Hordagoa, pentsio publikoen eta unibertsalen alde

Aikor aldizkaria 2023ko api. 4a, 10:55

Martxoaren 13tik 17ra bitartean, Euskal Herriko Pentsiodunen Elkartea protagonista izan zen Euskal Herriko zein Estatuko hedabideetan, oso ekintza atipikoa egin zutelako Bilbon: bost eguneko itxialdia eta baraualdia. Ekintza amaituta, manifestazio jendetsua egin zuten hurrengo egunean Bilbon bertan. Mugimenduak bost urte daramatza 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen, eta, adierazi dutenez, lehen hordagoa bota dute erakunde publikoen ezezkoaren aurrean; gehiago botako dituzte. 

Ana Mezo, Garbiñe Etxebarria, Jose Antonio Lekue eta Miguel Angel Lekue “Txirri” larrabetzuarrak eta Benito Gorbea lezamarra dira Euskal Herriko Pentsiodunen Elkarteko kideak. Itxialdian zeudela, José Luis Escrivá ministroak iragarri zuen 2027rako gutxieneko pentsioak 1.200 eurotik hurbil egongo zirela. “Batzuk ailegatuko dira, baina askok orduan ere 800-900 euroko pentsioa jasoko dute. Gainera, hemendik lau urtera, zer? Bestalde, hauteskunde-ziklo baten atarian gaude, eta ez dakigu Madrilen zer gertatuko den. Guk 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dugu, oraintxe bertan eta 14 ordainsaritan”.  

“1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dugu, oraintxe bertan eta 14 ordainsaritan”

2018ko urtarriletik hona, Euskal Herriko ia 80 plazatara eraman dute aldarrikapena, eta instituzio publiko, alderdi politiko eta sindikatuekin batu dira. Aldarrikapena Madrilgo Kongresuan ere aurkeztu dute. Azaldu moduan, egoera kritikoa da. “Azken igoera % 8,5ekoa izan da, eta horren ostean ere Hego Euskal Herriko pentsiodunen % 30ek, 199.800 lagunek, 800 euroko baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dute; horietatik 152.600 dira emakumeak. Era berean, % 39,2k, 279.480 pentsiodunek, 1.000 euroko baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dute; haietatik 203.000 dira emakumeak. Bost urteko borroka eta gero, instituzio publikoek jarraitzen dute gure aldarrikapenari entzungor egiten, eta horregatik ekintza sendoagoa antolatu dugu martxoan”.

Ahal da

Azaldu moduan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ez da kapritxoz aukeratu duten diru-kopurua. “Mugimenduaren barruan, ekonomistek eta abokatuek osatutako lantaldea dago, eta kalkulua egin da datu ofizialak eskuan eta Europako Gutun Sozialaren ildoei jarraituta. Lanak egin ditugu, ondo argudiatuta, eta badakigu aldarrikatutako pentsioa posible dela. Nolanahi ere, azken urteotan bizitza nola garestitu den kontuan hartuta, uste dugu gutxieneko pentsio hori berrikusi beharko dela, eta gaia mahai gainean dugu gaur egun”.

“Lanak egin ditugu, ondo argudiatuta, eta badakigu aldarrikatutako pentsioa posible dela”

Helburu nagusia oraindik lortu ez duten arren, aurrerapauso positibo txiki batzuk ikusi dituzte azken urteotan; esaterako, langile bakoitzeko % 0,6 gehiago kotizatzea edo aurretik aipatutako % 8,5eko igoera. “Dena dela, esan beharra dago erosmen-ahalmenaren % 7 baino gehiago galdu dugula eta igoera egonda ere ez dugula galdutakoa berreskuratu; are gehiago, 2011ko erreformaz geroztik pentsiodunok % 11 galdu dugu. Beste aldetik, lehen, urtarrilean igotzen ziguten pentsioa, baina abenduan pentsio konpentsatzailea ematen ziguten kontsumoko prezioen indizearen arabera; bada, konpentsazio hori kendu digute. Beraz, urtearen amaierara arte itxaron beharko da balorazioa egiteko”.

