Zer da Gure Zirkua?
Magia eskaintzen duen familia bat da Gure Zirkua. Saiatzen gara atontzen, polita jartzen, musikarekin mimatzen… Azken finean, gozatzen. Gozatzeko ez da behar arriskuak hartzea, ez du merezi.
Gure Zirkua sortzea erabaki zenuten duela bost urte. Zelan?
2017ko urrian bost emanaldi eman genituen, kamioirik gabe. Horrela lortu genuen hesiak eta egurrak margotzea. 2018ko ekainean erosi genuen kamioia, bigarren eskukoa; eta orduantxe hasi ginen ibilian.
Zelan otu zitzaizuen euskal zirkua gorpuztea?
Aldaketa garaia zen niretzat, 40 urteko krisialdian nengoen. Lehendik ere, pailazo emanaldiak genituen (urtean 80 bat), eta antzerkiarekin nahikoa nuen. Pailazo-kidea hil zitzaidan, eta aldaketa beharra nuen. Txikitatik asko ikusi dut zirkua, baina ezinezkoa zela uste nuen… Norekin hitz egin behar da zirkua egiteko? Eta itxaron gabe, sortzea erabaki nuen. Garai hartan Allí abajo telesailean nengoen, eta soldata hori horretarako erabiltzea erabaki nuen. Azken finean, gure hizkuntzan eta gustatzen zaigunean egiten dut lan: gurasoek zoriontzen gaituzte, umeek gurekin argazkiak atera nahi dituzte… Oso esker oneko lana da, ni horrela zoriontsua naiz. Ez nuke sinatuko bestelako lanik orain.
"Oso esker oneko lana da, ni horrela zoriontsua naiz. Ez nuke sinatuko bestelako lanik orain"
Pandemiak ere ez du zuek geratzea lortu.
Pandemia garaian Arrasaten egon ginen hilabete eta erdiz. Albisteak eta egoera egun batetik bestera aldatzen zirenez (herrietako mugikortasun mugak eta abar) zirkua bi lekutan finkatzea erabaki genuen.
Zirkuaren munduan euskara erdigunera ekarri duzue.
Euskal Herrian zirkua egiten duen jende asko dago. Emanaldi propioak dituzte, baina zirku formatuan ez dago besterik. Gurea erakusleihoa da artista askorentzat zentzu horretan. Gure Zirkuak egonkortasun ekonomikoa ematen die artistei, astero-astero emanaldiak ditugulako. Dena den, buruhaustea ere bada zirkua, baina dena partekatzen dugu taldean: emanaldi proposamenak, karabanak, kamioia, karpa…
Belaunaldiartekotasuna ere bada zuen ezaugarrietako bat.
Bai. 47-48 urteko artistak ere baditugu, Londresen, Japonian zein Los Angelesen aritu dira zirkua egiten, eta euren ibilbideko azken txanpa norbere herrian egitea ederra da. Bestetik, gure neska-mutilak ditugu, jolastera datozenak eta emanaldian ateratzen direnak gero.
Ahalduntze prozesu bat eskaintzen du Gure Zirkuak, beraz.
Bai. Ibonen alabak, Maddik, abestea gogoko du, eta beste pauso bat egin du: orain hasi da aitarekin batera hiru pieza kantatzen. Gero nahi duena egingo du: kazetaria, irakaslea edo iturgina, baina bitartean goza dezala. Esperientzia ez zaio ahaztuko!
Lezama altxatu duzue karpa. Zerekin egingo dute topo ikusleek?
Gure Zirkuko poza, magia eta esentzia mantendu behar dira, baina berritasunak eskaini behar dira. Aurten, dekoratua aldatu dugu. Eboluzioa bistakoa izan arren, ez ditugu hasierako inozentzia, maitakortasuna edo xarma galdu behar.
Eta zer ez dute ikusiko? Karparen inguruan eta atzean zer nolako bizimodua dago?
Karpan ikusten dena Gure Zirkuaren isla da: hemen elkarbizitza handia dago, dena egiten dugu elkarrekin. Oso erreala da gure zirku bizitza, eta magikoa. Hemen lan handia dago, baserria bezalakoa da: mantenu lan asko dago, entrenamenduak, janaria prestatzea… Dena den, saiatzen gara asteburuak guretzat ere berezi bilakatzen: ostiral gauean pizza afaldu, eta gaur brokolia. Antolaketa handia dago: astelehen goizetan umeak eskolara eramateko antolatzen gara, edo baten batek medikura joan behar badu… Lasai-lasai gaudenean ere beti dago zer hobetu.
“Zirkua baserria bezalakoa da: lan eta antolaketa handia dago. Gure Zirkua geratzeko eta aldatzeko etorri da”
Gure Zirkuaz gain, udan, tailerrak antolatzen hasi zarete. Bada harrobirik.
Bai. Umeek egin behar dutena jolastea da, esperimentatu eta deskubritzea. Zirkuak gauza asko ematen dizkizu: ezinezkoa zela uste zenuena egitea (kable gainean ibiltzea kasu). Horrek ematen duen konfiantza sekulakoa da. Musika gehitzean, gainera, irudimena lantzen dute, eta musika entzuten ikasi; eta azkenean, gauzak sortzen hasten dira. Eskola askotatik deitzen gaituzte.
Duela bost urte erabaki zenuen Gure Zirkuaren ametsa betetzea. Hamar urte barru, zer gustatuko litzaizuke bilakatzea?
Porrotxek behin hala esan zidan: "Oso ondo, Iker! Baina orain honi eutsi egin behar zaio!" (kar-kar). Gure Zirkua izena horregatik jarri genuen. Biharko egunean, 70 urterekin, berdin-berdin etorriko naiz hona esketxa egiteko eskatzen; edo agian ez didate utziko. Hau geratzeko eta aldatzeko etorri da. Kamioia izorratuko da, baina etorriko da beste bat. Hobetzen jarraituko du, eta gauza asko egiten. Gure Zirkua ikustera euskaldunak etortzen dira, baina akaso mundura atera beharko da nozbait: Zergatik joango dira trikitilariak Boisera eta Gure Zirkua ez? Gure proiektua ibiltaria da, beraz, zergatik ez!
"Gure Zirkua ikustera euskaldunak etortzen dira, baina akaso mundura atera beharko da nozbait"