Herri-sentimendua eta jaien tradizioa sustatuko dira Lezaman

a: Gaizka PeƱafiel 2024ko ira. 2a, 13:45

Irailaren lehenengo hamabostaldian, jaietan ibiliko dira lezamarrak, andramariez gainera, Bola-lekuko jaiak eta eta Kurtzeko jaiak ospatuko dituzte eta. Andra Mari jaiak, bestalde, nobedade handiarekin etorriko dira, jai-batzordeak webgunea sortu duelako, lezamarrek jaiei buruzko informazio osoa izan dezaten eta jai herrikoien giroan murgiltzeko aukera galdu ez dezaten.

“Jaiak herritik eta herriarentzat” lemari jarraituta, herriari bizitasuna ematea du helburutzat Basobaltz Lezamako jai-batzordeak. “Lezamarrak jai-giroan murgildu nahi ditugu, egun osoko ekin- tzetan parte hartzea sustatuz eta, horrela, koadrilen arteko harremana sendotuz”, azaldu dute. Baina pauso bat harago ere egin nahi dute, eta tradizioari eta kulturari eusteko asmoa dutela, belaunaldi berriei herriko jaiekiko sentimendua helarazteko beharra ikusi dute. “Gure premia da lezamarrengan herri-sentimendua eta jaien tradizioa sustatzea, herriko jaien kultura eta euskararen garrantzia mantenduz. Jai herrikoi eta euskaldunen alde gaude, parte hartzea bultzatzen duten jaien alde!”.

Horretarako, eta urtero egiten duten moduan, adin eta gustu guztientzako jai-egitaraua antolatzen ahalegindu dira. Ekintzen artean nobedadeak ere egongo dira. “Jai-egitarauari dagokienez, nobedaderik handiena da irailaren 8an, Andra Mari egunean, hainbat ekintza antolatu ditugula: erraldoien kalejira, umeentzako disko-festa, dantza-plaza… Baina badugu beste nobedade garrantzitsu bat: jaietako informazioa zabaltzeko eta herritar guztiengana heltzeko, webgune bat sortu dugu, eta bertan jaiei buruzko informazio guztia egongo da eskuragarri, edonork kontsultatu ahal izateko. Webgunea hurrengo lotura honetan dago: https://sites.google.com/view/lezamakojaiak/inicio”.

Aipatu dutenez, ekintza guztiek dute euren xarma; hala ere, pare bat-edo azpimarratu dute. “Barikuko mozorro-jaitsierak arrakasta handia izaten du. Jaitsieran 20 koadrilak baino gehiagok hartzen dute parte, eta horrek bizitasun handia ematen die jaiei. Bestalde, herri-bazkariak harrera ikaragarria izan zuen iaz, eta han adin guztietako zorrizto asko batu ginen. Gainera, Zorrizketanek bingo musikatua antolatu zuen bazkalosterako eta oso giro polita egon zen. Aurten koadrilen arteko lehiaketa egongo da bingo ondoren; zein izango da Lezamako koadrilarik trebeena?”.

Beste alde batetik, sexu-erasoei aurre egiteko protokoloa ere izango da, eta aurreko urtean moduan, brigada feminista osatu da jaiei begira. “Irailaren 6an eta 7an, 22:00etatik 06:00etara, brigada feminista egongo da, Moreak talde feministak, Lezamako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak sustatuta. Erasorik gabeko jaiak nahi ditugu, eta argi utzi nahi dugu Lezaman ez dugula inolako eraso sexistarik, homofoborik edo arrazistarik onartuko”. 

Ohikoa denez, Lezamako Mugetatik mendi-lasterketa eta San Antolin Eguna izango dira Andra Mari jaien bezpera. Andramariak barikuan, irailak 6, hasiko dira. Arratsaldean, jaietako ekintzarik potenteenetariko bat izango da, mozorro-jaitsi- era, eta aurten Euskal Herria aukeratu da gai moduan. Lezama Saretzen elkarteak pregoia irakurri, eta txupinazoak hasiera ofiziala emango die jaiei. Horren ostean, gustu guztientzako musikaz gozatzeko aukera egongo da: Puro Relajo, Sakatu, JotaKe erromeria-taldea eta Dj Serna.

Zapatua Odoloste Eguna izango da, eta jatetxeetan eta tabernetan odolosteak izango dira dastatzeko. Jai-egitarauari dagokionez, Zorribike elkarteak antolatuta, punptrack erronka egongo da goizean, eta 11:30etik aurrera umeentzako ekin-tzak, hala nola ur-puzgarriak, ludoteka eta tailerrak. Kopaua eta bingoa egingo dira Adintsuen Elkartean, eta Burrundadie batukada-taldeak eguerdia girotuko du herri-bazkariaren ordurarte. Bazkarirako txartelak irailaren 1era arte egongo dira salgai dendetan eta tabernetan. Ostean, bingo, mus-txapelketa eta koadrilen arteko lehiaketa egingo dira. Clown mago baten ikuskizuna eta trikiti-poteoa ere izango dira, eta agertokira igoko dira Xsakara, Xiberoots eta Dj Calonge.

Zaindariaren eguna ere ekintzaz beteta etorriko da. Erraldoiak kalejiran irtengo dira goizean, eta disko-festa eta Ekidazu abesbatzaren eta Bilboko Akordeoi Taldearen musika-emanaldia egongo dira. Arratsaldean, bestalde, euskal dantzen erakustaldia, esku-pilota eta pala partiduak eta dantza-plaza izango dira aurtengo jaiei agur esateko. Andramariak amaitu arren, jai-giroak jarraituko du Lezaman, martitzenean, irailak 10, Bola-lekuko jaiak ospatuko dira eta. Paella-txapelketaz gainera, zurezko jolasak eta txokolatada egongo dira, eta Dj Kaktusek dantzan ipiniko ditu umeak eta helduak. 

