Lezamako Udalak eskatutako txosten baten arabera, zabortegiaren proiektua bideraezina da

Aikor aldizkaria 2022ko api. 29a, 14:35

Promociones Zubiarraun enpresak Lezaman zabortegia egiteko interesa adierazi zuen iaz. Zabortegia 4. industrialdean eraikitzeko asmoa du, 27. eta 28. zenbakietako katastro-lursailetan hain zuzen ere, Eguskitza errekaren bi ertzetan eta Asua ibaiaren arroan. Ingeotyc aholkularitzaren txostenaren arabera, zabortegia bertan egitea bideraezina da, ez dituelako hurrengo arau hauek betetzen: lurralde-antolamendukoak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legeriari lotutakoak. Lezamako Udalak txostena kontuan hartzeko eskatu dio URAri.

Promociones Zubiarraun enpresak URA Uraren Euskal Agentziari galdetu zion proiektuaren bideragarritasunari buruz, eta azken horrek egindako txostenaren arabera “Uraren Araudia betetzen du”. Bestalde, URAren txostena jaso ondoren eta EAJk eta EH Bilduk hala adostuta, Lezamako Udalak Ingeotyc ingeniaritza-enpresari eskatu zion azpiegituraren bideragarritasunari buruzko txosten teknikoa egiteko. Txosten horretan jasotako alderdien arabera, aurreko lerroetan esandako eremuan zabortegia egitea bideraezina da, ez baitira betetzen, besteak beste, lurralde-antolamenduko arauak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legeriari lotutakoak.   

Udalak eskatutako txostenean adierazi dutenez, “zabortegiak eragina izango du Nekazaritzako eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko kategoria duten lurzoruetan. Gainera, Lezamako Plangintzako Arau Subsidiarioek debekatzen dute Eguskitza errekaren arroan horrelako zabortegia egitea, izan ere, hango lursailak paisaia babesteko eremutzat jo dira eta ibarbideak babesteko araudiaren menpe daude”.

Era berean, txostenaren egileen ustez, eta sistema hidrologikoa babesteari dagokionez, proiektuak ez lituzke URAren irizpideak beteko, “errekaren jariatzeak 0,58 kilometro koadro hartzen dituelako, jariatze iraunkorra baita eta XX. mendean ur-hornidura publikoaren parte ziren iturburuak eta hartuneak baititu”. Horrezaz gainera, azaldu dute 118/2006 Foru Dekretuak errekaren ibilgua babesten duela (dekretu horren bidez Bisoi Europarraren Kudeaketa Plana onetsi zen, Bizkaian galtzeko arriskuan dagoen espezie hori babesteko), eta, Loiuko aireportuaren eremuan egongo litzatekeela kontuan hartuta, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak ez lukeela zabortegiaren altuera onartuko.

Lezamako Udaleko udalbatzak URAri aho batez eskatu dio Ingeotyc enpresak egindako txostena kontuan hartzeko eta beste txosten bat egin dezala, udalerrian zabortegia eraikitzeko bideragarritasuna aztertzeko. Eskaera Bizkaiko Foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere egin die. Bestalde, maiatzaren 5ean bilera egingo da kultura-aretoan txostena jendaurrean aurkezteko.

Proiektua

Enpresa sustatzaileak berak aurkeztutako txostenean jaso den moduan, azpiegiturak 368.549 metro koadro hartu, eta hauek izango lituzke: hondakinak baliarazteko instalazioa, lurren bankua, bideak eta zerbitzu-instalazioak, lixibatuak tratatzeko gunea, zabortegia, ingurumen-interpretaziorako gela, bulegoak eta aparkalekua. Zabortegiak 3.907.000 metro kubikoko edukiera izango luke eta bertan hondakin geldoak eta ez arriskutsuak hartuko lirateke.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).