Zein da ikuskizunaren iturburua?
Ikasleei zein gure buruari erronka berriak ipintzeko, ikuskizun berezi bat egitea pen- tsatu genuen, emanaldi profesional bat zer den ikusi zezaten. Ikuskizuna dantzariekin, kantariekin… batera egin genuen, eta emanaldiaren haria Kepa Junkera izan zen. Kepa erreferentea da niretzat eta ikusten nuen berari omenalditxoa egiteko beharra. Itzela izan da, ze ikuskizunean 115 ikaslek parte hartu dute eta hasieratik izan dute oso ilusio handia. Oso emaitza polita izan da, eta emozionalki ere oso potentea. Ziur asko, musikak eman dien esperientziarik onena izan da, eta horren bila ibili gara hain zuzen ere. Izan ere, ikasgelan ikasten dena inportantea den arren, nik ez dut ezta eskola-saio bat ere gogoratzen; bizi izandako esperientziak gogoratzen ditut, eta hori nahi dut ikasleentzat ere.
Erreferentetzat duzu Junkera.
Behin, Korrika kulturala zela eta, Kepak Seminarioan egindako kontzertura joan nintzen eta handik erabat liluratuta irten nintzen. Pagarekin eta trikitia jotzen irabazten nuen diru apurrarekin hasi nintzen bere diskoak erosten eta bere jotzeko eratik ikasten. Geroago, 2003an, Mikel Zarateren omenezko Ekidazu diskoa grabatu genuen bere estudioan, eta lehen hartu-emana izan zen gure artean. Urte horretan bertan hasi nintzen bere musika-eskolan irakasle, eta harremana estutu zen; itzela niretzat!
Ikasleentzat erreferente izatea gustatuko litzaizuke?
Erreferente izatea ardura handia da, eta saiatu behar duzu eredugarria izaten. Ni asko inplikatzen naiz eskolan. Azken batean, musikatik haratago, gauza asko gertatzen dira ikasgelan, eta batzuetan ikasleak kezkekin etortzen dira. Gustura egon behar da ikasteko, eta, nire ustez, batzuetan hobe da musika-eskola albo batera utzi eta kezkatzen dituen horri irtenbidea-edo ematea, ikasleek ikusteko guztiok halako egoerak bizi izaten ditugula. Ez dakit baten batek musika-erreferentetzat izango nauen, ibilbidea irakaskun- tzan jorratu dut eta, baina espero dut arlo pertsonalean behintzat baten batentzat erreferentea izatea.
Hamabi urterekin hasi zinen trikitia jo- tzen, eta 16 urterekin eskola ematen. Bitxia da oso.
Lau urte horietan asko jo nuen etxean zein kalean! (kar-kar). Gogoratzen dut egunkari batean Bertokoren gaineko artikulua argitaratu zutela, eta irakasle batek esan zuen nigan nahiko afizio berezia ikusten zuela eta uste zuela zerbaitera ailegatuko nintzela. Bada, nik ez dakit ausartuko nintzatekeen ikasle bati buruz hori esatera, bizitzan aldaketa asko daudelako, baina, bueno, behintzat mundu honetan jarraitzen dut. Hala ere, nire asmoa ez zen trikiti-irakaslea izatea. Egia da nire burua Lehen Hezkuntzan-edo ikusten nuela lanean, baina trikiti-irakaslea izatera bizitzak berak eraman nau: eskola-saioak kateatuz joan nintzen hara eta hona, harik eta musika-eskolen estrukturan sartu nintzen arte. Gustura bazaude, lan polita da.
Pozik, beraz, Arratian eta Elorrion.
Bai. Larrabetzun ere urte askoan ibili naiz irakasle, eta Lezaman, 20 urte baino gehiago. Baina pandemia ailegatu zen, eta musika-eskolek ere gero eta denbora gehiago eskatzen zidaten, eta ezin nion denari heldu. Nolanahi ere, ateak hor daude, eta agian itzuliko naiz egunen batean, ze beti dugu etxera itzultzeko gogo hori.
Beste musikari batzuekin kolaboratzen duzunean ere pozik?
