Etxetik urrun hiltzen direnen ahotsak

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 3a, 13:14

Txorierriko hilerri guztien artean, ezohikoena da Britainiarren kanposantua. Loiuko Britainiar hilerria 1929ko maiatzetik dago gure haranean, eta jende gutxik ezagutzen du bere hormek gordetzen duten historia eta istorioa. Antzina, Bilboko Inglesen Kanpan egondako Zazpi Zuhaitzen Irla izan zen. Gaur, isiltasuna eta bakardadea da nagusi bertan.

Soilik hegazkinek hausten dute Britainiar hilerriko hildakoen isiltasuna. Sondika eta Larrondo artean, badago kanposantu txiki bat. Kanpoaldean, bi solairuko etxea dago. Atzean, burnizko ateak itxita daude, jabetza pribatua adierazten duten seinaleek ibiltariak kanpoan uzten dituzte. Ez dago inor bertan.

 “Azken hildakoa duela urtebete lurperatu zen”. 66 urteko Félix Velasco Carrerak ondo ezagutzen du hilerria. Esparru honetan aditua, hilerriaren nondik norakoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu bolondresak. “1770etik 1929ra bitartean, hilerri hau Bilboko portuan bertan zegoen kokatuta, Abandoibarrako Inglesen Kanpan, Nerbioi ibaiaren pare-parean. Garai hartan Zazpi Zuhaitzen Irla deitzen zen”. Hasiera batean XVIII. mendeko bigarren erdialdeko Britainia Handiko hiritarrentzat eraiki zen. 1859an, Horace Young izeneko britainiar Kontsulak hilerriaren egoera tamalgarria zela ikusi zuen, hildakoen senideak gutxi izanik hilerriaren gastuei ezin zietelako aurre egin. “1900ean, higiene arazoak egoten hasi ziren, eta gainera Bilboko portuko autoritateak lursailak bereganatu nahi zituen”, argitu du Velascok.

1926an akordio batera iritsi zen: hainbat proposamen kontuan izan eta gero, hilerria Loiura eramatea erabaki zen. Horretarako 10.000 metro karratuko lursaila erabili zen. Kapera bi ezarri ziren bertan: katoliko-erromatarra eta protestantea. Horrez gain, kanposantuaren sarreran etxe bat eraiki zen, zaindaria eta bere familiarentzat eta autopsiak egiteko eraikin txiki bat. Lau hilabete eman zituzten Bilboko hildako guztiak Loiura eramaten, eta denbora tarte horretan, hilerriko arduradunek hilobiratze erabilerak britainiar komunitateko katoliko-erromatarrei zabaltzea erabaki zuten.

 Burnizko ateak gurutzatzean, eukalipto, mimosa, palmera, pinuak eta askotariko zuhaitzen basoan murgiltzen gara. Hilobiak edonon ikus daitezke, bakoitza materiale eta forma propiokoak. Asko bertan behera utzita daude. Ezkerraldera joz kapera katoliko-erromatarra dago, gaur egun inprobisatutako museo  bihurtua eta antzinako galera baten bandera britainiar erraldoiarekin, erretaulan. Dokumentu, liburu eta argazki historiko ugari ikus daitezke bertan. Hasierako bidera itzuli eta eskumara jotzen bada, kapera protestantera heltzen gara, gaur egun bai katolikoak eta baita protestanteak erabiltzen dutena. Leiho batzuk gardenak dira, eta beste batzuk beirateak dira: “Ez dira kaperak hornitzeko, hilobien funtzioa betetzen dute: badira pertsonak hilobiak ordaindu beharrean hildakoak beirateekin omentzen dituztenak”, argitu du Felixek.

 

Kanposantuko bihotzean, ondo baino hobeto bereizturik, Comonwealtheko Bigarren Mundu Gerrako hildakoen lursaila dago: “Belarrak luzeera zehatza du eta hilobien arteko distantzia berdin-berdina da”, adierazi du adituak. Ez da hierarkiaren bereizketarik egiten: soldaduak, kapitainak, sargentoak... Guztira 56 gorpu daude bertan, eta ez bakarrik britainiarrak: alemaniarrak, amerikarrak, espainiarrak, frantsesak, grekoak, irlandarrak, norbegiarrak, suediarrak, suitzarrak… ere badaude. Hildako gehienak Espainiako ipar-mendebaldeko britainiar hilerrietatik ekarri dituzte, zentralizatzearren: “Hilerri hauek mantentzea oso garestia da. Estatu mailan hiru daude soilik gaur egun: Malaga, Madril eta Loiun”, azaldu du. Gainera, Lehen Mundu Gerrako zazpi hildako ere badaude.

 Gaur egun, hilerria hilobiratze gastuengatik, zenbait inbertsioengatik eta donazio pribatuengatik mantentzen da, eta Kontsul-general britainiarra Britainiar Hilerriko komitearen presidente estraofizial bezala aritzen da.

 Heriotzaz bizi

Zegoen bizitza arrasto bakarra duela 11 urte ezabatu zen, José Pañero Barcorena. Bera izan zen hilerriko kanpoaldean dagoen etxean, familiarekin batera bizi izan zen kanposantuko zaindaria. 26 urteko zerbitzua eman ostean hil zen, 57 urte zituelarik. Denbora tarte horretan, Josék kanposantuaren mantentze lanak egin zituen, eta Susanak (emazteak) larunbatero komunitate britainiarreko hainbat kideri gaztelaniazko klaseak ematen zizkien, debalde.

 Errekonozimendu bezala, Hilerri Britainiarraren Komiteak toki bat eskaini zion Joséri, kapera katolikoaren ezkerraldean. Berea hilerriko umilena da: ez dago hilarrirrik, zuhaitz txikia baizik. Familiak, José hil eta denbora gutxira etxea utzi zuen.

 Gaur egun isiltasuna baino ez dago Loiuko Britainiarren Hilerrian. Soilik urtean bi aldiz hurbiltzen dira britainiarrak bertara: Remembrance edo Oroimenaren Egunean (azaroaren 11n, 11:00etan) eta abenduaren erdialdean, gabon kantak kantatzeko. Joan den urtean Europar Ondare Jardunaldiak egin ziren bertan, eta hilerria bisitatzeko aukera izan zen. “Espero dugu etorkizunean herritarrei Britainiarren Hilerria nolakoa den erakustea, horretarako bisita gidatuak eskainiz”, bukatu du burdinezko ateei giltza botaz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).