Zelan Lezaman?
Oso ondo, gustura. Hotz itzela egin zuen hasieran, baina ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik, eta azkenean, publikoaren berotasuna eskertu genuen.
Durangoko Azokan ere egon zarete diskoa aurkezten. Zelan bertan?
Sortzaile moduan, gure lehenengo azoka izan da. Hunkigarria bezain gogorra izan da. Ordu asko izan dira eta azken egunetan nekatuta geunden, baina aldi berean ez genuen azoka bukatzea nahi. Kontzertua ere egin genuen eta gainezka egon zen. Oso polita izan da. Gainera, beste artista batzuk ezagutu ditugu, zaletuekin harreman zuzena izan dugu... Burbuila batean egon gara.
Lezaman zein Durangon Neomak diskoaren berri eman duzue. Zertan datza diskoa?
Gure lehen diskoa da, zazpi kantez osatua. Zazpi kideok panderoa eta trikitia jotzen ditugu umetatik eta horregatik ezagutzen dugu elkar. Tradiziotik gatoz, baina diskoari gaurkotasuna eman nahi genion, hau da, guk gaur egun entzuten dugun musika eta gu garena bertan txertatu. Musika tradizionala eta erritmo modernoak uztartzen ditugu diskoan. Gaiei dagokienez, tradizioari eta amamek kontatu digutenari ere buelta ematen saiatzen gara. Eta aldarrikapenak ere egiten ditugu.
Tradizioak eta joera berritzaileek talka egiten dute etengabe. Kritikaren bat jaso duzue horregatik?
Kritika zuzenik ez dugu jaso, ez. Tradizioan gauza berriak txertatzeak ez du esan nahi tradizioari uko egiten diozula. Neomak taldeko oinarrizko musika-tresnak panderoa, trikitia eta ahotsak dira, besterik ez. Hori tradizionala da, eta horri sartzen dizkiogun osagai berriak aberasgarria dira, tradizioari eusteko beste modu bat, azken batean. Agian urte batzuk barru guk egiten duguna tradizio bilakatuko da (kar-kar).
"Tradizioan gauza berriak txertatzeak ez du esan nahi tradizioari uko egiten diozula"
Taldearen izenak, Neomak-ek, ilargi berria esan nahi du greziarrez. Zergatik aukeratu zenuten?
Taldea Sorginak taldetik dator, mitologiatik eta hortik abiatu nahi izan genuen. Zerbait greziarrez bilatu genuen eta neomak atera zen, ilargi berria esan nahi duelako eta gure lehenengo kantak izen bera ere bazuelako.
Portadan Xeli agertzen da, emakume adintsua. Zuek, aldiz, gazte-gazteak zarete. Ez da kontraesana?
Agian bai, baina guk bilatutako kontraesana da. Musikan islatzen duguna estetikan ere islatu nahi dugu. Azalean ez genuen guk atera nahi; protagonismoa, aldiz, adineko emakume bati eman diogu. Eta berari gaur egungo irudia eman diogu: makillajea, tatuajeak... Horretarako, Xeli Arrasateko emakumea aukeratu genuen. Gure partaideetako hiru bertakoak dira eta Xeli ezagutzen dute euskal dantzak irakasten dituelako. Gure ustez, bere irudiak primeran laburbiltzen du gure musika.
Emakumeak protagonistak dira zuen proiektuan...
Bai, argi dago. Zazpi partaideok emakumezkoak gara eta gure indargunea da mezu batzuk helarazteko. Betidanik jaso izan dugun heziketari aurre egiten gabiltza, aurrerapausoak egiten gabiltza, eta hori oholtzetan ere zabaldu behar da. Beraz, errepresioari buruz eta ahalduntzeari buruz abesten dugu. Borroka modu askotan egin daiteke, eta guretzat oholtzaren gainean da lekurik onena, bertatik jende pilak entzuten digutelako.
Eszenaratzea oso berezia da: arropa, makillajea, koreografia...
Bai, orduak eta orduak eman dizkiogu horri. Guk ez dugu kontzertu soil bat egin nahi, zerbait gehiago kontatu nahi diogu publikoari. Esate baterako, saioetan ahots batek laguntzen digu off-ean (partaide baten amama da) historia kontatzen. Eta guk, mezua zabaltzeko, ahotsa ez ezik gorputz osoa ere erabili behar dugu. Koreografia berezirik ez dugu zehaztu, baina jarrera eta bakoitzaren posizioa, bai, ordea. Eta estetikari dagokionez, gauza bera egiten dugu: uztartzen ditugu tradizioa (mahoizko galtzak eta alkandora zuria) eta gaur egungo apaingarriak, talka hori bilatu nahian.
"Ez dugu kontzertu soil bat egin nahi; zerbait gehiago kontatu nahi diogu publikoari"
Normalean, publikoaren artean bukatzen dituzue kontzertuak. Zer dela-eta?
Oso berezia da. Zazpi kideon artean konexio ederra dugu, elkarrekin hamar urte daramatzagulako. Publikoarengana jaistearena entseguetan sortu zen era naturalean: azken kantan denok hasten ginen dantzatzen ero moduan, lotsarik gabe, eta pentsatu genuen hori zuzeneko saioetara eraman behar genuela. Hor bukatzen dira kontzertuak eta momentu ederra da, energia betetakoa.
Taldea Sorginak taldetik dator. Zergatik zerbait berria egin? Izena mantentzea ez litzateke onuragarriagoa izango?
Neomak taldea beste bide batetik doalako. Sorginak proiektua eskola eta unibertsitatea izan zen guretzat, bertan pila ikasi genuelako: oso gazteak ginen, 13 urtetik 18 urtera bitartean, esperientzia ikaragarria izan zen... Baina ez zen Neomak bezain gurea. Beraz, izen berri bat aukeratzea logikoena zen. Jendeak Sorginak taldean ibili izanagatik ezagutzen gaitu eta ondo dago, baina Neomak gara orain.
Nolako garrantzia izan du Kepa Junkerak zuengan?
Hasieran, artista ukiezintzat ikusten genuen Kepa Junkera. Gu oso gazteak ginen eta bat-batean berarekin plazaz plaza ibiltzea ikaragarria izan zen. Ziur asko, garai hartan ez genion horri erreparatu ere egin. Kepari esker, esate baterako, artista handiekin jo genuen, eta gaur egun gara horren jakitun, orain badakigu zenbat ikasi dugun. Guretzat Kepa artista, irakaslea eta azkenean, etxekoa da, berarekin hainbat eta hainbat ordu eman dugulako. Durangoko Azokan ikusi genuen, Kepak dokumentala eta liburua argitaratu dituelako. Oso momentu hunkigarria izan zen: oparitu genizkion kamiseta eta diskoa, argazkiak egin genituen... Beti da pozgarria Kepa Junkerarekin elkartzea.
Sorginak ilargira heldu dira
Neomak taldeak zazpi kide ditu: Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, María Lasa, Amets Ormaetxea eta Garazi Otaegi. Umetatik, gazte gipuzkoarrek trikitia eta panderoa jotzen zituzten eta Kepa Junkerak guztiak batu zituen Sorginak taldean 2014an. Junkerarekin lau haizeetara eraman zituzten euskal doinuak, baina 2018an bilbotarra gaixorik jarri zen eta taldea eten egin zen. Pandemiak atzeratu zuen proiektu berria, baina azkenean aurten kaleratu dute bere lehenengo lana: Neomak. Taldearen eta diskoaren izenak ilargi berria esan nahi du greziarrez.