Nolako ekarpena egingo diezu lezamarrei?
Parte hartzeko prozesu baten ondorioz ailegatu zitzaidan alkategai izateko aukera, eta taldea, babesa, gogoa eta gauzak aldatzeko ilusioa nuela ikusita, pauso bat aurrera egitea erabaki nuen. Gaztetasunetik eta freskotasunetik, partaidetzazko kudeaketa eskaini nahi diet herriari eta herritarrei, konstruktiboa eta gardena, lezamarron premiazko beharrizanak aseko dituena.
Horretarako, zeintzuk izango dira zuen lan-ildo nagusiak?
Herri-programan aurkeztu moduan, herri txikia eta euskalduna nahi dugu, eta herri-nortasun hori bermatuko dituen politikak sustatuko ditugu. Lezama ume, gazte zein helduentzako herria izatea nahi dugu, eta berton guztiok modu duinean bizitzeko aukerak ahalbidetuko dituzten politikak egingo ditugu.
Eta erronkak?
Erronka nagusietako bat da lezamarrek, eta batez ere gazteek eta baliabide ekonomiko urriko pertsonek, etxebizitza duina lortzeko ezintasunagatik herritik alde egin behar ez izatea. Horretarako, etxebizitza babestuak alokairuan zein salmentan eskuratzea bermatuko dituzten planak sustatuko ditugu. Era berean, eskolaren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanak aseko dituen plan integrala martxan ipiniko dugu; eta azpiegiturak eta zerbitzuak, nagusien zaintzak eta osasuna bermatzeko. Beste erronka batzuen artean daude ingurumena zaindu eta klima-larrialdiari aurre egiteko eraldaketa ekosoziala, politika feministak eta euskara sustatzea.
“Etxebizitza babestuak alokairuan zein salmentan eskuratzea bermatuko dituzten planak sustatuko ditugu”
Nolako lantaldea duzu?
Lantalde sendoa, askotarikoa eta prestatua da gurea, aipatutako erronkak bete ahal ditugula sinetsita dagoena. Ideia berriak ditugu eta gogotsu gabiltza, bide honi ekiteko eta herriari onena emateko.
Nola baloratzen duzu azken agintaldia?
Udal-gobernuaren ezintasuna nabarmena izan da hainbat arlotan. Ez dira etxebizitza-proiekturik aurrera eramateko gai izan, eta ondorioz, herriko gazteen exodoak ez du amaierarik, horrek dakarren odoluste soziala eta guzti. Bestalde, gizarte-arloko ia ardura guztiak Mankomunitatearen eta enpresa pribatuen bidez kudeatzen dira, eta euskararen erabileraren ikuspuntutik, ez dute inongo aurrerapausorik egin UEMAren parte izateko. Eskola publikoa garatzeko plangintzarik ere ez dute egin, eta aisialdiko programa integralik ez dago, ez umeentzat, ez gazte zein adinekoentzat. Azkenik, metodo suntsitzaileak erabili dira udal-basoen aprobetxamendurako, herriaren eta herritarren beharrizanak erdigunean jarri beharrean, beste interes batzuk lehenetsi dira eta.
Karguaz jabetu gero, zer egingo duzu lehenik?
Nahiz eta programan ez egon, soldata jaitsi eta gaur egun dudanarekin parekatuko dut, aldea herrian eta herritarrengan inbertitzeko. Bestetik, programaren hainbat puntu betetzeko, ezinbestekoa izango da gainerako alderdiekin eta instituzioekin elkarlanean ibiltzea, eta prest gaude horretarako: era eraikitzailean eta kooperatiboan lan egiteko konpromiso argia dugu.