Aitor Lejarraga eta Ander Pequeño

“Gazteoi ez zaigu herrian bizi izateko aukera eskaintzen”

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 5a, 09:30

Etorkizuna Eraikitzen plataformaren kideak

Etxebizitzaren aldeko plataforma ekainean aurkeztu zuten jendaurrean. Hura Lezamako zenbait elkartek eta herritarrek osatzen dute eta udalari eskatu diote hirigintza-plana egiteko, herrian jabetzarako edo alokairurako etxebizitzak eraikitzeko. Lejarraga eta Pequeño kideetako bi dira eta, gazteak diren heinean, etxebizitza-eskasiak zuzeneko eragina du haiengan.

Zuen ustez, zeintzuk dira etxebizitza arloan Lezaman dauden beharrizanak?

Azken bi hamarkadetan bakarrik etxebizitza libreak sustatu dira eta horietako asko dentsitate txikikoak izan dira, baita familia bakarreko etxebizitzak edo txaletak ere. Horren ondorioz, hiri-lurzoruaren okupazioak ez du etxebizitzaren eskaintza asko handitzea ekarri, eta, hortaz, prezioak oso altu mantendu dira. Gaur egun salgai dauden etxebizitzen eskaintza urria da, eta oso garestia. Alokairuko etxebizitzen eskaintza ere oso txikia da, eta Etxebidek kudeatutako programei dagokienez, bat ere ez dago.

“Salgai dauden etxebizitzen eskaintza urria eta oso garestia da; alokairuaren eskaintza ere oso txikia da”

Lezaman hirigintza-plana albait arinen egiteko eskatzen duzue, nolakoa izan beharko luke?

Etxebizitza duina eskuratzea legeak aitortutako eskubidea da. Administrazioak, kasu honetan udalak, ahaleginak egin behar ditu bere bizilagunek eskubide horri heldu ahal izateko. Lezamak 3.000 biztanle baino gutxiago ditu eta, ondorioz, ez ditu herri handiagoek derrigorrean bete behar dituzten eraikitze-baldintzak bete behar; baina, gure ustez, etxebizitzak egiteko orduan, Lezamak gutxienez 3.000 biztanletik gorako herriek bete beharreko legedia bete beharko luke. Hau da, etxebizitza babestua % 40 izatea hiri-lurzoruko garapenetan, eta % 75, lurzoru urbanizagarrietan edo urbanizaezinetan. Etxebizitza-kopuruari dagokionez, kopuru zehatzik proposatzen ez badugu ere, badakigu 1988ko arau subsidiarioetatik abiatuta garatu daitekeen plan batek 100 etxebizitza baino gehiago aurreikusi ditzakeela, eta, gure iritziz, kopuru interesgarria da Lezamako egungo etxebizitza-merkatuaren baldintzak nabarmen hobetzeko. Bestalde, oso garrantzitsutzat jotzen dugu herritarron parte hartzea izatea hirigintza-planaren ardatz egituratzailea, bai diagnostiko-fasean, bai diseinu-fasean.

“Etxebizitza babestuak % 40 izan beharko luke hiri-lurzoruetan; % 75, lurzoru urbanizagarrietan edo urbanizaezinetan”

Zuen ustez, proposamen hori aurrera eramateko baliabiderik badago Lezaman?

Baliabideak egon badaude. Udalak deitutako bileretako batean alkateak berak komentatu zuen lurzorua bazegoela eraikitzeko, eta kontuetan ere dirua zegoela behintzat eraikitzen hasteko.

Nola bizi duzue gazteek egoera?

Amorruz. Nahiz eta etorkizunean Lezaman bizi nahi dugun, gure errealitatea beste bat da, ez zaigulako aukera hori eskaintzen. Hortaz, adin konkretu batera helduta, zure betiko herritik alde egin behar duzu, eta berriz ere zerotik hasi, horrek dakartzan arazo eta ondorioekin. Hogeita hamar urteren bueltan gabiltzan plataformako kideok badakigu Lezaman etxebizitza berria erostea urte dezenteko gauza izango dela, baina atzetik datozen gazteek guk jasandakoa ez pairatzea nahiko genuke, eta horretarako etxebizitza berriak bultzatzea funtsezkoa da, etxebizitzak ez baitira egun batetik bestera eraikitzen.

