Lezama Bizirik elkarteak azaldu duenez, esandako basoan orain dela 51 urte landatutako pinuak ez ezik euren kabuz aurrera egin duten beste espezie batzuk ere badaude, hala nola haritzak eta gaztainondoak. “Nolabaiteko kalitatea eta antzinatasuna duen basoa da, ingurumen-eginkizun giltzarriak izateaz gainera, lezamarrek eta beste herritar batzuek gozatzen dutena”. Euren ustez, ingurua “suntsituko da” eta hamarkadak pasatu beharko dira leheneratzeko; “horren truke «lau txanpon» jasoko ditu udalak”. Euren desadostasuna adierazteko, azaroaren 12an irteera egingo dute “hiltzera zigortutako” basora. Hitzordua 10:00etan ipini dute plazan, eta ingurua bistatu ostean erromeria txikia eta pintxo-potea egingo dute guardetxearen inguruan.
Beste aldetik, Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak azaldu duenez, “gune horretako pinuen zikloa bukatu da eta saldu behar dira; horretarako landatu ziren”. Alkatearen esanetan, “pinuak eta eukaliptoak baino ez dira moztuko –ez gainerako espeziak– eta haien ordez bertoko zuhaitzak landatuko dira”. Era berean, esan du mozketaren truke lortzen den diruaren % 60 herrian inbertituko dela, eta % 40, basoan bertan: zuhaitzak landatzea, pistak hobetzea, bideak egokitzea…