Aitor Aburto Iracizabal I musikaria

“Musika klasikoa hiltzen uzten ari dira”

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 20a, 15:05

Hogeita zazpi urteko lezamarra da klarinete-jotzailea, or­kestra-zuzendaria eta musika-irakaslea; eta etxera itzuli berria da, West Side Story musikalarekin bost hilabetean biran egon ondoren. Guztira 139 kontzertu egin ditu Alemanian, Suitzan, Austrian, Frantzian eta Arabiar Emi­rerri Batuetan. Esperientziaz baliatu gara, gaztearekin bere lan-ibilbideaz eta pasioaz solasean ibiltzeko.   

Nola etorri zitzaizun musikal ho­rretan parte hartzeko aukera?

Lan-eskaintza baten bidez: entzunaldi batzuk egin nituen eta aukeratu nin­du­ten. Esperientzia itzela izan da, bizi­tza osoan gogoratuko dudana. Goi mai­la­ko produkzioa izan da, eta maila pro­fe­sionalean zein pertsonalean oso lankide onak eduki ditut. Baina alde negatiboak ere egon dira, batez ere musika-in­dustriaren funtzionamenduaren inguru­koak: tamalez, horrelako enpresa eta proiektu handiak barrutik ezagututa, eta are gehiago diru-kantitate handiak mu­gitzen direnean, ohartzen zara benetako helburua eta lan egiteko era zeintzuk diren. Hala ere, gauza positiboekin gelditzea gus­tatzen zait eta esperientziaren gehiena ahaztezina izan da. 

Zer da musika zuretzat?

Ez da batere erraza galdera horri eran­tzutea… Momentu honetan lan­bi­dea izateaz gain, musika bizitzeko era da niretzat, eta uste dut nire bizitzan mu­sika dagoelako naizela zorionekoa. Mu­sikagatik eta musikarekin izan ditut mi­laka bizipen. Musika-munduan bi­zi daitekeena ezin da beste egoera ba­tzuekin alderatu; entseguetan, kontzer­tuetan, bidaietan… Musika egiten du­dan bakoitzean bizipen berri batean murgiltzen naiz, eta hori aberasgarria da oso.   

 

“Musika egiten dudan bakoitzean bizipen berri batean murgiltzen naiz, eta hori aberasgarria da oso”

 

Musika gizarte osoaren eskura egon behar den ondasuna dela pentsatzen du­zu. 

Musika gizartetik sortzen da per­tso­nen adierazpen moduan; hor­taz, logikotzat jotzen dut musika jen­dea­ren­tzat egitea. Askotan, gehienbat mu­si­ka kla­sikoaren munduan, pertzepzio hori gal­tzen dugula uste dut. Izan ere, gure mun­duan sartuta eta mundu elitista batean galduta, musikaren helburu ga­rran­tzitsuena ahazten dugu: gure mu­si­karen bidez besteak emozionatzea, goza­raztea eta gizartea hobetzea. Musika klasikoa gizartetik aldendu dela ez da sekretua, eta, besteak beste, musikarion jarreragatik da. Batzuei galdetuko nieke musika norentzat egiten duten, haien buruarentzat ala publikoarentzat.

 

 

Ganbera-musika eta formatu txiki­koa bereziki duzu gustuko. 

Nire ustez, ganbera-musika da maila goreneko musika egiteko bidea. Talde txikietan aukera duzu kide guztiekin komunikatzeko eta libre izateko. Gainera, normalean areto txikiagoetan jotzen da eta horrek areagotzen du musikarion eta publikoaren arteko elkarreragina. Orkestra batean, aldiz, jende asko dago, zuzendaria, jerarkia, antzoki handiak… Ez dut esan nahi orkestran jotzea ez zaidanik gustatzen; guztiz kontrakoa. Baina bi, hiru, lau, bost lagunen artean musika egitea askoz bereziagoa da: aukera gehiago dituzu zure musika jen­daurrean aurkezteko eta emaitza beti da esanguratsuagoa.  

Nola hasi zinen musika-munduan?

