Alaia Gomez Luque, arkitekturaren ikaslea

“Arkitektoen ardura ere bada karbono-aztarna gutxitzea”

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 11a, 11:36

Institutuan zebilela konturatu zen interes handia zuela diseinuan, teknologian, eraikuntzan, artean eta sormenean. Arkitektura da diziplina horiek guztiak uztartzen dituen karrera eta horrexegatik aukeratu zuen. Gainera, diseinu arloan motz ez gelditzeko, 21 urteko lezamarrak gradu bikoitza egitea erabaki zuen: Arkitekturaren oinarriak eta Diseinu integrala eta irudiaren kudeaketa. Madrilen dabil ikasten, Rey Juan Carlos unibertsitatean.

“Arkitekturatik gehien gustatzen zaidana da diziplinarteko lanbidea dela: era askotako hainbat gairi buruz ikasteko aukera ematen du eta etengabeko bilakaeran dago; hortaz, atzetik gatozenoi garatzeko eta hobetzeko aukera berriak ematen dizkigu”, azaldu digu. “Ez nekien karrera teknikoegia izango ote zen eta, badaezpada, Arkitekturan ez ezik Diseinu Integralean ere matrikulatzea erabaki nuen. Egia esan, azken hori ez da espero nuena, nire ustez, marka sortzean eta identitate korporatiboan arreta handiegia ipintzen delako; aitzitik, oso gutxi ikusi dugu barne-diseinuari buruz. Ahal dela, gradu bikoitza bukatu eta barne-diseinuari buruzko masterra-edo egitea gustatuko litzaidake”.  

“Arkitekturatik gehien gustatzen zaidana da diziplinarteko lanbidea dela”

Sei urteko gradu bikoitza da eta lezamarra hirugarren mailan dago. “Ikasturterik ikasturte, ikasgaiak praktikoagoak dira, baina oreka dago teoriaren eta praktikaren artean; bosgarren urtean egiten dira praktikak enpresetan. Karrera hasi baino lehen pentsatzen nuen batez ere marrazketa teknikoa ikasiko genuela, baina antropologia, ergonomia, anatomia, filosofia... ere ikasten dugu. Izan ere, esaterako, zinema-areto bat diseinatu behar baduzu, zinemari buruz ere jakin behar duzu, baita matematikei buruz ere”.

Oraindik ez du argi zein arlotan lan egin nahiago lukeen. “Arkitekturaren eta diseinuaren esparru asko gustatzen zaizkit, baina momentuz ez dut oso-oso gustuko dudan arlorik topatu; beraz, saiatuz joango naiz. Etxebizitzak edo gune txikiak garatzea interesatzen zait gaur egun, agian, orain arte gehienbat horiek jorratu ditugulako; karreran aurrera egin ahala handitzen da proiektuen zailtasuna –eraikin publikoak, etxe orratzak…– eta ez dakit etorkizunean haienganako interesik izango dudan… Nolanahi ere, egiten dudana egiten dudala, argi dut oso kontuan hartuko ditudala ingurumenarekiko arduratsuagoak eta kontzienteagoak diren eraikuntza eta diseinua: materialengatik edota eraikinak nola eraikitzen eta nola eraisten diren moduagatik, eraikuntza da gehien kutsatzen duten sektoreetako bat eta, nire ustez, arkitektoen ardura da hori kudeatzea eta karbono-aztarna gutxitzea”.

“Oso kontuan hartuko ditut ingurumenarekiko arduratsuagoak eta kontzienteagoak diren eraikuntza eta diseinua”

Aipatu digunez, etengabeko informazio-fluxua jasotzen dute arkitektoei, estiloei, joerei… buruz, eta horren eraginez konturatu da arkitektura organikoan interes handia duela. “Arkitektura modernoa linealagoa da, zurruna, lerro zuzenak ditu, kuboak, triangeluak…; arkitektura organikoa, berriz, lerromakurragoa da eta natura ekartzen dit gogora. Orain arte egindako proiektuetan azken arkitektura-mota horretara jo dut eta gauza organikoak eta lerromakurrak egin ditut… Ez dakit iparraldekoa izateak eraginik izango duen! (kar-kar). Hala ere, egia da arkitektura organikoa zailagoa dela diseinatzen eta eraikitzen”.

“Arkitektura organikoan dut interesa: lerromakurragoa da eta natura ekartzen dit gogora”

Estetikatik haratago

Arkitekto bat esan beharko balu, Zaha Hadid esango luke. “Arkitekto asko dira aipagarriak, baina bera aipatuko nuke, arkitektura organikoa hain zuzen jorratzen duelako. Interesgarria da arkitektoek egin dutena aztertzea, zertan asmatu duten eta zertan huts egin”. Bidaiatu ahal izateak eta beste herri batzuetako arkitekturatik ikasi ahal izatea ere eragingarri handia da lezamarrentzat. “Nire iritziz, Europako arkitektura oso deigarria da. Hego Amerikakoa ere interesgarria da eta gustatuko litzaidake Asiatik bidaiatzea eta bertan lan egitea, uste dudalako hango arkitekturatik ere asko ikasi ahal dudala. Karrera bukatzen dudanean nahiko nuke hainbat herrialdetan lan egin, ikasteko eta gure arkitektura are gehiago aberasteko”.

“Hainbat herrialdetan lan egin nahiko nuke, ikasteko eta gure arkitektura are gehiago aberasteko”

Gaztearen esanetan, arkitektoek estetikari begira lan egiten duten ustea dago, baina euren eginkizuna askoz haratago doa. “Azken batean, arkitektura da arazo bati konponbidea ematea eta gune bat optimizatzea, pertsonek zinema, anbulatorioa, etxebizitza… ahalik eta ondoen erabili ahal izateko. Are gehiago, pentsatu behar da toki hori nola garbitu edo eraikin bat nola diseinatu, hura lurrera bota behar izanez gero, ingurumen-inpaktua gutxitzeko”.

Azterketak egin ditu urtarrilean eta ondo atera zaizkiola esan digu. “Karrera zaila da: gradu bikoitza 14 lagunek hasi genuen eta gaur egun zazpi gaude. Oso ahalegin handia eskatzen duen karrera da eta gustatu behar zaizu; bestela, ez duzu bukatzen”. Madrilera ikastera joan zen, Rey Juan Carlos unibertsitatea baita gradu bikoitza egiteko aukera ematen duen unibertsitate bakarra. “Erronka akademikotzat zein pertsonaltzat hartu nuen erabakia”. Denboraldi batean Fuenlabradan bizi ondoren, Aranjuezen du bizilekua gaur egun, Madrilgo erdigunetik 45 minutura hegoaldera. “Bertan ez dago mugimendu handirik, ezta erdiguneak duen aisialdi-aukera zabalik ere, baina leku lasaia da, eta berdea. Lagun batekin bizi naiz, eta denbora librea dudanean saiatzen naiz Madrilgo lagunak ikusten; edo erdigunera joaten gara plan ezberdinen bat egitera, edo Aranjuezen bertan gelditu”. Aitortu du lehen gehiago etortzen zela Lezamara. “Ikasgaiak gero eta zailagoak dira eta, ondorioz, gero eta asti gutxiago dut etxera joateko. Baina ahalegintzen naiz Lezamara gutxienez bi hilabeterik behin joaten senideak eta lagunak ikusteko”.          

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).