Zer-nolako ondorioak ekarri litzake herrian etxebizitza babesturik ez bultzatzeak?

Ondorio larriak. Herri batek izan dezakeen ondasun eta indar handiena galtzea eragingo luke: gazteen ekarpena. Biztanleriaren zahartze-prozesua egongo da eta zerbitzuak ere gero eta eskasagoak izango dira, horrek dakarren galera ekonomikoa gehituta.

“Etxebizitza babesturik ez bultzatzeak eragingo lezake herriaren ondasun handiena galtzea: gazteen ekarpena”

Bilera batzuk egin dira etxebizitza-arazoaren harira, eta haietako batean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ere hartu zuten parte. Zein ondorio atera duzue?

Gustatuko litzaiguke aurrerapausoak egiten behingoz hastea. Batzarrek publikoki oihartzuna izan dezakete, baina batzar hori egin zenetik hona udalak ez du ezer esan. Aukerak egon badaude, lurzoru zein ekonomia aldetik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak bere burua publikoki eskaini zuen babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko erraztasunak emateko, eta udalak ere baieztatu zuen eraiki nahi dituela. Baieztapena ondo jaso genuen, baina ez ditugu epe luzeak nahi, albisteak baizik.  

Plataforma duela hiru hilabete aurkeztu zenuten jendaurrean. Zeintzuk dira orain arte egindako urratsak?

Ahalik eta jende gehienengana heldu nahi dugu. Uda sasoi gatza da biztanleriarengana heltzeko, baina proiektua martxan da eta ez dago atzera egiterik. Zerbitzua eskainiko dugu Lezamako edozein biztanlek gai honen inguruan dituen zalantzak argitzeko. Etxebiden izena emateko erraztasunak eman ditugu eta ematen jarraituko dugu, batik bat beharrizana azaleratzeko aukera bakarra delako.  

“Zerbitzua eskainiko dugu Lezamako edozein biztanlek gai honen inguruan duen zalantza argitzeko”

Eta zein izango da datozen hilabeteetarako ibilbide-orria?

Uda bueltan hasi gara berriz ere batzarrak egiten, hurrengo hilabeteetako lana antolatzeko: orain arte egindakoa ez da nahikoa eta lanean jarraitu behar dugu. Udalean idatzi bi aurkeztu ditugu eta udalarekin elkartzeko asmoa dugu, baina euren erantzunaren zain gaude. Elkarlanean aritzea beharrezkoa dela uste dugu: helburu berberari begira lan egin behar dugu, herriak behar duelako. 

“Elkarlanean, helburu berberari begira lan egin behar dugu, herriak behar duelako”

 

Elkarte heterogeneoa

Etorkizuna Eraikitzen plataformaren baitan herriko zenbait talde eta lagun daude: Gazte Asanblada, Moreak, Lezama Bizirik eta herriko gazte batzuk. “Ahalik eta kolektibo gehien biltzea dugu helburu, etxebizitzaren arazoa ez dugulako soilik gazteok pairatzen: adineko herritarrek, elbarrituek eta alargunek ere arazoak dituzte Lezaman etxebizitza duina eskuratzeko. Ateak beti ditugu zabalik herritar berrientzako; beraz, interesik badago, etorri lasai gugana”. Plataformak badaki, bere helburua lortzeko, bide luzea duela aurretik. “Biltzen hasi ginen lehen egunetik bertatik argi izan genuen ez zela egun bateko lana izango; hau da, nahiz eta helburua argi izan, bide luzea dago helmugara ailegatzeko. Era berean, argi genuen lehen pausoak argiak izan behar zirela. Zenbat eta aukera edo baliabide gehiago izan horretarako, askoz hobeto”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).