 

Santa Kurtze

Kurtzeko jaiek lekukoa hartuko die andramariei. Txupinazoa barikuan, irailak 13, botako da eta Zuzterrak taldeak girotutako trikiti-poteoa eta Knaiak taldearen kontzertua izango dira. Gainera, odolosteak dastatzeko aukera egongo da tabernetan. Zapatuan, sukalki- eta tortilla-txapelketak egingo dira, eta aulkiak eta mahaiak hartzeko txartelak aurretik erosi beharko dira tabernetan. Goizean ere, Zorribike txirrindularitza-elkarteak antolatuta, MTB gazte-martxa egingo da bosgarren aldiz: izena emateak hiru euro balioko ditu aurretik, eta bost euro, egunean bertan. Era berean, umeentzako ur-puzgarriak eta tailerrak egongo dira, eta areto dantzen erakustaldia, Lezamako Areto Dantza Taldearen eskutik.

Bazkaldu ostean, holi festa koloretsua egingo da, eta, badaezpada, antolatzaileek bainujantzia eta arropa zaharra janz- teko gomendioa egin dute. Tolin Show eta bingoren ostean, Etxebarria Aita Semea Trikitilariek girotuko dute iluntzea, eta afaltzeko, hirugihar- eta txorizo-ogitartekoak salgai ipiniko dira euro batean. Sorgina erreko da, eta jaiak amaituko dira.  Dj Benek musika ipiniko dio gauari. Domeka arratsaldean, eta Lezama Sport kirol taldeak antolatuta, Mikel Llodioren oroimenezko partida triangularra jokatuko da Athleticeko instalazioetan, eta bertan norgehiagoka ibiliko dira Lezama Sport, Solokoetxe eta Iberlanda.

 

EGITARAUA

 
Irailak 6, barikua

11:00 Deiadarra

18:00 Koadrilen jaitsiera. Mozorroaren gaia: Euskal Herria

19:00 Txupinazoa eta pregoia, Lezama Saretzen eskutik

19:30 Kontzertua: Puro Relajo

21:00 Sakatu elektrotxaranga

00:00 Sariak banatzea

00:00 Kontzertua: JotaKe erromeria

02:00 Dj Serna

04:00 Musika, txosnan

Irailak 7, zapatua

Odoloste eguna

Odolosteak herriko jatetxe eta tabernetan

11:00 Deiadarra

11:00 “Lezamako II. Pumptrack erronka”, Zorribike elkarteak antolatua

11:30-14:30 Ur-puzgarriak, umeentzako ludoketa eta tailerrak, udaletxearen atzeko aldean

14:00 Kopaua eta bingoa, Adintsuen Elkartean, Lezama Saretzenen laguntzarekin

14:30-15:00 Batukada, Burrundadieren eskutik, Hilario Astorki plazan

15:00 Herri-bazkaria, karpan

Bingo musikatua, Zorrizketanek antolatua

17:30 Mus txapelketa, Enaitz tabernan

18:00 Koadrilen arteko lehiaketa, Euskaldun Berri plazan

20:00 Clown magoa, Euskaldun Berri plazan

20:00 Trikiti-poteoa

22:00 Kontzertua: Xskara

00:00 Kontzertua: Xiberoots

02:00 Dj Calonge

04:00-06:00 Musika, txosnan

Irailak 8, domeka

Andramari Eguna

11:00 Deiadarra

11:30 Kalejira eta erraldoiak, Hilario Astorki plazatik, Kurutze dantza-taldearen laguntzarekin

12:30 Meza

13:00-14:30 Dantzatzeko Prest disko-festa, karpan

13:30 Ekidazu abesbatzaren eta Bilboko Akordeoi Taldearen musika-ekitaldia, elizan

17:30 Euskal dantzen erakustaldia, Kurutze dantza-taldearen eskutik, Hilario Astorki Plazan

18:30 Esku-pilota eta pala partidak, Lezamako Pelota Klubak antolatua

19:00 Dantza-plaza, txosnagunean, Kurutze dantza-taldearen laguntzarekin

21:00 Jaiak amaitzea

Irailak 9, astelehena

12:30 Meza

Irailak 10, martitzena

Bola-lekuko jaiak

11:00 Deiadarra

12:00 Paella txapelketan izena ematea

14:00 Paellak aurkeztea

17:30 Zurezko jolasak umeentzat

18:00 Txokolatada

19:30-22:00 Dj Kaktus

 

KURTZEKO JAIAK

Irailak 13, barikua

19:30 Txupinazoa eta odolosteak tabernetan

19:30-22:30 Trikiti-poteoa eta dantza-plaza, Zuzterrak taldearekin

23:00 Kontzertua: Knaiak

Irailak 14, zapatua

09:30 Aulkiak eta mahaiak banatzea

10:00 V. Kurtzeko MTB gaztetxo-martxa, Zorribike elkarteak antolatua

11:00-12:00 Sukalki- eta tortilla-txapelketetan izena ematea

11:00-13:30 Ur-puzgarriak eta tailerrak

12:00 Meza

13:00 Dantza-erakustaldia, Lezamako Areto Dantza Taldearen eskutik

13:30 Tortillak aurkeztea

14:00-14:15 Sukalkia aurkeztea

16:30 Holi festa

18:30 Tolin Show eta bingoa

20:30 Etxebarria Aita Seme Trikitilariak

20:00-21:00 Hirugihar- eta txorizo-bokatak

22:30 Sorgina erretzea

Dj Bene

Irailak 15, domeka

12:30 Meza eta kopaua, trikitiak girotua

Arratsaldean, II. Mikel Llodioren Memoriala Triangularra, Athleticeko instalazioetan

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).