Bada, ez zait asko gustatzen. Desabantaila –edo abantaila– da oso jende onarekin lan egiten dudala, eta batzuetan oso txiki ikusten dut nire burua. Proposamena jasotzen dudanean, bakarrik onartzen dut benetan ekarpena ona egiteko gauza naizela uste badut. Josu Bergararekin kolaboratu dut, Kartzarot taldearekin, Nerea Zuloagarekin, Goazen! saioko kanta batean… Baina, egia esan, ez dut nire burua musikari moduan hainbeste ikusten. Zaila da irakaskuntzan sakon aritzea eta gero musika-ibilbidea izatea; azkenean, bata ala bestea aukeratu behar da denbora-faltagatik.
Gustatzen zaizu agertokira igotzea?
Bai, baina ez da nire habitat naturala. Gainera, halako kolaborazioetan abesti bat edo bi jotzeko igotzen da agertokira, eta gustura egoten hasten zarenean, tira, jai-tsi behar! Astrapala egitasmoarekin 10 urtez ibili ginen, eta agertokira ere igo ginen inoiz, baina ez da guztiz nire lekua. Horregatik ibiltzen naiz agertokian argazkiak egiten; ez dut inoiz ondo eraman besteek arreta nire buruan ipintzea.
Hamahiru urte dira Lagunartean lana kaleratu zenuela. Abestirik konposatu duzu handik hona?
Bai, baina oso serio hartzen dut diskoak egitea. Nire ustez, zer kontatu izan behar da diskoa kaleratzeko, eta batzuetan urte batean ez da lortzen zer kontatu. Egia da nire kasuan 13 urte pasatu direla, baina argazkigintzan gehiago zentratu naizenez, irudien bitartez musikaren bitartez baino gehiago dut kontatzeko, beharbada. Hamar urte hauetan egindako argazkietako batzuk liburu batean jasotzeko asmoa dut. Irudiekin batera esperientziak eta gogoetak ere idatzi nahi ditut, eta gehigarri moduan hiru abesti berri sartu.
Nola bihurtu zinen taldeen argazkilari?
Xabi Solanok Lagunartean diskoan kolaboratu zuen eta hasi ginen hartu-eman handiagoa izaten. Lezamako eskolaren 25. urteurrenari buruzko dokumentala grabatu ondoren gauza gehiago egiteko gogoz lotu nintzen. Xabik esan zidan Esne Beltzaren disko berria grabatzen hasiko zirela, eta proposatu nion making of-a egitea. Baietz erantzun zidan, eta harrezkero 11 urte pasatu dira. Ehunka kontzertu izan dira, ehunka leku, jende asko ezagutu… Gero beste musika-talde batzuk etorri ziren. Euskal talde gehienei egin dizkiet argazkiak.
Haiek deitzen dizute?
Gehienetan bai. Hala ere, egia da batez ere lehenengo urteetan ikasi behar dela, eta horretarako, ezagunei galdetzen nien ea kontzertuen argazkiak egitea nahi zuten. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, joaten da harremanak sortuz eta zure lana ezagun egiten da mundu honetan. Nire lan egiteko modua ere gustatzen zaie, ze hasi nintzenean argazkilariok ez geunden kontzertuetan ondo ikusita…
Zer dela eta?
Argazkilariok ulertu behar dugu kateko azken katebegia garela eta musikarien, teknikarien… lana errespetatu eta baloratu behar dugula. Baita publikoa ere. Agertokiaren inguruan ninjak bezala ibili behar dugu: inork ez bazaitu ikusten, hobeto. Baina, aldi berean, kontzertuaren momentu guztiak biltzen ahalegindu behar dugu, eta oreka topatu behar da horretarako. Idatzita ez dauden arauak daude: non sartu ahal zaren eta non ez, gainerakoen lanari trabarik ez ipini…
Ez du erraza ematen.