Kasualitatez. Musika betidanik gus­ta­tzen zaidan arren, gaztetxoa nintzela ez nuen musikaria izateko asmorik. Larra­be­tzuko Musika Eskolan ibilia nintzen, baina ez nuen orkestrako edo ganbarako musikan eskarmenturik, eta herriko ban­da batzuk kenduta, ez nuen musika-mun­duan inor ezagutzen, ezta ezer ere. Egia esan, Musikenen jo nuen lehen aldiz orkestra batean edo ganbarako talde ba­tean, eta hori ez da batere ohikoa. Bada, unibertsitatean irakasle-ikasketak egi­ten nenbilela, klarinete-irakaslea aldatu zu­ten eta berriak asko irakatsi zidan, eta klarinetea goiko mailan jotzeko tres­nak eman. Jo eta ke ekin nion ins­trumentuari eta denbora laburrean as­ko hobetu nintzen. Behin irakasleak gal­de­tu zidan ea benetan irakaslea izan na­hi nuen, eta klarinetista eta musikari aparta izan ahal nintzela esan. Zerbait al­datu zen nire barrualdean, eta egun batzuk hausnartzen eman ostean erabaki nuen saiatzea. Unibertsitateko ikasketak amaitzen nenbilen bitartean goi mailako kontserbatorioan sartzeko prestatu nuen nire burua, eta Lehen Hez­kuntzako Gra­dua amaituta probak egin nituen Mu­sikenen sartzeko, eta gainditu. 

Zergatik klarinetea?

Kasualitatez ere bai. Gitarra ikasi nahi nuen musika-eskolan, baina lekurik ez zegoenez, saxofoia jotzen hasi nintzen anaiarekin. Saxofoi-irakasleak klarinetea ere jotzen zuen, eta berak erakutsi zidan soinu-tresna lehen aldiz. Saiatzen utzi zidan, eta gaur egun arte.  

 

“Askotan ahazten dugu gure musikaren helburua dela besteak emozionatzea, gozaraztea eta gizartea hobetzea”

 

Banda- eta orkestra-zuzendaria ere bazara; jauzi naturala izan da?

Goi mailako kontserbatorioan orkes­tra-zuzendaritza genuen hautazko, eta interesgarria iruditu zitzaidan, batez ere instrumentista gisa nire formakuntza sen­do­tzeko. Gaitasunak nituela ikusi, eta bide hori ere garatzea erabaki nuen. Ahalik eta erreminta gehien izatea gustatzen zait, izan ere, nire ustez, arrakastarik handiena da hainbat aukera izatea eta egin nahi duzuna aukeratzeko gaitasuna izatea. 

Oso alderdi ezberdinak dira.

Ni klarinetea jotzen sentitzen naiz erosoago, eta gehiago disfrutatzen dut. Zuzendari-lanetan ibiltzea ezberdina da, zeren eta erantzukizuna une oro zurea baita eta taldearen lidergoa hartu behar baituzu; horrek ahalegin eta lan handia dakar. Nire iritziz, hezkuntzan eta mundu amateurrean dago nire lekua zuzendari moduan: eroso sentitzen naiz eta asko daukat eskaintzeko. Gazteak inspiratzea eta musikari ez profesionalei goi-mailako musika-esperientziak eskaintzea dut hel­bu­ru, pentsatzen dudalako testuinguru ho­rietan benetako gizarte-funtzioa duen musika egiteko aukera dagoela.  Musikari moduan, talde amateurrekin talde profe­sio­nal­ekin baino gehiago disfrutatu dut askotan, gizarte-funtzio hori modu zin­tzoan eta naturalean sortzen delako; mu­sika ez da bakarrik profesionalek arlo profesionalean egiten dutena.   

Musika-banden kontzeptua ere al­da­tzen ari da.

Gero eta ezagutza gehiago dago, bai­ta proiektu berritzaileak eta deigarriak egiteko interesa ere. Kaleak girotzeaz gainera, kalitateko musika eskaintzea da herriko musika banda gehienen nahia gaur egun. Zuzendariak ere gazteak di­ra, eta heziketa handikoak. Esan liteke, guz­tion onurako, banda herrikoiak profe­sio­nalizatzen ari direla. 

 

 

Irakaskuntzan ere ibilia zara; nola­koa da Lehen Hezkuntzako umeei mu­sika irakastea?

