Legez ezarrita dagoenez, ume horiei hezkuntza-eskubidea bermatu behar zaie, aukeratutako ikastetxean eta behar duten laguntza jasotzen dutela. Hala ere, Bizkai osoan barreiatuta dauden ikasgela berezietara –ikasgela segregatzaileetara– bidaltzen dituzte, lekurik dagoen bakarrik kontuan hartuta, edo irizpide burokratiko, zonal, ekonomiko eta abarren arabera. Berdin dio Mungia, Leioa, Getxo… bada. Ez du ardurarik ematen gizartean parte hartzeko zailtasunak dituzten pertsona zaurgarriak euren inguru naturaletik ateratzea, ezta? Bai, eskolaz kanpoko ekintzetan, udalekuetan, gazte guneetan eta gainerako zerbitzuetan ere lekurik ez duten pertsona horiek…
Deriokoa da DBH ematen duten Biz- kaiko zentrorik handienetako bat, eta, estatistikei erreparatuta, bertan gutxienez hiru gela egonkor egon beharko lirateke, ikasle-mota honek aukeratutako ikastetxean hezkuntza jasotzeko eskubidea izan dezan, bere komunitatean, baina ezta hori ere. Eta tristeena da, bere familiari izan ezik, inori ez zaiola inporta.
Desgaitasuna duen ume baten ama naizen heinean, eskatzen dut enpatia apur bat eta alde guztien laguntza – udalak, ikastetxeak, gurasoen eta familien elkarteak, Derioko institutuko zuzendaritza–, zaurgarrienak direnak gure ingurutik ez kanporatzeko. Sistema honek aldentzen eta ezkutatzen ditu, antzina bezala; hitzontzikeria hutsa bihurtzen ditu inklusioa eta aniztasuna. Suposa- tzen dut horiek ez direla gure gazteengan eta gizartean bultzatu nahi ditugun balioak. Gizarte-inplikazio apur bat eskertuko nuke guztiontzako Txorierri lortzeko. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.