Egun gehiago andramariak gozatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 1a, 10:58

Basobaltz Lezamako jai-batzordeko kideek gogotsu prestatu dute andramarietako jai-egitaraua. Aurtengo jaiak bereziak izango dira, ohi baino gehiago iraungo dute eta. Kontzertuak eta umeentzako ikuskizunak, bestalde, erakargarri-erakargarriak izango dira. Dena dago prest bihar, irailaren 2an, txupina botatzeko.  

“Andra Mari jaiek zortzi egun iraungo dute. Pandemia dela-eta, aurreko urte bietan ezin izan ditugu jaiak ohi moduan ospatu, eta aurten hartuko dugu gure ordaina. Urtero moduan, adin-tarte guztientzako ekintzak egoten saiatuko gara: puzgarriak, umeen ikuskizunak, bertso-saioa, kontzertuak, herri-bazkaria… Ekintzak egunez zein gauez izango dira, herritar guztiak animatu daitezen”, esan digute.  

“Aurreko urte bietan ezin izan ditugu jaiak ohi moduan ospatu, eta aurten hartuko dugu gure ordaina”

Nobedadeak izango dira jaietan. Adibidez, paella erraldoia egingo da herri-bazkarirako eta txartelak 10 euroan ipini dira salgai herriko denda hauetan: Lohitzun, Josune eta Oxangoiti. Era berean, punta-puntako ikuskizuna ekarriko dute umeak gozarazteko: Go!azen karaokea. Hori frontoian izango da irailaren 3an, 11:30ean. Txartelek 10 euro balio dute, eta haiek eskuratzeko, 634 413 581 (Unai) edo 663 793 670 (Onintze) telefono-zenbakietara whatsappa bidali behar da, eta izen-abizenak eta zenbat sarrera nahi den adierazi. Sarrerak bizum bidez ordainduko dira, eta ikuskizunaren egunean bertan banatu.

 “Kontzertuei dagokienez, agertokian musika-genero ezberdinak egoten ahalegindu gara, eta emakumezko musikariak ere bertan izaten. Bestela, aurreko urteetako jaien aldean, antzekoak izango dira. Umeentzako ekintzek ondo funtzionatzen dute, bertso-saioan giro polita sortzen da… Zapatuko kontzertuek ere jendetza erakartzen dute eta espero dugu aurten ere karpan hainbat eta hainbat lagun batzea”. Betiko moduan, karpa udaletxearen atzeko aldean ipiniko da, eta, esandakoaren arabera, ohi baino txosna gehiago egongo dira.   

“Agertokian musika-genero ezberdinak egoten ahalegindu gara, eta emakumezko musikariak ere bertan izaten”

Mozorro-jaitsierak motorrak berotuko ditu bariku arratsaldean (irailak 2). Gaia da “zibilizazioak” eta bakoitzak pentsatu beharko du horrek imajinaziora zer ekartzen dion. Txupinazoa eta pregoia Lezamako Mugetatik elkartearen esku izango dira, eta ondoren Sakatu elektrotxarangak girotuko ditu herriko txokoak”. Eszenatokira tokiko musika-taldeak igoko dira.

Zapatuan umeentzako ikuskizuna egongo da, herri-bazkaria eta kontzertuak. Domeka arratsaldean pilota-partidak jokatuko dira eta horiek ETB1en emango dituzte. Bertso-saioa ere egongo da. Astelehen gauean kontzertuak izango dira, eta eguenean, zaindariaren egunean, umeentzako jolasak. Azkenik, jaietako bigarren barikuan egongo dira poteo musikatua, Ekidazu eta Sanfran abesbatzen emanaldia eta kontzertuak. “Bolalekuko jaiak ospatuko ditugu zapatuan. Egun horretarako antolatu dira paella txapelketa, umeentzako jolasak eta Dj Xaiborren saioa”.

Lan handia

Azaldu moduan, lan handia egin dute ekintza guztiak lotzeko eta lezamarrak poz-pozik jaietara hurbiltzeko. Gainera, nabaritu dute jendeak ospatzeko gogo handia duela. “Goitioltzako jaietan, esaterako, inoiz baino jende gehiago eta gogo handiagoa ikusi dugu. Itzela izan zen, eta espero dugu Lezamako jaietan ere horrela izatea. Bestalde, udari agur esateko jaiak dira eta espero dugu dena ondo eta arazo barik irtetea”. Jaiak batez ere lezamarrei begira antolatu dituzte. “Asko pozten gaitu alboko herrietako jendeak Lezamara hurbiltzeak eta giro polita sortzeak, baina guk lezamarrengan pentsatuta antolatzen ditugu jaiak: zelako herritarrak dauden, nola erakarri ahal ditugun… Haiengana moldatzen saiatzen gara, eta ekintzek izandako erantzuna kontuan hartu, urterik urte gero eta jai hobeak antolatu ahal izateko”. Amaitzeko, eraso matxistarik edo homofoborik jasan edo ikusiz gero, txosnagunera jotzeko eskatu da, hura jasan duenari laguntza eta babesa emateko. Gainera, jaietako egun guztietan, 22:00etatik 01:00etara, pertsona bi izango dira txosnagunean informazioa emateko, eta megafoniaren bidez sexu-erasoen kontrako mezuak zabalduko dira.  Arretarako telefonoak ere gogora ekarri dira: 112 (SOS Deiak) eta 900 840 111 (24 orduko zerbitzua).  