Guztiz ezberdina, helburuak ere ez­berdinak direlako; musikak pisu txikia du hezkuntzan eta, beraz, ez dago lan handia egiteko aukerarik. Umeei musika-mundua hurbiltzen ahalegindu naiz irakasle mo­duan, musikarako interesa izan eta iritzi kritikoa garatu dezatela, oinarrizko eza­gutzak barneratu, musikak euren ga­ra­penerako dituen onurak jakinarazi… Hau da, musikari diodan maitasuna haiei hel­araztea eta bizitzan erabili dezaketen tres­na zoragarri hau erakustea. Nire abu­ruz, teoriak ez du Lehen Hezkuntzan ga­rrantzi handirik izan behar; eskola-saioak bizipenez bete behar dira musika-hezkuntza esanguratsua izateko.   

Etengabeko ikaste-prozesuan ibili behar duzue musikariek?

Bai, goi-mailako kirola izatea be­za­la­koa da musikaria izatea: sasoian izan behar duzu. Kirolari batek egunero en­trenatu behar du emaitza onak lortzeko, eta guk ere bai, baina arlo gehiagotan: instrumentua bera, teoria, proiektu berriak diseinatzea, teknologia berriak ikastea… Era berean, musika-errepertorioak eten­gabe aldatzen dira eta proiektu berriak etengabe etortzen dira, eta, ondorioz, ezinbestekoa da prestakuntza. Kontzertu bakoitzak erronka berria dakar, eta horrek eskatzen ditu sormen-, lan- eta ikasketa-prozesu berri bat. 

Pentsatu liteke zuena “publiko adi­tua-edo” dela.   

Orkestrek badute publiko adituagoa; ganbarako musikak, aldiz, ez. Ganbarako musikako kontzertuak areto txikietan egiten dira, herriko gunetan eta herriak an­to­latutako zikloetan; ondorioz, hur­bil­tasuna transmititzen da, edo transmititu be­harko litzateke, behintzat. Publikoa guztiz “amateurra” dela esango nuke, eta hori hain zuzen da gehien gustatzen zaidana. Kontzertu klasikorik inoiz ikusi ez duena da nire entzule gogokoena: nire lana da pertsona horri musika-bizipen bat eskaintzea, harritzea eta emozionatzea. Gure erronka da aditua ez denarengan kontzertuetara joateko gogoa piztea; adi­tua, ordez, beti joango da. Nire ustez, gan­barako musika da horretarako tresnarik onena. 

Kulturaz gozatzeko gogorik dugu?

Bai, hori nabaritzen da herriko ziklo eta kontzertuetan. Musika klasikoa ez da zertan bakarrik areto edo antzokietan egin; askotan, musika aretotik atera eta he­rriari hurbiltzea nahikoa da jendearen eran­tzuna lortzeko. Jendeak beldur dio aretora joateari, eta ulertzekoa da: ikusleen eta musikarien arteko distantzia, protokolo zaharrak, seriotasuna, elitismo-kutsua… Musikari klasikook argi izan be­har dugu erakarri ezean publikoa ez dela guregana etorriko. Askotan hau entzuten dut: “Ez naiz kontzertu klasikoetara joa­ten, ez dudalako ezer ulertzen”; eta nire erantzuna da: “Ez da ezer ulertu behar; dis­frutatzea nahikoa da”. Publikoari hori hela­razten ez badiogu, gutxi dugu egiteko. 

Zer dago ikuskizun bakoitzaren atzean?

Lan itzela. Normalean, jendeak ez daki zein lanbide gogorra den: bizitza osoko lana eta sakrifizioa da. Orduak eta orduak ematen ditugu soinu-tresnan trebatzen, baita maila psikologikoan ere, eta lan izugarria egin behar da aukera txikiak izateko. Publikoak ez du hori baloratzen, eta ez du zertan baloratu: kontzertua disfrutatzera etortzen da, eta nik ez diot nire lanari buruzko baloraziorik eskatuko, bere esperientziarena baizik. Izan ere, nire lana ez da ikasitakoa erakustea edo ikasi ditudan orduez harro egotea; nire lana da jendeari musika-bizipen bat eskaintzea. Ahaleginak merezi du? Bada, musikaria naiz eta musikaz bizitzeko aukera dut; hori baino hoberik ez dago. 

Zein egoeratan zabiltzate oroko­rrean?