Sorkuntza-prozesua da, eta arreta ematen dizuten gauzen bila ibili behar duzu. Poztasun handienak hortik etorri zaizkit niri. Adibidez, Berri Txarrak taldeak agur esateko biran, Oialumen, momentu batean oso argi ikusi nuen Gorkaren gitarra, eta egindako argazkia oinarritzat erabili da taldearen omenez Lekunberrin ipinitako murala margozteko. Bestalde, oso azkar egin behar da lan, ordubete-edo dugulako, ahalik eta lan txukunena egiteko. Gainera, taldeek eskertzen dute argazki-sorta zabala edukitzea, angelu guztiak ikusi ahal izateko, lehenengo planoak, argazki zabalak… Ni ahalik eta lan konpletoena egiten saia-tzen naiz beti; hau da, norbait kontzertura joan ezean, argazkien bidez zelangoa izan den irudikatu dezan.
Oso estilo berezia duzu; zelan deskribatuko zenuke zeuk?
Bete-betekoa dela esango nuke. Kontzer- tuetara hiru argazki-kamera eramaten ditut, eta bakoitzak bere objektiboa du: arrain-begia, angelu ertaina eta zooma. Ondorioz, denetarik atera dezaket: publikoa, musikariak eta eszenatokia ba-tzen dituzten argazki zabalak zein detaile txikiak. Beste aldetik, nahiz eta zuri-bel-tzezko argazkiak ere egin, gustatzen zait argazkiak kolore aldetik oso indartsuak izatea. Gainera, gizarte-sareetan asko erabiltzen direnez, deigarriak izan behar dira, nire ustez.
Lan polita dela dirudi.
Bada, famatuekin ibiltzen zarelako, hasieran ilusio handia egiten duelako eta zure argazkiak gizarte-sareetatik ibiltzea gustatzen zaizulako. Baina nik ez dut jada ikuspuntu horretatik lan egiten, beste gauza batzuk ere egon behar direlako: lan-baldintza onak, ordainsaria… Zuk ere, jakina, profesionaltasuna eskaini behar duzu. Ni gehien pozten nauena da musikariek eta produkzio-jendeak nire lana baloratzea eta errespetatzea: zerbait ondo egiten gabiltzan seinalea da.
Neketsua ere bai.
Ikusten den lan polit horren atzean daude orduz kanpo lan egitea, zure gainean erori daitekeen kalimotxoa, agertokiko arriskuak, etxera ordu txikietan itzuli behar izatea, argazkiak lantzea… Talde batzuek asko estimatzen dute egindako lana, baina beste batzuek, ez hainbeste. Batzuetan oso momentu politak bizi izaten dira; beste batzuetan, dezepzio txikiak.
Batez ere Euskal Herrian egiten duzu lan.
Estatutik ere jasotzen dut eskaintza dezente, baina normalean ezetz erantzu- ten dut. Bakarrik argazkigintzan ibiliko banintz, ezberdina izango litzateke, beharbada, baina argazkilaritza profesio bihurtutako zaletasuna da, eta lehentasuna irakaskuntzari ematen diot. Madrilera, esaterako, joan behar izanez gero, asteburu osoko bidaia izango litzateke, eta hurrengo egunean eskolara joan beharko nuke; gehiegi. Era berean, norekin lan egiten dudan ere inportantea da. Adibidez, nazioarteko reggaeton-abeslari ospetsu baten eskaintzari ezetz esan nion, lehen aipatutako arrazoiaz gainera, ez nintzelako hain gustura sentituko.
Ia 500 kontzertu egin dituzu, beti gustura?
Agian baten edo bitan ez naiz oso ondo sentitu, batzuetan zure esku ez dauden gauzak gertatzen direlako. Hala ere, oso giro ona dago euskal musikarien artean, eta oso ondo baloratuta nagoela sentitzen dut: nire lekua eman didate eta beste taldekide bat banintz moduan tratatzen naute.
Gogoratzen duzu baten bat bereziki?
Alde batetik, Esne Beltzak Japonian, Fujirock jaialdian, egin zuena 2018an. Jaialdi horretatik nazioarteko artistarik onenak pasatzen dira, eta agertoki nagusietako batean euskal talde bat egotea egundoko lorpena da. Gainera, esperientzia izugarria izan zen hamar mila japoniar ikustea dantzan, irrintzika, euskaraz ahal moduan abesten… Eta bestetik, Berri Txarraken agur-kontzertua, energia oso berezia sortu zelako. Hunkigarria izan zen oso.
