“Gogor entrenatu beharko dut elitera heltzeko, baina prest nago”

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 25a, 12:45

Eider Perez Pueyo - Pelotaria

Hamahiru urteko pilotariak Bizkaiko Banakako Txapelketa irabazi berri du umeen kategorian, eta emaitza onak lortu ditu bere pilota-ibilbidean zehar. Kirola eta helburuak izan ditugu berarekin hizpide.

Lezamarrari familiarengandik datorkio pilotarako zaletasuna. “Aita pilotan ibiltzen zen txikitan, eta ahizpa, Uxue, ere izan da pilotaria. Bere partida eta entrenamendu guztiak ikusten nituen, eta zazpi urte nituela hasi nin- tzen jokatzen. Ahizpa izan dut inspirazio”. Pilota izugarri gustatzen zaio, eta bere esanetan, kirol dibertigarria eta polita da. Pilota mistoarekin jokatzen du eta aurrelaria da. “Erosoago sentitzen naiz aurrean eta sakeak egitea gustatzen zait. Orain umeen kategorian nabil, baina datorren urtean kadete-kategoriara pasatuko naiz”.

Lezamako Pilota Klubeko pilotaria da eta bertan du fitxa aterata, baina Amorebietan entrenatzen da. “Lezaman nire adineko bi pilotari baino ez gaude, eta hara joan behar dut. Astean bitan entrenatzen naiz, gehienbat mutilekin, neska pilotari gutxi daudelako: nire kategoriako neska bakarra naiz Lezaman; eta Amorebietan, hiru gara”. Mutilekin entrenatzea ez da oztopoa berarentzat. “Indar handiagoa izaten dute normalean, baina uste dut hobea dela, hobeto ikasi ahal dudalako”. Hala ere, badaki adin batetik aurrera gero eta zailtasun handiagoak izango dituela entrenatzeko. “Gure adinarekin ez da asko nabaritzen, baina denboraren poderioz indar handiagoa hartuz joango dira. Mutilekin entrenatzen ondo moldatzen banaiz ere, gustatuko litzaidake neska pilotari gehiago egotea, haiekin entrenatu ahal izateko”.

Bien bitartean, gogotsu dabil frontoian. “Ondo ikusten dut nire burua pilotari moduan. Asko gustatzen zait jokoak egitea eta arriskatzea”. Pilotari kutuna ere badu: Amaia Aldai.  “Bera ere aurrelaria da, eta gustatzen zait nola jokatzen duen. Sake ona ere badu”. Gazte lezamarrak elite kategoriara ailegatu nahiko luke. “Zaila ikusten dut, kategoria horretara bakarrik oso pilotari onak ailegatzen direlako. Gogor entrenatu beharko dut, baina prest nago horretarako”.

Maila ona

Neska pilotarien artean oso maila ona dagoela aipatu digu. Horren adierazle dira aspaldian antolatzen diren emakume pilotarien jaialdiak. Eiderrek ere parte hartu du jaialdi horietako batzuetan, eta oso emaitza onak lortu ditu. “Iaz, adibidez, Hiru Hiriburuak Txapelketaren finalera ailegatu nintzen nire bikotekidearekin, Nahia Uriarterekin. Oso lehiaketa garrantzitsua da, eta urduri nengoen hasieran, baina gero eroso sentitu nintzen. Bestalde, 2023an, Master Laboral Kutxa txapelketaren baitan torneoa antolatu zen pilota goxoa erabilita, eta horretan ere ailegatu nintzen finalera. Iaz ere parte hartu nuen azken txapelketa horretan, pilota mistoa erabilita eta gazteen kategorian, txapelketa horretako kategoriak ezberdinak direlako; finalaurrekora ailegatu nintzen. Aurten promesen kategorian hasi naiz bertan”. Gainera, duela aste batzuk Bizkaiko Banakako Txapelketa irabazi du umeen kategorian. “Oso pozik nago”.

Etorkizunari begira txapel bat lortzea gustatuko litzaiokeela esan digu. “Oraindik ez dut ezta bat ere! Txapelak kadete-kategoriatik aurrera ematen dituzte; aurreko kategoriak eskola-kirolaren barruan daude eta ez da txapelik ematen. Master Laboral Kutxa txapelketan txapela lortzea gustatuko litzaidake, Nahiarekin batera, elkarrekin oso ondo moldatzen garelako eta bikote ona osatzen dugulako”. Frontoian ibiliko da horretarako, zeren, adierazi duenez, gaur egun neskek baitute pilotan jokatzeko aukera, eta, gainera, publikoaren babesa ere bai. 

 

Futbol-zelaian ere bai

Neska kirolaria da, eta pilotan ez ezik, futbolean ere jokatzen du; Larrabetzuko Uritarra taldean hain zuzen ere. “Lezamako Bizia taldean jokatzen hasi nintzen, baina duela bi urte futbol-taldez aldatu nintzen, Lezaman ez zegoelako nesken talderik”. Kasu honetan ere ahizparengandik datorkio futbolerako zaletasuna. “Berak jokatzen zuen, eta ni ere hasi nintzen”. Umeen kategorian dago, eta gehien gustatzen zaiena driblinak egitea dela aipatu digu. Astean bitan entrenatzen da eta asteburuan partidua izaten du. “Gauza da pilota-entrenamenduak eta futbol-entrenamenduak egun berean ditudala, eta oso nekatuta amaitzen dut eguna. Baina, tira, momentuz ondo uztartzen ditut biak”. Ezin du kirol bat edo bestea aukeratu, biak berdin gustatzen zaizkiolako. “Futbolari dagokionez, jokatzen jarraitu nahiko nuke. Ez dut, adibidez, Athleticera ailegatzeko asmorik; ondo nago Uritarran”. Neskek futbolean ere aukerak dituztela esan digu. “Neska nahikoa dago futbol jokatzen eta zaleak gu animatzera etortzen dira”.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan dago, eta kirolak denbora-zati handia kentzen dion aurren, momentuz ondo daramatza ikasketak. “Etorkizunean irakaslea izatea gustatuko litzaidake, eta ume txikiekin lan egiten. Ume txikiekin egotea gustatzen zait, eta haiei irakatsi”.