Zorrizketan elkarteak 25 urte bete ditu

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 1a, 14:29

Otsailaren 11n, lagunak eta euskaltzaleak batu ziren Lezamako frontoian, Zorrizketan euskara elkartea duela 25 urte jaio zela ospatzeko. Horrren kideek mende laurdena daramate lanean, euskara Lezaman hizkuntza bizia izan dadin. Lana goraipatzeko momentua da, baita etorkizuneko erronkei begiratzeko unea ere. 

Lurdes Prudencio eta Fernando Olaba­rrieta dira Zorrizketan euskara elkartearen sortzaileetako bi. Gaur egun zuzendaritza-batzordean ez dauden arren, bazkideak izaten jarraitzen dute eta edozein beha­rretan laguntzeko prest azaltzen dira beti. Az­ler Garcia, bestalde, elkartearen kide be­rrietako bat da, duela urte bi beste bost kiderekin batera Lezaman eus­kara bul­tzatzearen lekukoa hartu zuen eta. El­karteak Uribarri Topalekuan duen lo­ka­lean batu dira hirurak, eta hizpide izan dituzte haren iragana, oraina eta etor­kizuna.  

 

 

“Guk aspaldian ikusi genuen Lezaman euskara elkartea sortzeko beharra. Izan ere, herritar gehienok euskaldunak baginen ere, kalean ez zen euskara entzuten. Gaine­ra, Siadecok egindako azterketa sozio­linguistikoak berretsi zuen guk su­ma­tzen genuena: oso herritar-kopuru han­diak euskara zekien, baina bakarrik % 17k egiten zuen euskaraz”, gogoratu du­te Prudenciok eta Olabarrietak. “Garai har­tan, euskararen erabileraren inguruko mu­gimendu handia piztu zen Euskal Herrian, eta testuinguru horretan batzarrera deitu zen udalerrian. Batzar horretan zenbait esparrutako 20 bat lagun batu ginen; eskolako irakasleak eta gurasoen elkarteko ki­deak, haien artean”. Azal­du dutenez, egoera oso kezkagarria zen eta euskararen balioa azpi­ma­rratzeko premia ikusi zu­ten. “Edadekoek ere ez zuten eus­karaz egiten, lotsagatik, beharbada. Alde batetik, pentsatzen zuten eurena ez zela euskara; bestetik, trenak onurak ekarri zizkion Lezamari, baina Bilbotik gaztelania ere ekarri zuen, eta prestigioa gaztelaniak zuen ustea zegoen. Hortaz, zerbait egin behar genuela erabaki genuen lehen ba­tzar horretan, eta hilero elkartzen ha­si ginen: elkarteari itxura emanez joan ginen, antolakuntza egituratuz… Hu­rrengo urtean elkartea legalki eratu zen, eta udalak gelatxo bat utzi zigun”.

Militantzia handikoa izan zen Zorriz­ketan elkartearen hasiera, eta hurrengo ur­teetan ere ezinbestekoa izan zen el­kartekideen inplikazioa. “Ahalegin handia egin genuen herriko gainerako elkarteek eta herritarrek gu ezagutzeko: batzarrak, bazkidetza-kanpaina, aktak jaso behar, kartelak egin… Lana gero eta handiagoa zen, eta laster erabaki genuen bekadun-fi­gura sortzea, barruko lanaz ardura ze­din; deialdia herriko gazteen artean za­baldu zen”. Barruko lanaz gainera, he­rriari begirako ekintzak antolatzen ere ha­si ziren. “Gaur egun Lezaman erabat sus­traituta dauden ekintzak dira: herri-bazkaria herriko jaietan, gaztainak erre­tzea Gabonetan, txorizoa San Joan gauean, kantu-ikastaroa…  Ekitaldiek ha­rrera ona izan zuten herritarren partetik, eta euskaraz egiteko gogoa piztu zela us­te dugu. Esaterako, lehen gugana gaz­telaniaz zuzentzen ziren pertsona batzuk gugana euskaraz zuzentzen hasi ziren, den­detan, udaletxean… Era berean, nola­bai­teko errespetua irabazi genuen“. 

