Taldea lagun arteko afari batean sortu zen, eta 11 urteren ondoren herrietako plazak eta aretoak betetzen dituzue. Imajinatu zenuten gau hartan?
Inondik inora! Jolas moduan hasi ginen. Lehen urtean zortzi kontzertu egin genituen, guztiak lagunei esker. Baina hurrengo urtean 20 kontzertu baino gehiago izan ziren, eta hurrengoan, 50 baino gehiago. CDren bat ere grabatu genuen. Taldea pixkanaka-pixkanaka joan zen interesa sortuz.
Zer eta rantxerak abestera animatu zineten, gainera.
Rantxerak abesteko ohitura handia dago Nafarroako herri askotan, eta gehienok adituak gara rantxeretan: ezagunak zein hain ezagunak ez direnak badakizkigu. Txikitatik bizi izan dugu horrela, eta Nafarroan mariachi-talde asko daude. Gainera, esan beharra dago lehen aipatutako afari horretan 60 lagun geundela eta guzti-guztiok rantxeren zaleak ginela. Hortaz, rantxerak abestea aukeratu genuen. Gero, jakina, Latinoamerikako beste estilo batzuk ere sartu ditugu gure musika-errepertorioan, eta, zer esanik ez, ohiko euskal abestiak. Helburua da Mexiko eta gurea uztartzea, eta, dirudienez, nahiko ondo uztartu ditugu.
Hausnartu duzue Mexikoko abestiak Euskal Herrian zergatik hainbeste gustatzen diren?
Bada, bere garaian jende askok migratu zuen Mexikora, eta kultura-trukea egon da. Bestalde, corridoen erritmoak eta gure folkloreak elkarren antza izan dezakete kasu batzuetan, eta horrek erakargarri egiten ditu lehenak. Horiek biak izan daitezke arrazoiak, nire ustez.
Edozelan ere, argi dago plazan hainbat belaunaldi batzeko gauza zaretela.
Hasieran, 40-50 urtetik gorako lagunak etortzen ziren kontzertutara, baina gure formula jende gaztea ere erakartzen hasi da, eta asko pozten gaitu. Gure emanaldietan edozein adinetako lagunak topatu ditzakezu gaur egun: zazpi urteko umeak; 15-20 urteko gazteak, zeinak inongo arazorik gabe euren talde kutunen kontzertuetara zein Puro Relajoren kontzertuetara etortzen baitira, eta abesten eta parte hartzen dutenak; eta adin horretatik 100 urtera bitarteko lagunak. Poztasun handia ekartzen du plazetan hainbat belaunalditako lagunak elkarrekin ikusteak, musika bera entzuten eta partekatzen.
Lezamako kontzertuan ere horrela izan zen.
Bizkaitarrak, nafartarrok bezala, oso «salaoak» zarete: beti ibiltzen zarete abesteko eta ondo pasatzeko prest. Lezaman ere hori sumatu genuen. Nolanahi ere, Txorierriko herri guztietan, edo gehienetan, egin dugu kontzertua, eta jendea beti agertu da pozik eta parranda egiteko gogotsu.
Publikoa eszenatokira igo ohi da zuekin kantatzera, ezinbestekotzat jo-tzen duzue?
Abeslari on-onak ez garenez, gure gainerako baliabideak erabili behar ditugu, esaterako, ohiko mariatxien aldean bestelako instrumentuak erabiltzea eta publikoarengandik hurbil egotea. Publikoa kantatzera bultzatzen dugu kontzertuetan, emanaldia askoz politago egiten duela uste dugulako. Agertokira igotzera animatzea ere gustatzen zaigu, eta jendea banaka igotzen da, binaka, taldeka… Batzuetan ondo abesten dute, beste ba- tzuetan, ez hain ondo… Eta haiek abestu nahi dutenera ere moldatzen gara. Laster milagarren kontzertua egingo dugu, eta kontzertu bakoitzean agertokira bizpahiru lagun igo ohi badira, atera kontuak!