“Pozten gaitu alboko herrietako jendeak Lezamara hurbiltzeak, baina jaiak lezamarrengan pentsatuta antolatzen ditugu”

Kurtze ere jaietan

Kurtze auzoak jaien lekukoa hartuko du irailaren 13tik 17ra. Barikua eta zapatua, gainera, ekitaldiz beteta etorriko dira. Horrela, hango jai-batzordeak antolatuta, poteoa eta musika-emanaldiak izango dira iluntzean eta gauean. Zapatu goizean, sukalki eta tortilla txapelketak eta umeentzako jolasak eta bazkaria izango dira, eta lehen aldiz beste herrialde batzuetako janaria dastatuko dira. Zehatz-mehatz, Marokoko, Mexikoko, Argentinako eta Brasilgo ohiko platerak prestatuko dituzte auzokideek. Arratsaldean, besteak beste, gazteentzako herri-kirolak eta ogitartekoak dastatzeko aukera egongo da. Sorgina erre eta suak bota ostean, jaia Dj Beneren eskutik luzatuko da.

 

Jai-egitaraua

Irailak 2, barikua. San Antolin

12:00 Meza (Legina).

13:00 Trikiluntxa (Legina).

18:00 Mozorro-jaitsiera. Gaia: zibilizazioak.

18:00 Pilota-partidak (Opena).

19:00 Txupinazoa, Lezamako Mugetatik elkartearen eskutik.

19:30 Sakatu elektrotxaranga.

22:30 Kontzertuak: Garaje Drama + Bulo + Zirkinik Bez.

 

Irailak 3, zapatua. Odoloste Eguna

11:30 Goazen. Sarrerak: 10 euro (online).

15:00 Herri-bazkaria.

18:00 Hodei magoa.

23:00 Kontzertuak: Kulto Kultibo + Buhos + Erruki.

 

Irailak 4, domeka

11:00 Meza.

12:00 Puzgarriak.

17:00 Pilota-partidak (Master).

17:30 Bertso-saioa: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Gorka Pagonabarraga, Aitor Mendiluze, Jone Uria eta Igor Elortza.

 

Irailak 5, astelehena

22:30 Kontzertuak: Las Selvas + J Martina + Party Dj.

 

Irailak 8, eguena. Andra Mari Eguna

12:00 Umeentzako jolasak: Taupada Abentura.

 

Irailak 9, barikua

19:00 Poteo musikatua.

20:00 Ekidazu eta Sanfran abesbatzak.

23:00 Kontzertuak: TOC + Nikotina + Little Martin.

 

Irailak 10, zapatua. Bolalekuko jaiak

12:00 Paella txapelketa.

17:00 Umeentzako jolasak.

20:30 Dj Xaibor.

 

Kurtzeko jaiak

Irailak 13, martitzena

20:00 Txupinazoa eta trikitiak girotutako odoloste-jana.

Irailak 14, eguaztena

12:00 Meza eta kopaua.

 

Irailak 15, eguena

12:00 Meza.

 

Irailak 16, barikua

19:30 Txosna irekitzea.

20:00 Poteoa, Kittu txarangak girotua.

22:00 Ken Bat musika-taldea.

01:00 Musika, txosnan.

 

Irailak 17, zapatua

09:30 Mahaiak eta aulkiak banatzea.

11:00 Sukalki eta tortilla txapelketan izena ematea.

11:00-13:30 Umeentzako jolasak.

11:30 II. Kurtzeko MTB Gaztetxo Martxa.

13:00 Munduko janariak dasatatzea: Maroko, Mexiko, Argentina eta Brasil. 

13:30 Tortillak aurkeztea.

14:00 Umeentzako bazkaria ermitan. Txartelak (10 euro) irailaren 14ra arte tabernetan.

14:00-14:15 Sukalkia aurkeztea.

14:30 Sariak banatzea.

17:00 Gaztetxoentzako herri-kirolak.

19:00 Bingoa.

20:00 “Kanpamartxo free” (solomo- eta hirugihar-ogitartekoak).

21:00 Dj Bene.

22:30 Sorgina erretzea eta suak.

23:00 Dj Bene. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).