 

Lehena Txorierrin

Ekidazu abesbatza ere sortu zuten. “Izena Mikel Zaratek idatzitako lehen no­belatik, Haurgintza minetan, hartu ge­nuen: Ekidazu. Hori da Euskadiren ana­grama –z erabilita–, Francoren garaian ezin zelako Euskadi esan”. Mikel Zarateren heriotzaren 25. urteurrenaren harira hain zuzen antolatu zuten, euren ustez, Le­za­man eta inguruan inoiz antolatutako kul­tur egitasmorik handiena. “Urtarriletik api­rilera bitartean, barikuro ekitaldi bat egin zen: hitzaldiak, mahai-inguruak, kon­tzertuak, antzezlanak, umeentzako eki­taldiak, bertso-saioak, pilota-partidak, Eus­kaltzaindiaren batzarra… Gotzaina ere eto­rri zen meza ematera. Bide batez, altxor batzuk gelditu ziren betiko: hiruzpalau li­buru, diskoak, irudiak, ekitaldi guztiak ba­tzen dituen dokumentala, Lezamako To­ponimia liburua, eskolarako Gure he­rria gida didaktikoa, Mikel Zarateren ar­gitaratu gabeko Etorriaren zorabioz poe­ma-liburua eskuratzea eta bere lan guz­tiak mikelzarate.com webgunean es­kuragarri ipintzea… Herri-bazkarian ere 500 lagun inguru batu ginen… Itzela izan zen!”. 

 

“Ekitaldiek harrera ona izan zuten herritarren partetik, eta euskaraz egiteko gogoa piztu”

 

Zorrizketan da Txorierrin sortu zen le­hen euskara elkartea. “Gainerakoak hu­rrengo urteetan sortu ziren, eta guk ha­siera-hasieratik azaldu genuen haiekin ha­rremanetan ibiltzeko gogoa, eta proiek­tuak elkarrekin batera martxan ipi­ni, ha­la nola Aikor! aldizkaria eta Baserri An­tzokia. Elkarrekin aritzeko gogo horri lo­tuta, urtero bertso-saioa antolatzen du­gu Zamudioko Lagatzurekin batera”. Eus­kara eta haren erabilera sustatzea izan dute hel­buru nagusitzat aurreko lerroetan aipa­tu­tako lehen bilera horretatik. Hala ere, be­ti izan dira herrian dauden aukeren eta zailtasunen jakitun. “Guk hurrengo hau barne­ratuta izan dugu: negarrik ez, Lezaman da­goen egoera da eta kito; saiatuko gara au­rrera egiten eta gauzak lortu”. 

Urteek aurrera egin ahala, gogoa eta be­rotasuna apaltzen dira eta horregatik da beharrezkoa bizigarria topatzea eta belaunaldi-erreleboa bermatzea. Zo­rriz­ke­tanen zuzendaritza-batzordea 2021ean be­rritu zen azken aldiz. “Presidente bera da, Iñaki Lekerika, baina gainerako kide guz­tiok berriak gara, eta gazte. Halaber, ai­patu beharra dago, ni izan ezik, beste guz­tiak emakumezkoak direla”, esan du Garciak. “Gure garaian gizonezko gehiago zeuden”, erantsi dute beteranoek. “Ziur asko, oso esparru maskulinizatuak kendu­ta, elkarte gehienetan gertatzen ari den al­daketa da; gizartearen bilakaera”, etorri dira bat. 

Erreleboa

Lekukoa konfinamenduaren ostean har­tu zuten, gizarte osoa pandemiak uki­tuta zegoen momentu delikatu batean; gaine­ra, elkarteak berak bazituen bere ara­zotxoak. “Zorrizketan ez zegoen be­re momenturik onenean, baina oso mo­mentu txarrean ere ez. Aurreko kideak ne­katuta zeuden eta elkartean jende be­rria sartzeko beharra azaldu zuten. Gu­re etorkizuneko erronkak dira urtean ze­har egiten diren eta herrian erabat erro­tuta dauden ekintza horiei eustea eta ekintza berriak ere antolatzea, tra­dizioak berreskuratzeko eta tradizio be­rriak ezartzeko; adibidez, Gau Beltza an­tolatzen hasi gara”. Bere hitzetan, ume­entzako aisialdia euskaraz antolatzea erra­za da, eta erronkarik potoloena da gaz­teak euskarara erakartzea. “Helburua da herritar guztiei aisialdia eta kultura eus­karaz eskaintzea, baina batez ere gaz­teak nola erakarri asmatu behar du­gu: eskaintza handia eta erakargarria egin, alboetako herrietara joan barik, ai­sial­dia Lezaman bertan eman dezaten. He­rriko Gazte Asanbladarekin gabiltza ha­rremanetan horretarako”. 