Zein abesti eskatzen dira gehien?
Zortzi CD kaleratu ditugu, eta haietan 100 abesti baino gehiago grabatu ditugu. Gainera, YouTubeko kanalean diskoetan sartu ez ditugun abestiak ere badaude. Beraz, errepertorio zabala dugu, eta jendeak denetarik eskatzen du. Hala ere, bi kanta klasiko bihurtu dira kontzertuetan. Alde batetik, Esta es pa´ mi viejo abestia. Pertsona asko identifikatzen dira abesti horrekin, konta- tzen duelako herri txiki bateko gizon baten historia, bizitza egitera hiri handi batera migratu behar duena, eta herriaz samintasunez oroitzen da. Eta beste aldetik, Xalbadorren heriotzean. Hori gure artean ez daudenen oroimenez jotzen dugu, eta oso momentu hunkigarria izaten da.
Esperimentatzea gustatzen zaizue?
Jatorrizko letrak eta melodiak ahalik eta gehien errespetatzen ahalegintzen gara beti, eta batez ere abestien abiadura- eta konponketa-arloetan esperimentatzen dugu. Azken batean, gure instrumentazioa batez ere akordeoian eta tronpetan oinarritzen da, eta abestiak horretara egokitu behar ditugu. Beste alde batetik, gutako batzuok abestiak ere konposatzen ditugu, eta batzuk diskoetan sartu ditugu, eta kontzertuetan jo, baina betiere bigarren plano batean, garrantzi handirik eman gabe. Nolanahi ere, noizean behin gure abestiak jendaurrean jotzea gustuko dugu, pentsatzen dugulako musikak asko eman digunez ordainean guk ere ekarpena egin behar dugula.
Auditoriumetako bira
Pandemiak eragindako geldialdian izan ezik, Puro Relajo gero eta kontzertu-kopuru handiagoa eginez joan da urterik urte. 2024an, esaterako, 137 emanaldi itxi dituzte, iaz baino zazpi gehiago. “Espero baino hobeto eraman dugu. Izan ere, paperean hainbeste data idatzita ikusten denean, ez dakizu zer geratuko den, baina egunez egun joan gara eta ondo irten da. Gainera, familiarekin egoteko eta deskantsatzeko tarteak ere hartu ohi ditugu. Ahotsa zaintzen ere ahalegintzen gara, batzuetan kontzertuak oso jarraituak izaten direlako, eta egun berean, bi. Momentuz ahotsak zein gorputzak irauten dute, eta harrituta gaude horregatik… Ez dakit, zenbat eta gehiago abestu, hainbat eta gusturago izango gara, beharbada! Dena dela, datorren urteari begira, atseden gehiago hartzea pentsatzen gabiltza, gertatzen ari dena barrutik hobeto kudeatzeko eta kanpoko bidaiak hobeto antolatzeko”.
Aurtengo kontzertuak amaitu ondoren, oporrak hartuko dituzte azarotik urtarrilera bitartean. Indarrak berrituta, 2025eko lehen hiruhilekoan egingo duten auditoriumetako birari ekingo diote. “Bira horrek eramango gaitu Tarragonara, Huescara, Iruñako Baluartera, Donostiako Kursaalera, Tuterara, Santanderrera, Burgosera… Bizkaian ere kontzerturen bat ixtea gustatuko litzaiguke, eta horretan gabiltza. Campos Eliseos antzokian askotan izan gara, eta gustatuko litzaiguke inoiz Euskalduna jauregian jo ahal izatea”.
Puro Relajo osatzen dute Eneko Irigoienek (tronpeta-jotzailea), Iosu Burguetek (tronpeta-jotzailea), David Garciak (baxu-jotzailea eta ahotsa), Jorge Garcíak (gitarra-jotzailea eta ahotsa) eta Txuma Galluesek (akordeoia eta ahotsa). Gehiago jakiteko, www.purorelajo.com.