Zure ustez, zergatik izan da arrakastatsua zuen hautagaitza?
Gazteak gara eta, gehienok pilotariak garenez, askotan izaten gara frontoietan. Horrek adierazi nahi du oso hurbil gaudela bai pilotariengandik, bai zaleengatik eta klubetatik. Aipatutako hurbiltasunak aukera eman digu aurreko proiektua bideratzen jarraitzeko. Taldeko batzuk – Ander Elezkano, Naia Ouro pala-jokalaria, Aitzol Galletebeitia zesta-puntako pilotaria eta laurok– aurreko legealdian ere izan gara Enaitz Oleta presidentea zela, eta berriro aurkeztu gara proiektuari jarraipena emateko, baita gauza berriak aurkezteko ere. Azkenean, datozen lau urtean hainbat egitasmori heldu beharko diegu, esaterako, ofizialtasunari eta selekzioari. Proiektu ilusionagarria da.
Zer azpimarratuko zenuke zure lantaldeari buruz?
Esan bezala, gazteak gara eta pilota-munduan gabiltza. Gainera, oso harreman ona dugu gure artean, eta handik hain zuzen hasi da taldea; hau da, hori izan da egitasmoan murgiltzeko arrazoietako bat. Horrek bultzatu gaitu egitasmoa aurrera eramatera.
Zein da Federazioaren eginkizuna?
Pilota sustatzea. Horretarako, klubei lagundu behar zaie euren lana betetzen. Era berean, pilotan dabiltzanak fidelizatu behar dira, eta umetxoak eta gaztetxoak, neskak zein mutilak, ere erakarri behar dira herrietako pilota-eskoletara eta frontoietara hurbildu daitezen. Pilota-eskola askok ezin dute hori egin, langileen zein ordutegiaren aldetik kostu handia duelako. Horretan laguntzen diegu.
Eta datozen lau urteetarako zuen ildo nagusiak?
Lehenengo eta behin, erakartze-lanak egingo ditugu eskolaz eskola, neska-mutilak pilotara hurbiltzeko. Beste alde batetik, 10 urtetik 14 urtera bitarteko adin-tartea oso kritikoa da kirol guztietarako, zeren eta kirol bat baino gehiago egiten dutenek, ikasketak direla eta, bata edo bestea aukeratu behar baitute. Ondorioz, klub askoko fitxa-kopuruak behera egiten du. Helburua da adin-tarte horretako gazteak ere fidelizatzea, eta plan polit eta erakargarri bat aurkeztu, pilotan gustura sentitu daitezen eta fitxa-jaisteari aurre egiteko.
Pilotari nagusiagoei begira?
Horiek ere zaindu behar dira, jakina, baina gazterik ez badago, nagusirik ere ez da egongo gero. Pilota kirol indibiduala eta gogorra izan arren, umetan hasten dena 20 urterekin ere ibiliko da pilotan, horretarako lagunak baditu; nahiz eta zaletasun moduan izan, ze nagusi-mailan seriotasun bat egon behar da pilota ez uzteko. Aurreko legealdian, bestalde, teknifikazio-arloan baliabide asko ipini ditugu GRABNI Federazioen arteko Txapelketaren harira, eta ahalegina ere egin dugu selekzioa lantzen. Hemendik lau urtera ere, eta munduko txapelketari begira, lanean jarraituko dugu selekzio potentea izateko. Ez dakigu munduko txapelketan parte hartuko dugun, baina urte askoko lana da eta orain hasi behar dugu lantzen.
Zeintzuk dira erronkak?
Asko dira. Nolanahi ere, eta baliabideak infinituak ez badira ere, aurreko lerroetan esandakoa modu batean edo bestean betetzen ahaleginduko gara. Horri lotuta, pilota-, pala- zein zesta-enpresekin eta jokalari ospetsuekin hitz egiteko asmoa dugu, uste dugulako haiekin elkarlanean ibiltzea akuilua izan daitekeela umeak frontoira erakartzeko. Asier del Rio, Fusto, Altuna, Urruti… Horiekin aldagelan egotea eta enpresen zirkuituan, festibaletan eta jaietako partidetan parte hartu ahal izatea pizgarria eta polita da, gure ustez, gaztetxoentzat.
Lezaman hezitako pilotaria
Lezaman jaio, hezi eta bizi den pilotaria da Aurtenetxe. Frontoian oso umetatik dabil, aita, osaba eta lehengusua ere pilotariak izan direlako. Lezamako Pilota Klubean ibili da beti. “Futbolean ere jokatu dut, baina kadete-mailan utzi nuen pilota ala futbola aukeratu behar izan nuelako. Garai hartan Bizkaiko zein Euskadiko selekzioekin nenbilen, eta entrenamenduak genituen egunero. Nahiko maila onean nenbilen eta pilota aukeratu nuen”. Orain ere pilotan jarraitzen du. “Baina beste modu batean, ze beste erantzukizun batzuk ditut eta bizitzak azkenean ez dizu uzten kirolari nahi beste ordu eskaintzen. Nolanahi ere, herri batetik bestera jokatzen ibili naizenez, lagun asko eta handiak egin ditut urte hauetan guztietan, eta horrek azkenean bultzatzen zaitu frontoian egotera”.
Bizkaiko Pilota Federazioaren presidente berria izan arren, txapelketetan parte hartzen jarraitzeko asmoa du. “Izan ere, presidentea izategatik pilota ez doa fuerteago (kar-kar). Nolanahi ere, inoiz txapelketaren bat irabaziz gero, ez dakit txapela nork ipiniko didan… (kar-kar). Bueno, txantxak alde batera utzita, maila aldetik nahiko ondo ikusten dut nire burua, eta horregatik jarraitzen dut lehiatzen. Momentu honetan, esaterako, Edorta Bilbaorekin nabil Bizkaia Cup txapelketan”.
Txapelketez ari garela, Lezamako Txapelketaren finala hiru aldiz jokatu duela esan digu, baina hiruretan galdu egin duela. “Txapelketa publiko eta pribatu asko irabazi ditut, beharbada, lagun onekin jokatu dudalako (kar-kar), baina baten bat azpimarratu behar badut, Herrien arteko Txapelketa azpimarratuko nuke, zalantza barik. Umeen kategorian, Bizkaiko txapelduna izan nintzen, eta Euskadiko txapeldunordea. Txapelketa izugarria da, herri guztiek kategoria guztietan parte hartzeaz gainera, herritar asko erakartzen dituelako eta herri osoak dena ematen du pilotariak adoretzeko”.