Loiun, Wifirik ez

Aikor aldizkaria 2010ko api. 26a, 11:01

Gutuna: Aitor García-Salmones

Wifiari eta horrek osasunean eragiten dituen kalteei buruzko berri kezkagarriak direla eta, wifi sistema liburutegitik kentzeko eskatu nion Loiuko alkateari, eta horren ordez kable bidezko esteka ipintzeko. Horrela, gure seme-alaben osasuna eta ongizatea bermatuko ziren. Baina alkateak esan zidan, OMEren arabera, ez dagoelako wifiak ondorio kaltegarriak sortzen dituen inolako froga zientifikorik. Ohituta gaude udal instituzioek herriari eragiten dizkioten arazoei muzin egitera, kontu larriei garrantzia kentzera. Alkatearen aholkulariek mesede txikia egin diote egiari, bai ezjakintasunagatik, bai auzokideen osasunarekiko kezkarik ez dutelako edo bestelako arrazoirengatik. Izan ere, zientzialari ospetsuek egindako gero eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute irrati-frekuentzia honek kalte egiten diola osasunari; batez ere ume, haurdun dauden emakume eta adintsuen kasuetan. Aipatutako ikerketak aintzat hartuta, Pariseko Liburutegi Nazionalak, zeina Frantziako instituziorik nagusienetakoa baita, wifia kentzea erabaki zuen, arduraz jokatzeko printzipioari jarraitu eta erabiltzaileek uhin elektromagnetikoen ondorio kaltegarria pairatzea ekiditeko. Hortaz, wifia ez da izango alkatearen aholkulariek dioten bezain ona. Gobernu baten kudeaketa demokratikoak auzokideen eskubideen defentsa bermatzen duten politikak ezarri behar ditu; osasunerako eskubidea, barne. Hori dela eta, eskema demokratikoak erabiltzeko eskatu behar zaie udal agintariei gobernatzeko; eta bide batez, gaur egungo zuzendaritza-sistema behin betiko bazter dezaten. Loiuko Udalak osasun publikoa zaindu behar du eta, horregatik, wifia kendu behar du liburutegitik. Bere eskuetan baitago.