Jesus Sustatxa eta Luis Gómez loiutarrek urteak daramatzate herriko historia batzen. Horretarako, herritarrengana jo dute, etxez etxe, eta argazki zaharrak berreskuratzeko eskatu diete. Orotara 500 argazki batu dituzte, eta irudien bitartez Loiuko historiaren zati bat osatu dute. Argazkiak ikusgai jarri zituzten herriko jaietan. Zabaloetxeko eskola zaharreko atetik sartu zenari iraganeko oroitzapenak etorri zizkion burura. Izan ere, erakusketa aretoan atondutako tauletatik Loiuko azken mendeko historiaren protagonistak izan diren lagunak egon ziren bisitariari begira. Pertsonaia xelebreak, herritik kanpo ere ospetsuak direnak, etxeko andreak, eskolako umeak, kirolariak, gudariak, baserritarrak, bertsolariak, El bueno, el feo y el malo filmean estra ibili zen soldadua... guztiek eduki dute euren lekua “Loiuko oroitzapenak†argazki erakusketan. Eta haiekin batera, herritarrentzat garrantzitsuak izan diren lekuak eta zerbitzuak: Lujua konpainiako antzinako autobusa, Amor Misericordioso ikastetxearen eraistea, Giltxes erreka, eta Asua ibaia zeinetan angula asko baitzeuden aspaldian, banaka batzuk aipatzearren. Era berean, gazteegi zirela joan ziren loiutarren argazkiak ere egon ziren erakusketan.
Album digitalak
Argazkiak ez ezik hainbat dokumentu interesgarri ere topatu dituzte Sustatxak eta Gómezek euren ibilaldi historikoan: gerran kontzentrazio-esparru baten sartu zuten herritar baten kontrol-txartela, 1941. urteko zerga, bost eta 100 pezetako billeteak, eta Bizkaitik 1939. urtean ibili ahal izateko baimena, esate baterako. Dokumentuok ere ipini zituzten ikusgai erakusketan. “Loiuko oroitzapenak†lana osatzen duten argazkietariko batzuk hiru album digitaletan eman dituzte argitara. Album bakoitza 40 euroren truke eskura daiteke. Horrezaz gainera, herriak eta herritarrek bizi izandako momenturik adierazgarrienak batu dituzte dokumental batean, eta kopiak haren proiekziora azaldu zirenen artean banatu zituzten.
Jesusen eta Luisen lana ez da amaitu. Azaldu digutenaren arabera, argazkiak biltzen eta grabazioak egiten jarraituko dute, herriaren eta herritarren bilakaeraren dokumentu grafikoak ondorengoei uzteko. “Herria maitatzea ez delako soilik udal hauteskundeak baino lau hilabete lehenago hastea lan egiten; lau hilabete lehenago, lau hilabeteren ondoren eta beti egin behar da lan herriaren aldeâ€.