Etorri artistikoa txikitatik duzu, ezta?
Bai. Asko gustatzen zait marraztea, txikitatik. Pintura-eskolak jaso nituen eskolan nengoela, eta gero, institutuan, poz-pozik joaten nintzen plastika-eskolara. Horregatik erabaki nuen batxilergo artistikoa egitea. Ondoren, Arte Ederrak ikasten hasi nintzen, baina bi ikasturte baino ez nituen egin, motibazioa galdu nuen eta.
Zergatik?
Alde batetik, irakasleak ez zirelako askotan ikasgelatik agertzen, eta beste alde batetik, eskola-saioak ez zirelako nik espero nuena izan. Argazkilaritza ere txikitatik gustatzen zait: etxean beti izan dugu argazki-kamara bat, eta handik eta hemendik ibiltzen nintzen argazkiak egiten, lagunei-edo. Hortaz, erabakita nuen Arte Ederrak amaitu ondoren argazkilaritza ikastea; azkenean, ez nuen itxaron unibertsitatea amaitu arte eta argazkilaritza ikasteko momentua aurreratu nuen.
Pozik hartutako erabakiarekin?
Oso. Gainera, argazkilaritza analogikoarekiko interesa piztu zitzaidan: laborategira sartzea, ilunpetan, paper zuri batetik argazki bat ateratzea… Hori magia da! Argazkilaritza analogikoan buru-belarri nabil gaur egun. Etxean ez dut laborategirik, eta argazkiak laborategi batera bidaltzen ditut errebelatzera. Hau dela, bestea dela, apur bat garestia da, baina gero zure lana ikusteak «subidoia» ematen du.
Zerk erakartzen zaitu?
Bada, argazkilaritza digitalean ez bezala, argazkilaritza analogikoan dena izan behar duzu oso argi eta oso ondo pen- tsatuta, argazkia egin baino lehen: argia bera, denbora… Ezin da editatu. Horrek guztiak erakartzen nau.
Mundu digitalean analogikora itzuli zara.
Bueno, ez pentsa; erabili eta botatzeko argazki-kamerak, esaterako, modan daude berriro. Hori argazkilaritza analogikoa egiteko modua da.
Zuk ere eramaten duzu argazki-kamera egun osoan aldean?
Nik beti eramaten dut argazki-kamera digital txiki bat aldean, ezin baita jakin argazki polit bat egiteko aukera noiz edo non etorriko den. Kamera txiki horretaz gainera, baditut reflex analogiko bat eta beste reflex digital bat, baina ez nabil egunero leku batetik bestera argazkiak egiten. Asteburua pasatzera edo oporretara joaten naizenean, bai; bestela, ez. Jaietan ere argazkiak egin ohi ditut, momentuak gogoratzeko.
Nolako argazkiak egiten dituzu?
Erretratuak egitea gustatzen zait eta batez ere ingurukoei egiten dizkiet argazkiak. Momentu bereziak jasotzea ere gustatzen zait, eta betiko gorde. Hori da, hain zuzen, argazkilaritza analogikotik gustatzen zaidan beste kontu bat; hau da, argazkiak paperean edo pelikulan gorde ahal direla. Digitalean kasuan, aitzitik, handia da argazkiak galtzeko aukera.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Nire argazkiak ilunak dira. Gehienbat zuri-beltza erabiltzen dut, baina kolorea erabiltzen dudanean ere banaiz apur bat «rustikoa»: marroiak gustatzen zaizkit, beltzak, grisak, kolore ilunak… Nire adierazteko modua da. Iluntasunak asko erakartzen nau. Horrela, nire ustez, argazkiek arreta handiagoa ematen dute eta adierazgarriagoak dira.
Lanik egin duzu argazkilari moduan ikasketak amaitu zenuenetik hona?
Lan pare bat egin dut nire kabuz, baina ikusten nabil zaila dela mundu honetan lekua izatea eta jendeak zu ezagutzea. Gainera, oso argazki-kamera onak daude gaur egun, eta halako bat erosita batek baino gehiagok uste du argazkiak egiten dakiela… Argazkilaritzan aritu nahiko nuke nik, laborategi txiki bat atondu, eta esperimentatu. Instagramen ipintzen ditut nire lanak, eta badirudi jendeari gustatzen zaizkiola; hala ere, ez da erraza zu kontratazea… Bueno, saiatuko naiz eta ikusiko da!
Istorioak
Lezamako jaietako kartelak Izarok marraztu ditu aurten. “Eskuz marraztu ditut. Bestalde, orain dela bi urte oihalezko poltsak margotzen hasi nintzen, eta nahiko arrakasta izan zutenez, animatu nintzen azoketara joatera”. Adierazi digu tatuatzailea izateko ikasketak egitea pentsatzen dabilela. “Azken batean, marrazteko beste modu bat da. Gainera, gustatzen zait tatuaiak nire gorputzean ikustea”. Guztira sei tatuai ditu, eta bakoitzak istorio bat kontatzen du. “Frida Kahloren erretratua, esaterako, egin zidaten lehena da. Unibertsitatean hainbat margolari ikusi genituen, eta bera izan zen nigan interes handiena piztu zuena, emakume indartsua zelako eta nabarmendu zelako. Eguzki-loreak eta erletxo bat ere baditut: ahizpak eta biok tatuai berbera aukeratu genuen, zerbait komuna izateko”. Lezamarraren ustez, tatuatzaile moduan lan-aukera gehiago izan ditzake, argazkilari moduan baino. “Egia da tatuatzaile asko daudela, baina lan asko ere bai. Nire artea zabaltzeko beste modu bat izan daiteke, argi eta garbi dudalako lan-ibilbidea arte-mundutik egin nahi dudala”.