Zelan uda?
Hamabost bat kontzertu egingo ditut, eta batez ere Esne Beltzaren agur esateko biran ibiliko naiz. Bira 2025ean amaituko dute, eta haiekin hasi nintzenez, ahalik eta ondoen itxi nahi dut etapa hau. Gero, hiru hiriburuetako aste nagusiak hurbildu ahala, kontzertu gehiago aterako dira. Nolanahi ere, gaur egun gehiago pentsatzen dut zein kontzertu egin eta zein ez. Lehen 60 kontzertu inguru egiten nituen urtean, eta ezin da horrela ibili: autoz leku batetik bestera, lo gutxi…
Lehen aipatutako liburuaz gainera, proiektu gehiagorik?
Bada, ikasleekin beste proiektu potoloago bat egitea, aurten muga oso goian ipini dugu eta. Orain arreta osoa dut Esne Beltzaren biran ipinita, baina udaberritik aurrera hasiko dira gauza berriak heltzen. Ni ez naiz geldirik egon daitekeen pertsona, eta proiektu bat amaitu baino lehen banago hurrengoan pentsatzen. Azken batean, proiektu eta ilusio berriak behar ditugu sortzaileok.
Bi pasio
Kurutze Lezamako dantza-taldean txistua jotzen ikasi bazuen ere, benetan trikitiak ematen zion arreta, eta, horregatik, Bertoko Zamudioko elkartean eman zuen izena. Instrumentuarekin jo ta ke ibiltzeaz gainera, asko gustatzen zitzaion kalean jotzea. “Alde sozial hori izugarri gustuko nuen. Izan ere, nire betiko lagunek beste zaletasun batzuk dituzte, eta trikitiak ekarri dit antzeko gustuak dituen jendea ezagutzea, Euskal Herri osoan lagun berriak egitea, inguru euskaltzaleago batean ere murgildu ahal izatea, hainbat esperientzia…”. Hasieratik erakutsi zuen instrumenturako talentua eta gogoa, eta irakasle-ibilbideari ekin zion oso gaztea zela. Bidean, zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola Lezamako Andramariak (2002) eta Ekidazu (2003); Lagunartean bakarkako diskoa (2011) kaleratu du; eta kolaborazioak egin ditu hainbat musikarirekin.
Eskola emateko, gaztaroan bidelagun izan zuen trikitia erabiltzen du oraindik. “Gorria da eta banda zuriak ditu. Ikusi bezain laster maitemindu nintzen berarekin”. Txorierrin musika-eskola publikoa egoteko beharra azpimarratu du. “Txorierri eta Arratia oso antzekoak dira. Musika-eskolako irakasleok herriz herri ibiltzen gara Arratian, eta uste dut bertan ere zerbait antzekoa egin daitekeela. Alde batetik, gazteek herrian bertan, edo ondoko herrian, izango lukete musika non ikasi; eta bestetik, ikuskizun edo egitasmo komunak eginez, herrien arteko lotura estuagoa izango litzateke. Hau da, bailara egingo genuke”.
Beste aldetik, txikitatik da argazkigintzaren zale amorratua, eta eskuetan lehen aldiz kamera digital bat izan zuenean are eta handiagoa bilakatu zen bere afizioa. Autodidakta da, eta ekinaren ekinez joan da ikasiz eta bere teknika landuz, harik eta euskal musika-agertokiko argazkilari estimatuenetako bat bihurtu den arte. Taldeen kontzertuak dokumentatzeaz gainera, argazkietan betikotu ditu Lezamak urteetan izan duen bilakaera –Lezama iruditan webgunea– eta herriko egitasmo nagusiak, esaterako, Gure Esku mugimendua eta Lezamako Mugetatik mendi-lasterketa. Argazkiak ez ezik, bideoklipak ere egiten ditu lezamarrak, nahiz eta aspaldi honetan arlo hori apur bat baztertuta duen. Bere bideoklipik biralena da Erre zenituzten, Larrabetzuko Bizkargi dan- tza-taldeko gazteekin grabatu zuena eta mundu osora zabaldu dena.