Esan berri dut publikoak ez duela gu­re lana zer­tan baloratu; hala ere, ad­ministrazioek, gobernuek eta po­liti­ka­riek, bai: ezin zaio kultura sortzen, ga­ratzen eta zabaltzen duenari bizkar eman. Gaur egun, ez da batere erraza Estatuan musikaz bizitzea: orkestren egoera nahiko tristea da eta musika klasikoa hiltzen uzten ari dira. Adibidea da hezkuntza: gizartea sendotzeko eta garatzeko tresna garrantzitsua da, baina zein da musikak eta arteak hezkuntzan duten papera? Dena dela, ez da sekretua; ingurura be­giratu, eta zenbat kultura-emanaldi ikus­ten duzue? Zenbat kalitateko ikuskizun daude? –Kalitate gutxikoak ere ez dira asko–. Zenbat musika klasikoko kontzertu programatu dira azken urteotan Txorie­rrin? Bestalde, freelance izatea oso zai­la da, kontzertuak emateko aukera gu­txi izateaz gainera lan-baldintzak oso txa­rrak direlako. Gure lanbidea ez da gaine­rakoenaren modukoa eta, beraz, gure egoe­ra ezin da gainerako langileen egoe­rarekin alderatu, guztiz ezberdina dela­ko eta lan-baldintza bereziak behar ditugulako. Administraziotik ez dugu ez laguntzarik, ez erraztasunik jasotzen; ez dago ez interesik, ez ezagutzarik. On­dorioa da musikari gehienak atzerrira joa­ten direla euren ibilbidea egitera edo musika uzten dutela. 

 

“Administraziotik ez dugu ez laguntzarik, ez erraztasunik jasotzen; ez dago ez interesik, ez ezagutzarik”

 

Gaur egungoez gainera, musika-proiektu berririk duzu?

Bai, eta ideia gehiegi. Etengabeko sor­kuntzan aritzea gustatzen zait. Udan, esaterako, zuzendari-laguntzaile ibiliko naiz Euskal Herriko Gazte Orkestran (EGO). Erronka interesgarria da niretzat, orkestra ho­rretan musikari aritu naizelako, eta orain beste aldean egotea arraroa izango da. Polita izango delakoan nago eta gogotsu hartu dut EGOren proposamena. 

Eta helbururik?

Musikaz bizitzea. Lan handia dakar ho­rrek, musika klasikoaren mundua ez delako batere erraza. Hala ere, pau­soz pauso joatea gustatzen zait. Es­pe­rientziagatik badakit mundu honetan epe luzerako planak egitea utopia de­la. Momentu oro azaltzen dira bide be­rriak, eta helburu bakarra izan behar da musikari zein profesional moduan ga­ra­tzea eta aktibo egotea. Ezin dut esan hemendik urtebetera zertan ibiliko nai­zen, ez dakidalako eta ez dudalako jakin nahi. 

 

Curriculum zabala

BEDMAR Bilboko Kontserbato­rioan ikasi zuen, eta 2017an sartu zen Mu­sikenen, Euskal Herriko Goi Maila­ko Ikastegian, interprete mo­duan hez­teko. Gaur egun, zenbait ka­ma­rako tal­detako partaidea da, hala no­la Dúo Aburto/Alciturri, Oreka Reed Quin­tet eta Trío Sostenuto, eta haiekin hain­bat fes­tibaletan har­tu du parte, esa­terako, Gaubeako Schu­bertíadan, Donostiako Musika Ha­ma­bostaldian, Ku­txa Fun­da­zioko Ka­marako Musikan eta Mu­sikEanen. Sariak ere jaso ditu: Bor­de­leko Con­cours International de Mu­si­que “Cha­llenge Aliénor” eta Reus­eko Con­curs de Música de Cam­bra “Hi­gini Anglés”. 

Bestalde, Bilbao Orkestra Sinfoni­koaren eta Bilboko Udal Bandaren ko­la­boratzailea izan da, eta Espainiako Gaz­te Orkestraren eta Euskal Herriko Gaz­te Orkestraren partaidea. Orkestra Zu­zendaritza Masterra egin zuen Ka­ta­rina Gurska Goi Mailako Musika Ikas­te­gian, eta 2019tik hona Leioako Musika Ban­daren zuzendari titularra da. Era be­rean, zuzendari gonbidatua izan da Gal­dakaoko Da Capo Musika Bandan, eta CSKG Orkestra Sinfonikoa zuzendu du. Ai­patutako curriculum zabalaz gainera, Le­hen Hezkuntzako musika-irakaslea da. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).