Lezama Bizirik elkarteak bilerara deitu du astelehenerako, zabortegi-proiektuari aurre egiteko herri-ekimenak aztertzeko

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 3a, 10:07

Lezama Bizirik auzo elkarteak bilerara deitu die herriko eragile sozial eta politiko guztiei. “Lezaman, Egustitza inguruan, zabortegi handi bat jartzeko aukerari buruzko albisteek guztiok kezkatzen gaituzte. Udalak aurka dagoela adierazi du, eta hainbat izapide egin. Baina, mehatxu larri honen aurrean, uste dugu agian sobera ez dagoela herriko bizitza soziala dinamizatzen dugun kolektibook aztertzea egitasmoak nola eragiten digun eta zerbait egin ditzakegun”. Hitzordua astelehenean, ekainak 6, ipini dute 19:30ean, Uribarri Topalekuan.   

Bileraren helburua da informazioa elkarri ematea eta proiektuari aurre egiteko aukerak aztertzea. “Aurkezten diren proposamenak aztertzen saiatuko ginateke. Gure aldetik, hau proposatzen dugu: adierazpen publiko amankomuna adostea eta Eguskitzako ingurune mehatxuan, ekainaren 11n, jai- eta aldarrikapen-ekimenen bat egitea”.

Promociones Zubiarraun enpresak Eguskitza errekaren inguruan zabortegia egiteko interesa adierazi zuen iaz. Enpresa sustatzaileak berak aurkeztutako txostenean jaso den moduan, azpiegiturak 368.549 metro koadro hartu, eta hauek izango lituzke: hondakinak baliarazteko instalazioa, lurren bankua, bideak eta zerbitzu-instalazioak, lixibatuak tratatzeko gunea, zabortegia, ingurumen-interpretaziorako gela, bulegoak eta aparkalekua. Zabortegiak 3.907.000 metro kubikoko edukiera izango luke eta bertan hondakin geldoak eta ez arriskutsuak hartuko lirateke. Enpresak URA Uraren Euskal Agentziari galdetu zion proiektuaren bideragarritasunari buruz, eta azken horrek egindako txostenaren arabera “Uraren Araudia betetzen du”.

Enpresaren asmoa ezagutu, eta hasiera-hasieratik kezkatuta eta egitasmoaren aurka azaldu da Lezama Bizirik elkartea. “Euskadiko handiena izango litzateke eta aritmetikoki konponbidea emango lioke autonomia erkidegoko industria-hondakinetarako defizitari. Zabortegiak lau milioi metro kubiko hondakin hartzeko edukiera izango luke, Zaldibarreko zabortegiaren bikoitza hain zuzen, eta jaso litezkeen hondakinen kalifikazio bera. Eguskitza ibaiaren goi-arro osoa hartuko luke, eta, ondorioz, erreka ia desagertuko litzateke. Proiektuaren gaineko dokumentazioa egin du autonomia erkidegoko zabortegien proiektu nagusiez –Zaldibar, Mallabia…–  arduratu ohi den ingeniaritza-enpresak eta, hori dela eta, gaia serioa izan daitekeen ondorioa atera dugu”, azaldu zuten iaz.

Udal-txostena

Lezamako Udalak ere egitasmoaren aurkako jarrera argia adierazi du. Udaleko Osoko Bilkura osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta EH Bilduk, proiektua “oraingo eta etorkizuneko mehatxu larritzat” jo zuten “gizarte- eta hirigintza-garapen iraunkorraren itxaropenetarako, bai Lezamarentzat, bai alboko herrientzat”. Bestalde, URAren txostena jaso ondoren eta EAJk eta EH Bilduk hala adostuta, Lezamako Udalak Ingeotyc ingeniaritza-enpresari eskatu zion azpiegituraren bideragarritasunari buruzko txosten teknikoa egiteko. Txosten horretan jasotako alderdien arabera, esandako eremuan zabortegia egitea bideraezina da, ez baitira betetzen, besteak beste, lurralde-antolamenduko arauak, planteamendukoak eta ingurumena babesteko legeriari lotutakoak.  

Txostenean azaldu denez, “zabortegiak eragina izango du Nekazaritzako eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko kategoria duten lurzoruetan. Gainera, Lezamako Plangintzako Arau Subsidiarioek debekatzen dute Eguskitza errekaren arroan horrelako zabortegia egitea, izan ere, hango lursailak paisaia babesteko eremutzat jo dira eta ibarbideak babesteko araudiaren menpe daude”.

Era berean, txostenaren egileen ustez, eta sistema hidrologikoa babesteari dagokionez, proiektuak ez lituzke URAren irizpideak beteko, “errekaren jariatzeak 0,58 kilometro koadro hartzen dituelako, jariatze iraunkorra baita eta XX. mendean ur-hornidura publikoaren parte ziren iturburuak eta hartuneak baititu”. Horrezaz gainera, azaldu dute 118/2006 Foru Dekretuak errekaren ibilgua babesten duela (dekretu horren bidez Bisoi Europarraren Kudeaketa Plana onetsi zen, Bizkaian galtzeko arriskuan dagoen espezie hori babesteko), eta, Loiuko aireportuaren eremuan egongo litzatekeela kontuan hartuta, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak ez lukeela zabortegiaren altuera onartuko.

Lezamako Udaleko udalbatzak URAri aho batez eskatu zion Ingeotyc enpresak egindako txostena kontuan hartzeko. Eskaera Bizkaiko Foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere egin zien.