Lerro hauetatik salatu dute komunikabideen bidez egiten den manipulazioa. “Adibidez, esaten dute Baby Boom belaunaldikoek erretiroa hartuko dutenez pentsioen kutxa ez dela nahikoa izango. Hala ere, inork ez du hitz egiten gastu desegokiak direla-eta pentsioen kutxari egin dioten harrapaketaz. Pentsiodunen mugimendukook eskatu dugu auditoria bat egiteko, gauzak garbi izateko eta nondik abiatzen garen jakiteko, bakoitzak botatzen baititu bere argudioak gehien komeni zaion momentua kontuan izanda”.

“Inork ez du hitz egiten gastu desegokiak direla-eta pentsioen kutxari egin dioten harrapaketaz”

Historia egiten

Pentsiodunek argi eta garbi utzi nahi dute eskatzen dabiltzala lan egin eta ordaindu dutena. Bestalde, euren lorpenak gizarte osoarentzat eta datozen pentsiodunentzat ere izango dira. “Pentsio publikoak eta unibertsalak nahi ditugu eta horiexek dira hain zuzen ere utzi nahi dugun herentzia. Kutxa bakarrean sartu beharrean, nahi dugu pentsioak Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu daitezen, ekiditeko lehen aipatutako gastu ez egoki horiek; hala nola banketxeak erreskatatzea”.

“Lan egin eta ordaindu duguna eskatzen gabiltza, guretzat eta gizarte osoarentzat”

«Astelehenak eguzkitan» ematen dituzte Euskal Herriko pentsiodunek, eta, aldi berean, historia egiten dabiltza. “Ez dugu sinesten kontatzen digutena; gezurra baino ez da. Escrivák dio pentsioak berritzeko plana egiten dabilela, baina Europaren gainbegiradapean egiten dabil: Europaren eta sistema finantzarioaren menpekotasuna erabatekoa da”. Txorierritarrak ere historia egitera animatu nahi dituzte, herriko plazetara irten eta antolatu daitezen. “Gu, esaterako, Larrabetzun batzen gara hilaren lehen astelehenean, eta gainerakoetan Bilbora joaten gara. Nolanahi ere inportanteena da mugimendua herrietan ikusgai izatea, eta gu prest gaude laguntzeko”. Jubilatuak lezioa ematen dabilzkigu gizarte osoari.    

Mugimendu bizia

Mugimendu inportantea, bizia eta sendoa lortu dute, Estatuan erreferentea dena. “Itxialdia dela eta, Kataluniako, Mallorcako, Madrilgo, Burgoseko, Galiziako… lagunak etorri dira Bilbora, eta babesa adierazteko bideoak bidali dizkigute Andaluziatik”. Kalkuluen arabera, manifestazioan 10.000 lagun inguru batu ziren, hainbat esparrutakoak eta adin-tartekoak. “Gure borroka sakon sartu da gizartean. Izan ere, talde bakarra gara momentu honetan kalean zerbait aldarrikatzen dabilena; gainera, mugimendua osatzen dugun pertsonon adina kontuan hartzekoa da: 80 urtetik gorako lagunak ere plazetan daude”. 

Gutxieneko pentsioaz gainera, lortu beharreko eskubide-zerrenda luzea dute agendan idatzita: erretiro-adina 65 urtekoa izatea; alarguntza-pentsioa % 100ekoa izatea; 40 urte kotizatuta, erretiroa murrizten duten koefizienteak indargabetzea; etxean zein zahar-etxeetan adintsuak egoki zaintzea; kalitateko enplegua eta soldata duinak sortzea, pentsioak bermatzeko; eta genero-arrakala ezabatzea. “Zor patriarkala dugu 70eko eta 80ko hamarkadan etxea eta familia zaintzen esklusiboki ibili ziren emakumeekin. Pentsio txiki-txikiak dituzte gaur egun; beharbada, ez dute kotizatu, baina gastua murrizten lagundu dute, instituzioek haiei esker ez zutelako haurtzaindegietan, zahar-etxeetan… gastatu behar izan. Emakume horiek ikusezin bihurtu dituzte urteetan, baina orain asko kalean daude eta, herri askotan, mugimenduaren motorra dira”. Eskubide horiek lortze aldera, hainbat ekintza «sendo» antolatuko dituzte datozen hilabeteetarako. Frantziatik ailegatzen diren albisteei ere adi daude, bertako pentsioen sistemaren erreforma dela eta. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).