Lezamako Udalak 100.000 euro inguru bideratuko ditu herritarren proposamenak burutzeko

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 23a, 09:34

Lezamako Udalak prentsa-ohar baten bidez zabaldu duenez, 98.100 euro bideratuko dituzte parte hartzeko aurrekontuen lehenengo bi fasetan herritarrek egindako eta aukeratutako proposamenak burutzeko. Behin bozketa eginda, biztanleriak zazpi lehentasunezko proiektu hautatu ditu, eta horiek gauzatzeko, gobernu-taldeak 8.100 gehitu dizkio hasieran 90.000 eurokoa zen aurrekontuari, “herritarren beharrei erantzuna emateko asmoz”.

Egitasmoak hurrengo hauek dira: eserlekuak ipintzea udalerriko hainbat tokitan (122 boz, 7.100 euro); tren-geltokira igotzeko biribilgunean zebra-bidea jartzea (115 boz, 15.000 euro); oinezkoentzako pasabideen ikuspena hobetzea Athleticen errepide orokorraren eta instalazioen arteko elkargunean, eta sagardotegirako eta Goikobarrio alderako bideko argiak hobetzea (108 boz, 15.000 euro); Enaitz tabernatik ludotekara zebra-bidea jartzea (92 boz, 4.000 euro); saski batzuk gehitzea Gurutzeko futbol-zelaian (62 boz, 6.000 euro); Pumptrackean argiak ipintzea (56 boz, 21.000 euro); eta bidegurutzeetan kartelak jartzea auzoen izenekin eta etxebizitzen zenbakiekin (55 boz, 30.000 euro).

Jon Ander Aurrekoetxea, Lezamako alkatea, pozik azaldu da prozesuak izan duen parte-hartzearekin eta biztanleen beharrei arreta eskaintzearen garrantzia azpimarratu du: “Lezamarrak dira udalerriko beharrak ondoen ezagutzen dituztenak; horregatik, beharrezkoa da haiei tresnak ematea, udalari proposamenak eta ardurak helarazi diezazkioten. Gainera, aurten, azken urteetako ekonomia-kudeaketa onari esker, parte hartzeko aurrekontuen diru-kopurua handitu ahal izan dugu, proiektu gehiago gauzatu ahal izateko”.

Parte hartzearen datuak

Aurrekontu partehartzaileen lehenengo fasea 2023ko urriaren 23tik azaroaren 5era bitartean garatu zen, eta 16 urtetik gorako 81 lezamarrek 175 proposamen egin zituzten. Ondoren, teknikariek eta gobernu-taldeak proposamenen bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa aztertu, eta 13 egitasmo aukeratu zituzten bigarren faserako. Urtarrilaren 22tik otsailaren 4ra, 214 pertsonak (217 guztira, hiru baliorik gabeko inkestarekin) udalak landutako galdetegia bete zuten ahalbidetu ziren kanalen bidez: modu presentzialean; udalerriko hainbat gunetan eta liburutegian ipinitako postontzietan (70); kaleetan eta auzoetan prozesua dinamizatzeaz arduratu den enpresako langileei helarazita (57); eta modu telematikoan udal-webgunean eta QR kodearen bidez (90).

Generoaren araberako partaidetzari dagokionez, parte-hartzaileen % 54 emakumeak izan dira: 115, hain zuzen. Era berean, 96 gizonek bete dute galdetegia; genero ez-binarioa duten lau pertsonak eta generoaren atala bete ez duten bi pertsonak. Galdetegien % 71,5 gazteleraz bete zen, eta 28, 5 euskaraz. Parte-hartzaileen % 44 41 urtetik 60 urtera bitartekoak ziren, eta partaidetza txikiena 16 urtetik 25 urtera bitarteko adin-tartean izan da: % 13.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).