 

“Herritar guztiei aisialdia eta kultura euskaraz eskaintzeaz gainera, batez ere gazteak nola erakarri asmatu behar dugu”

 

EUSTATek kaleratutako azken datuen ara­bera, lezamarren % 64 euskaldunak di­ra, eta % 17,9 ia euskaldunak; halere, eus­kararen kale-erabileraren azken txos­ten­ean jaso den moduan, Behatokiak Le­za­mako kaleetan behatutako elka­rriz­keten % 20,6 bakarrik izan dira euskaraz. “Be­herakada egon da eta arrazoien artean egon daitezke, besteak beste, edadeko jen­dea hil izana eta jende berria etorri iza­na; nolanahi ere, umeak, gazteak eta heldu gazteak ere badaude herritar be­rrien artean, eta suposatzen da euskara ba­dakitela, eskolan ikasi dute eta. Zalantza ba­rik, erronka handia dugu horretan, Le­zaman ez delako euskaraz egiten. Adi­bidea da lagunen koadrilak: guztiek da­kite euskara, baina erderaz egiten du­te… Hezkuntzan zein Administrazioan ahal­egin berezia egin da euskararen al­de, baina gero errealitatea da euskara ez dela komunikazio-hizkuntza moduan au­keratzen. Egoera nola aldatu aspaldiko kez­ka eta erronka da…”.  

 

“Leku erreferenteetan euskaraz eginez gero, jendea errazago hurbildu liteke euskarara"

 

Nahiz eta herri bakoitzeko egoera so­ziolinguistikoa kontuan hartu behar den, hausnartu duten beste arrazoi bat da helduaro ailegatzean egiten den hiz­kuntza-hautaketa. “Ea lortzen den jendeak bar­neratzea euskarak balio duela eskolatik kanpo bizitzeko eta heldua izateko. Izan ere, ematen du gaztelaniaz egin behar de­la heldu moduan funtzionatzeko. Azken txos­tenetan ageri dago hori: umeak ga­renean, euskaraz egiten dugu; gazte eta hel­du bihurtuz joaten garen heinean, eus­karaz gutxiago egiten dugu; seme-alaba txikiekin, berriz, euskaraz egiten dugu; eta gero, euskaraz egiteari uzten diogu…”. He­rriko leku erreferenteetan erdera hu­tsean egitea ere arrazoitzat hartu dute. “Adi­bide bi ematearren, Administrazioak di­rua ipintzen du euskararen aldeko kan­painak egiteko, baina errealitatea da han­go langilek euren artean gaztelania hu­tsean egiten dutela. Frontoian ere gaz­telania da hizkuntza nagusia… Leku erre­ferenteetan euskaraz eginez gero, jen­dea errazago hurbildu liteke euskarara, eta ohiturak aldatuz joan; gero, jakina, ba­koitzaren ardura ere bada”. Hogeita bost ur­teren ostean, beraz, erronka polita eta handia dute euskara ere lezamarrek ko­munikatzeko eta gozatzeko hizkuntza bi­hurtu dadin. 

 

Bata besteagaz, lezamarrok euskaraz

Zorrizketanek adierazi nahi du “zo­rriak euskaraz berbetan”. “Elkartea osa­tu zenean, lehiaketa txikia zabaldu ge­nuen herritarren artean, haren izena as­matzeko. Jasotako proposamenen ar­tean, gehien gustatu zitzaiguna Igor Urrutikoetxearena izan zen, zeren le­zamarroi zorriak esaten digute. Berak pro­posatutako leloa ere aukeratu ge­nuen: “Bata besteagaz, lezamarrok eus­karaz”. Logotipoa, bestalde, Bego Vi­cariok egin zuen, eta duela urte batzuk Ander Lasak berritu zuen”. 

Zorrizketanen urteurrena eta lana os­patzeko gogoa agerian gelditu zen otsailaren 11n, herri-bazkarian 165 lagun batu ziren eta. “Egia esan, poz-pozik gaude herritarren eran­tzunarekin. Ekitaldiz betetako egu­na izan zen: kalejira, pintxo-potea, Ekidazu abesbatzaren eta Kurutze dan­tza-taldearen emanaldia, ber­tsoak, tonbola, musika-saioa…”. Ur­tean zehar ere ekintza gehiago egin­go dituzte urteurrenaren harira, eta es­pero dute horiek herri-bazkaria be­zain arrakastatsuak izatea. Gainera, eki­taldiak argazkietan eta bideoetan ja­soko dituzte, urteurrenaren doku­men­tala egiteko asmoz. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).