Argi-sableen borroka Lezaman

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 1a, 13:46

Borroka-kirola da LudoSport, eta arte martzialak eta Star Wars saga zinematografikoaren argi-armak uztartzen ditu. Ekainaren 16an, Estatuko txapelketa egin zen lehen aldiz Euskal Herrian, non eta Lezaman. Esther Lancha da LudoSport Atlas eskoletako nazio-koordinatzailea, eta esan digu oso pozik daudela kirol honek Txorierrin izandako harrerarekin. LudoSport-era bere eskutik hurbildu gara.

Argizko armekin egiten den borroka da LudoSport, eta arte martzialetan dago oinarrituta. “Oso kirol ikusgarria da, eta batzuetan pentsatu daiteke borroka aurretik prestatuta dagoela, baina ez da horrela. Are gehiago, bi pertsona bi aldiz, jarraian, borrokatzen ikusten badituzu, konturatuko zara borrokak erabat ezberdinak direla. Benetako borroka da eta oso harro gaude horretaz”, azaldu digu Lanchak. Estiloaren arabera, borroka martzial baten edo bestearen eragina du. “Adibidez, lehenengo estiloak edo formak kendoren eragina du, eta bigarrenak, kirol-esgrimarena”.

LudoSport borroka bat ikustean, argizko armak dira arreta ematen digun lehen gauza. “Hiru arma-mota ditugu. Lehenengo eta behin ikasten da sable luzea erabiltzen. Horrek aluminiozko ezpata-buru du, eta bere barruan osagai elektronikoak daude, argia eta soinua sortzen dituztenak; xafla polikarbonato malguaz eginda dago. Bigarren arma dira espata bera edo dagak. Horiek ere ezpata-burua dute, baina xafla laburragoa da; esku bakoitzarekin daga bat erabiltzen da. Azkenik, makila dugu, pelikuletan ohiko arma dena: ezpata-buru bi ditu lotuta, eta xafla tamaina ertainekoa da. Zaila da makila erabiltzea, asko pisatzen duelako eta, hortaz, hura mugitzea asko kostatzen delako. Gainera, bi xafla dituenez, bakoitza norabide batean ibiltzen da; hau da, xafla bat zugana etortzen bada, bestea urruntzen da, eta alderantziz”.

Edozein kirol-motak bezala, euren uniformea dute. “Hasiberriek praka eta kamiseta beltzak janzten dituzte. Lehenengo hiru urteetan zehar, maisuak prest zaudela pentsatzen badu, mailaz aldatu zaitzake, eta orduan marroi koloreko azpitunika eta gerrikoa jantzi dezakezu. Lehenengo hiru urteak amaituta, azterketak eginez joan behar da azpitunikaren kolorea aldatzeko. Mailaz igo ahala alda- tzen da arroparen kolorea, arte martzialen gerrikoekin egiten den moduan”.

Teknika

Ikusgarritasunetik harago, LudoSportek baditu bere arauak eta teknika, eta badaude hainbat borroka-estilo. “Kanpotik ikusita, pentsatu daiteke ez dela oso kirol konplexua, baina apur bat ezagutzen duzunean konturatzen zara edozein arte martzial bezain konplexua eta zabala dela; ezberdintasuna da arte martzialek milaka urte dituztela, eta gure kirola, berriz, jaio berria da”. Gaur egun zazpi estilo daude. “Lehenengo forman, sablea esku birekin erabiltzen ikasten da, eta bigarren forman, esku batekin. Hirugarren, laugarren eta bosgarren formetan, arma bakoitza erabiltzen ikasten da, eta beraz, aukerak biderkatzen dira. Seigarren eta zazpigarren forma, bestalde, garatze-prozesuan daude gaur egun”.

Lancharen esanetan, kirol mistoa eta inklusiboa da. “Sexuari, adinari, pisuari, eskarmentuari… dagokienez, ez dago mugarik. Esate baterako, hasi berri den per- tsona bat arazo barik ibili daiteke urteak daramatzan pertsona baten kontra norgehiagoka, helburua baita elkarrengandik ikastea. Azken batean, indar fisikoa edo azkarra izatea ez dira hain inportanteak, teknika eta zehaztasuna baizik. Beste alde batetik, egia da gizon gehiago daudela, baina, zorionez, gizonen eta emakumeen arteko aldea murriztuz doa pixkanaka-pixkanaka. Gure eskolak, adibidez, sustatzen du emakumeok txapelketetan parte hartzea, eta, hortaz, lehiaketetan ez ezik podiumetan ere gero eta emakume gehiago daude”.

Kirol honek dakartzan onura fisikoak eta mentalak ere aipatu ditu Lanchak. “Kirol anaerobikoa da eta gorputzeko muskulu guztiak lantzen dira, ze sablea modu egokian erabiltzeko, era koordinatuan mugitu behar dira gorputz osoko muskuluak. Era berean, estresa kentzen duen kirola da: lanaldiaren ostean –batez ere txarra izan bada–, entrenatzera etortzea eta lagunekin partekatzea oso mesedegarria da; komunitate- eta familia-sentimendua sortzen da”.

Profil anitza

Hainbat arte martzialetan maisuak diren Italiako hiru lagunek LudoSport kirola sortu zuten 2006an. “Pentsatu zuten euren ezagutza argizko sablera egokitu ahal zutela. Estatura 2015ean ailegatu zen, eta Atlas proiektua 2021ean sortu zen, kirola penintsula osora zabaltzeko”. Duela gutxi eskola zabaldu da Bilbon eta Donostian. “Oso maila altua lortu dute denbora gutxian; oso pozik gaude”.

LudoSport egiten dutenen profila oso anitza da, Lancharen esanetan. “Egia esan, duela urte batzuk apur bat friki zen, gehienak Star Wars sagaren zaleak zirelako. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, profila aldatu da eta gaur egun oso pertsona kirolzalek egiten dute LudoSport. Sasoi onean dauden kirolzaleak dira eta erronka berri bila dabiltza, ohiko kirolez aspertu dira eta”. Eskoletan 15 urtetik 60 urtera bitarteko lagunak daude, kirolari gehienak 30 urtetik 40 urtera bitartekoak badira ere. “Lehen aipatutakoez gainera, aurretik kirolik egin ez duen jendea ere badago, baina LudoSport ezagutu dute eta bete ditu, bizitza-ohitura osasungarriagoak hartu dituztelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).