Txorierriko euskararen kale erabileraren emaitzak atera dira duela gutxi, eta aukera ematen digute hainbat mahai-inguru egin eta datuak nahi beste ertz eta faktore aztertuz interpretatzeko. Baina, geure memoria bisualean grafiko batek argi erakusten digu txorierritarrok sentitzen duguna: % 50 Larrabetzu; % 20 Lezama; % 8 Zamudio; % 4 Derio eta Sondika; % 2 Loiu. Sentitzen dugu ekialdeko haizea indartsu sartzen dela bailaran eta indarra galduz doala. Eguzkiak lehenago eta indartsuago argitzen dituela ekialdeko eremuak. Eta horretan jartzen dugu geure esperantza.
Bestalde, esperantza norabide argirik gabe… Gure iparra zein den argi badugu, hitzez ekiteko momentua da. Euskarak ez du esperantza bakarrik behar; ekintzak behar ditu (ez bakarrik dirua jarri eta ekitaldiak antolatu), momentu polita hausnarketez haratago, hitzez eta ekintzez ekialdeko argiak mendebaldea (Larrabetzutik Loiura) euskaraz argitzeko.