Jesus Sustatxa, lorezaina: “Lorek igarri egiten dabe maitasunez tratetan jaken”

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 23a, 09:19
Loratsuak eta ederrak. Inguruko lorategiek milaka oparitzen deuskuez koloreak, hareen ondotik pasetan garanean. Baina itxura polita izateko, hainbat zaintze lan egin behar izan dira aurretiaz. Jesus Sustatxa loiutarrak 16 urte daroaz lorazain, eta lanbide honen kakoak azaldu deuskuz. Lehenengo eta behin, zelako lorategia nahi dogun izan behar dogu argi. Lur sailera moldatu behar dogu, eta lorategi mota aztertu. Bedarra edozein lur motatan hazten da ondo; baina, lorak eta zuhaixkak be landatu gura badoguz, lur aberatsagoa beharko dogu. Hortentsiek, errododendroek, azaleek... lur azidodunak behar ditue; alegriak, petuniak, begoniak..., berriz, zohikatzaren antzeko lurrak. Dana dala, loreak berak esango deusku zer falta dauen lurrak. Nitrogenoa, kaltzioa, potasioa, fosforoa... derrigorrezkoak dira lorak polito egoteko. Orriek berde biziak izan behar dabe; kolore marroia edo beilegia badabe, elementu kimiko horreetako bat falta dala esan gura dau. Edo gaixotasuna dabela, zeintzuk dira gaixotasun arruntenak? Ugerra, bortritisa, mildiua, alternaria... Era berean, landare-zorrien, tximeleta zurien, harren, bareen... erasoa be jaso leikie. Gaixotasun horreek guztiek badabe tratamendua, baina, danetan legez, prebentzinoa da erremediorik onena; hau da, lurrari eta lorei behar daben ongarria emotea eta sulfatatzea, besteak beste. Ganera, alboan landare gaixoak dituenak be gaixotu leitekez. Lorategia egin dogu, zelan zaindu behar da? Bedarra astero ebagi behar da udan eta udabarrian; 15 egunetik behin gitxi gorabehera, udagoienean eta neguan. Sasoiko lorak kenduz gero, lurra 15 egunean itxi behar dogu atseden hartzen, hurrengo sasoikoak landatu baino lehen. Lorategia egun birik behin ureztatu behar dogu udan. Tenperatura egokia (18-20º) egiten badau eta euri apur bat botaten badau, lau egunean be eduki geinke lorategia ureztatu barik. Tenperatureak eragin zuzena dau loretan. Tenperaturea gure zaintze lanak baino askoz inportanteagoa da. Egokiena hau da: 15-20º. Hamar gradu goitik edo behetik egonez gero, asko sufriduten dabe lorek. Nahiz eta egunero ureztatu, ez dago zer eginik. Modarik dago lorezaintzan? Ez, bakotxak bere gustuen arabera apaintzen dau lorategia. Ez dozuez inoiz ikusiko bardinak diran lorategi bi. Dedikazinoa emon behar jako lorategiari. Bai, nahiz eta txikerra izan, ordubete egin behar da egunero; edo, gutxienez, lau ordu astero. Egunero apur bat egitea oso inportantea da, lorak zein egoeratan dagozan eta ezer falta jaken jakiteko. Lorek igarri egiten dabe maitasunez tratetan jaken. Batzuek berba egiten deutsee... (Kar, kar). Nik oraindiño ez dot halangorik egiten! “Esku ona dot lorakaz; edo ez’ askotan entzuten dogun esaldia da, baina ni ez nator bat horregaz. Lorakaz esku ona izatea hau da, nire ustez: gauzak ondo egitea eta lorei momentu bakotxean behar dabena emotea. Denborea eta maitasuna eskaini badeutseguz, maitasunez erantzungo deuskue lorek. Ederrago haziko dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).