, esaterako, era askotako entsaladak, barazkiak, lekaleak, haziak, tofua, kuskusa… Errezeta batzuk ikasi ditut, baina ez dut normalean arazorik izaten: hozkailuan eta sukaldeko armairuetan zer dagoen begiratu eta berehala prestatzen dut jatekoa. Osagaiak nahastea gustatzen zait. Gainera, gero eta produktu begano gehiago daude janari-dendetan, adibidez, hanburgesak; dena dela, horiek ahalik eta gutxien jaten saiatzen naiz, produktu prozesatuak direlako.

Etxean badago eztabaidarik?

Gurasoak apur bat harritu ziren erabakia jakinarazi nienean, baina, egia esan, normal-normal hartu dute. Are gehiago, orain lehen baino askoz haragi gutxiago jaten da etxean. Bestetik, ingurumen-zientziak ikasten nabil Gasteizen eta, beraz, nire jatekoa neuk prestatu ohi dut.

Eta lagunekin? Zaila da bazkariak-eta antolatzea?

Gero eta jatetxe gehiagok eskaintzen dituzte plater beganoak eta beti dago zer jan, entsalada soil bat bada ere. Lagunek ulertzen dute nire erabakia. Gainera, haietako bat ere beganoa da, eta beste bat, begetarianoa. Ez dago liskarrik gure artean; begirunezko eztabaidak, ordea, bai. Eztabaidak gustatzen zaizkit, pentsatzen dudalako baliagarriak izan ahal direla baten batek hausnarketa egiteko eta sikiera okela gutxiago jateko. Lagunak kontzientziatzen ahalegintzen naiz, okela- eta arrain-industriaren atzean zer dagoen jakin dezaten.

“Eztabaidak gustatzen zaizkit, baliagarriak izan ahal direlako baten batek hausnarketa egiteko”

Zer dago horien atzean?

Oso industria krudelak dira: animaliak argia ikusi barik hazten dira, oso leku txikietan, txahalak goiz-goiz aldentzen dituzte behiengandik, esnea ekoizteko… eta arrain-haztegiak ere ez dira leku hobeak. Horren harira, bi dokumental ikusteko gomendioa egin nahi dut: Seaspiracy eta Cowspiracy. Oso industria kutsakorrak ere badira. Halarik ere, egia da aldea dagoela ohiko baserrien eta ustiategi erraldoien artean.

Hobeto sentitzen zara beganoa zarenetik?

Hobeto sentitzen naiz, gauzak nire ideologiarekin bat etorrita egiten ditudalako. Osasunaren aldetik ere ondo nago, eta egindako analisiak beti izan dira onak. Beganook proteina-eskasia dugula pentsatzen da, B12 bitamina falta zaigula… Baina proteina-falta edozein dietatan egon daiteke, orojaleen dietan ere bai, denetarik jaten ez bada. Gakoa da zer jan behar duzun jakitea. B12 bitaminari dagokionez, nik osagarri bat hartzen dut. Bitamina hori animaliak janda hartzen da; halere, gaur egun euren elikadura dela-eta animalia batzuek ere bitamina horren falta dute eta osagarriak ematen dizkiete.

“Hobeto sentitzen naiz, gauzak nire ideologiarekin bat etorrita egiten ditudalako”

Analisiak onak izanda, medikuarekin ere eztabaidarik ez?

Ez. Behin nutrizionista batengana joan nintzen, gurasoak kezkatuta zeudelako nire dietarekin. Nutrizionista hark esan zidan berak ez zidala gomendatzen dieta beganoa hartzea, zeren eta bere iritziz beste jateko batzuk ere beharrezkoak baitziren nire adineko pertsona batentzat. Aitortu behar dut ez naizela nutrizioan aditua, baina beste nutrizionista batzuei entzun diet beganismoa bizitzaren etapa guztietan dela egokia eta gomendagarria.

Okela jateko tentaziorik izan duzu inoiz?

Ez dut ukatuko noizbait txuletoi bat jateko gogoa izan dudala, baina ez dut jan, gogoaren gainetik nire ideologia dagoelako. Baina, egia esateko, hasi naiz okela gorpua balitz moduan ikusten… Beharbada, donutsen, pastelen… falta sentitzen dut gehiago; edozelan ere, gaur egun ez da arazoa, pastel beganoak saltzen dituzten dendak daudelako eta nik ere egiten ikasi dudalako.

Arropa beganorik erabiltzen duzu? Bestelako produkturik?

Nahiz eta urte bi eta erdi hauetan akatsak egin ditudala ziur nagoen, ahaleginak egiten ditut, adibidez, larruzko arroparik ez erabiltzeko. Kosmetikako produktuei dagokienez, hala nola xanpua eta abar, produktuak animaliengan probatzen ez dituzten markak daude, eta animalia-jatorriko osagairik erabiltzen ez dutenak.

Garestia da beganoa izatea?

Uste hori zabaldu da, baina ni ez nago guztiz ados. Garestia da zure dieta zein den. Hau da, batez ere ortuariak jaten badituzu, merkeagoa izango da; beti hanburgesak janez gero, garestiagoa. Lekaleak ere merkeak dira.

Merezi du?

Bai, gauza guztien gainetik gainerakoen bizitza errespetatzea dagoelako.

Zein da lehen urratsa okela gutxiago jateko, edo behintzat saiatzeko?

Ondo informatuta egotea ezinbestekoa da, izan ere, jaten dugun gehiena nondik datorren ere ez dakigu. Kontzientziatuta egotea ere inportantea da. Nire kasuan, adibidez, uste dut kontzientziatuta egon ezean zailago izango nuela okela jateari uztea. Badakit ez dela erraza egun batetik bestera haragi gutxiago jatea, baina saiatu daiteke, eta konturatu zein den industria honek animaliei, ingurumenari eta batzuetan langileei ere ekartzen dieten kaltea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).