"Planetaren hondamendiaren gainean hausnartzeko nire aletxoa jarri ahal badut, pozik"

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 9a, 13:13

Txaber Sáenz Dañobeitia, idazlea

Bere hirugarren nobelari, La sombra del jaguar, azken ukituak ematen dabilela harrapatu dugu lezamarra. Lan hori ekologiaren eta ama lurraren aldeko mezua duen asmo handiko egitasmo baten parte da. Sáezek egitasmoaren gakoak erakutsi dizkigu, literatura munduan nola hasi zen azaldu, eta etorkizuneko planak kontatu; ez dira makalak.

Ama lurra ardatz nagusia duen nobela-bilduma baten hirugarren lana da La sombra del jaguar.

Lehen nobela, El dios de la lluvia, 2021eko abenduan kaleratu nuen; eta bigarrena, Hijos del bosque, 2022ko abenduan. Nobela independenteak dira, bakoitzean istorio ezberdin bat jorratzen dut, baina hirurek oinarri ekologikoa dute. Egia esan, aurretik idatzitakoa ez da ekologiari lotuta egon, baina, alde batetik, gizarte-sareetan argitaratutako artikuluek, eta bestetik, nire interesak eta kezkak pixkanaka-pixkanaka bultzatu naute benetan kezkatzen nauenari buruz idaztera. 

“Gizarte-sareetan argitaratutako artikuluek zein nire interesek bultzatu naute benetan kezkatzen nauenari buruz idaztera: ekologia”

Ekologiari buruz.

Izan ere, begi bistakoa denez, planeta hondatzen gabiltza, eta horren gainean hausnartzeko nire aletxoa jarri ahal badut, bada, pozik. Azken nobelaren lehen zatia, esaterako, Amazonasen gertatzen da, eta bigarrena, Estatu Batuetan. Nobelan hizpide ditut, besteak beste, legez kanpoko meatzaritza, baso-mozketa indiskriminatua, isileko ehiza eta zentral hidroelektriko handiak; horiek guztiak oihana suntsitzen dabiltza, planetaren biriketako bat dena.

“Besteak beste, legez kanpoko meatzaritza, baso-mozketa indiskriminatua eta zentral hidroelektriko handiak hizpide ditut azken nobelan”

Zenbat lanek osatuko dute nobela-bilduma hori?

Hamar lanek. Egia esateko, gainerako nobelak dagoeneko baditut buruan, eta ondo funtzionatuz gero, baliteke gehiago idaztea.

Zelan funtzionatu dute lehenengo biek?

Oso ondo. Hala ere, neuk egiten dut lan guztia eta horrek ahalegin handia eskatzen du: gizarte-sareetatik hasita salmentetara arte.

“Neuk egiten dut lan guztia eta horrek ahalegin handia eskatzen du: gizarte-sareetatik hasita salmentetara arte”

Hortaz, autoedizioaren alde egin duzu.

Nobela-bilduma idazten hasi aurretik bi kontakizun-liburu kaleratu nituen argitaletxe baten eskutik, baina ni ez naiz salmenta askoko idazlea eta, beraz, ezin da guztiok jateko adina diru irabazi: norberak, editoreak, zuzentzaileak, maketagileak, liburu-dendak… Azkenean, liburu bakoitzeko euro bat irabazten nuen. Orain, berriz, eta bakarrik idaztetik bizi ezin arren, 10 euro irabazten ditut. Hori bai, jakina, lan guztia neuk egin behar dut: idatzi, maketatu, promozionatu, saldu…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).