Mende bateko kooperatiba

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 16a, 12:02

Herritarren artean historikoki «Sindikatua» moduan ezagututa, Lezamako Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatibak 100 urte bete ditu aurten. Mende bat bete izana da handitasunez ospatu beharrekoa, eta, hortaz, egitarau berezia gozatu zuten atzo, maiatzak 15, San Isidro Egunean.

Ohi moduan, idi-probak izan ziren goizean, eta gero Asturiaseko aizkolari batek enbor-mozketa bertikalaren erakustaldia egin zuen. Abadeak kooperatiba bedeinkatu ondoren, dantza- eta musika-saioa egin zuten Kurutze dantza-taldeak eta Ekidazu abesbatzak hurrenez hurren. Bazkaria ere egon zen, argazkien emanaldia, aizkolarien erakustaldia eta musika.

Mendeurrena modu berezian bizitzen dabiltza kooperatiban, 100 zenbaki potoloa da eta. Arantza Zarate Etxebarriak 44 urte daramatza kooperatiban lanean, eta berarekin batera alabak, Ainara Basaras Zaratek, lan egiten du. Urteurrenak sortzen duen poztasunak kontrastatzen du lehen sektoreak aspalditik duen krisiarekin, eta, Zarateren esanetan, ez da erraza aurrera egitea. “Ez dakit atzean datozenek ganadua eta ortua ikusiko dituzten… Egoera aldatu behar da asko, eta gobernuak laguntzen ez badu, gauza gutxi dago egiteko, ze gazteek ez dute sektore honetan sartu nahi. Lehen, Larrabetzutik irten, eta Sondikaraino ikusten zen ganadua errepidearen albo batean zein bestean. Orain, berriz, esne-behiak dituen baserri bat izan ezik, ez dago ezer, eta ahuntzak edo ardiak ikusten badira, landak garbitzen dabiltzalako da. Nekazaritzan ere lehengo jendea dabil eta ez da ikusten ordezkorik egongo denik, dedikazio handiko lana delako”. Gaur egun, 68 bazkide dira kooperatiban, baina Zaratek aipatu duenez, bikoitza ere izan dira.

Lezamako Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatibak bezeroen eskura ipintzen du abereentzat eta orturako behar duten guztia: pentsua, lurra, ongarria, landareak, belar-zamak neguan… Etxeko lorategian edo balkoian letxugak eta tomateak, esate baterako, ipintzera animatu direnentzat ere erreferentziazko lekua da kooperatiba, eta amak zein alabak aholkua ematen diote hasi berriari zein profesionalari. Bestalde, bezeroek beste mota batzuetako artikuluak ere topatzen dituzte kooperatiban, hala nola burdindegiko gauzak, zapatak, olioa, ardoa eta katu zein txakurrentzako jana. Albaitaritza-zerbitzua ere badago kooperatiban.

Hainbat kokaleku

1925. urtean, 18 auzokidek Lezamako Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatiba sortu zuten lehen sektorearen inguruan indarrak batzeko eta hobeto antolatzeko. Kooperatiba Kurtze auzoan ipini zen lehenengo eta behin, tren-geltokiaren ondoan, eta beharrizanen arabera hainbat lekutan kokatu da mende bateko historian zehar. Horrela, Errekakoetxe izeneko etxean egon da frontoiaren atzean, eta gero, Larraetxe Etxean. Handik herriguneko lokal batera eraman zuten egoitza –gaur egun Kutxabank dago bertan–, eta, egoitza handiagoa behar zenez, 1956. urtean eraikin bat altxatu zen udaletxearen atzeko aldean, han kooperatiba ipintzeko. Nolanahi ere, herriaren hirigintza-garapenaren eraginez, XX. mendearen amaieran beste kokaleku bat bilatu behar izan zen erdigunetik urrunago. Horrela, bada, 2000 urtean gaur egungo eraikina egin zen Aretxalde auzoan.