Oier Hormaetxe pilotari lezamarra, munduko txapelduna

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 31a, 14:18

Esku-pilota Nazioarteko Konfederazioak (CIJB) Pilota Munduko Txapelketak antolatu ditu Alziran (Valentzia) aste honetarako. Euskal selekzioak gogotsu hartu du parte bertan eta domina batzuk ekarri ditu etxera. Horietako bat Oier Hormaetxe lezamarrak lortu du eta poz-pozik hartu digu telefonoa bertatik, garaipenaren berri emateko.

“Oso pozik gaude. Ez ginen faboritoak, baina garaipena lortu dugu”, esan du Hormaetxek. Finalean 21 eta 2 irabazi zioten Ekuadorri, baina arerio gogorrenak final laurdenetan eta finalerdietan etorri ziren. “Mexiko eta Valentzia bereziki gogorrak izan ziren. Finalerdian etxekoen alde jokatu genuen eta 21 eta 17 hartu genituen mendean, baina ordubete baino gehiago eman genuen jokatzen. Zaila izan zen, bai horixe!”. Lezamarrak Gaizka Iruretagoienarekin jokatu zituen lehenengo partidak, baina final-laurdenetatik aurrera, Egoitz Amantegirekin. “Eskarmentu handiko pilotaria da eta izugarri lagundu dit”.

Hormaetxe pilota valentziarra modalitatean izan da txapelduna. Frontoia euskaldunak baino txikiagoa da eta pilota, gureak baino arinagoa. Modalitate berri horretara egokitzeko, Oierrek aste batzuk eman zituen Zestoako frontoian entrenatzen. Horrezaz gainera, beste hiru kategoria daude txapelketan: nazioarteko jokoa, llargues eta one wall. Bakarrik lau talde sartu dira lehian lau kategorietan, Euskal Herria, Valentzia, Herbehereak eta Ingalaterra, baina gainerakoek, 16 guztira, modalitateren batean jokatu dute: Frantzia, Ekuador, Belgika, Paraguai, Argentina, Mexiko, Costa Rica, Portugal, Italia, Estatu Batuak, Puerto Rico, Venezuela, Kolonbia, Uruguai, Japonia eta Quebec.

Hormaetxe domekan itzuliko da Euskal Herrira, lehia oraindik bukatu ez delako. Lezamarrak ez du gehiagorik jokatzea espero, baina badaezpadan ordezko ibiliko da. Gaur, Euskal selekzioak Valentziaren kontra jokatuko ditu one wall kategoriako final-laurdenak; eta bihar, llargues kategoriako hirugarren postua lortzeko partida. Hormaetxerena ez da euskaldunek lortu duten urrezko domina bakarra izan: nazioarteko jokoan, Miren Larrartek, Naroa Agirrek, Olatz Arrizabalagak, Amaia Aldaik eta Ainhoa Ruiz de Infantek 6 eta 3 irabazi zioten Valentziari; eta pilota valentziarra kategorian, Naroa Agirrek, Olatz Arrizabalagak eta Ainhoa Ruiz de Infantek 21 eta 7 irabazi zuten finala.