Hegorik gabeko txorien txioak

Aikor aldizkaria 2017ko api. 25a, 11:41

Loiu Txori Bikers elkartea

Sei urteko bizitza dauka Loiu Txoribikers motozaleen elkarteak. Udaleko kide biren artean jarri zuten martxan, gaur egungo alkatea den Josu Andoni Begoña eta Haziendako zinegotzi ohia Gerardo Izquierdok. Motozaleen taldeak sei urte daramatza topaketak antolatzen urtero eta herriko hainbat ekitalditan parte hartuz, kilometroz kilometro.

Loiuko txori batzuek beste modu batera egiten dute txio eta hegan. Herriko antzinako farmazia, Txakur-Txorin dagoena, Loiu TxoriBikers elkarte motozalearen topagunea da gaur egun, haraneko bakarra. Bertan elkartzen dira Txoribikers motozaleak euren zaletasunaz gozatzeko. Taldea 2012an sortu zen, gaur egungo alkatea den Josu Andoni Begoña eta Gerardo Izquierdo Hazienda zinegotzi ohiaren eskutik. “Garai hartan Kultura sailean nengoen, eta Gerardorekin batera bestelako udal elkartea sortzea proposatu genuen”, adierazi du alkateak. Hiru urte eman zituen Udal elkarte bezala, eta laugarren urtetik aurrera Udaletik aldendu zen, Txoribikers izenaz eta lokal propioarekin.

Duela bederatzi urte, gaur egun herriko alkatea den Josu Andoni Begoñak motorra erosi zuen eta zaletasun hau haraneko bestelako pertsonekin konpartitu nahi izan zuen. Hori dela eta, Gerardo Izquierdorekin elkarlanean hasi zen. “Elkartea sortzean, ekitaldi publikoak egitera konprometitu ginen. Horregatik, auto klasikoen topaketa eta putxerak bezalako ekitaldiak antolatzen hasi ginen, Udalarekin batera hasiera batean”, azaldu du Gerardok. Gaur egun, udal elkartea izan ez arren, Loiuko Udalaren dirulaguntzak jasotzen ditu ekitaldiak antolatzeko. “Bizkaiko moto elkarte bakarra gara logotipoan herriaren izena daramana, eta irteerak egiten ditugunean Loiuztarrak edo Txoriak deitzen gaituzte”, aipatu du Gerardok.

30 urtetik 72 urte bitarteko gizon eta emakumeak daude bertan (gehienak gizonezkoak). “72 urtekoa sekulakoa da, hoberen gidatzen duena, ezbairik gabe”, azaldu dute elkartekoek. Askotariko motorrak ikus daitezke bertan: customak, nakedak, kirol-estilokoak, trail, scooterrak... “Gehienak loiuztarrak gara, edo Loiurekin lotura daukagu”, adierazi du Gerardok. Sondikako eta inguruetako kideak ere badaude: Elotxelerri, Leioa, Astrabudua… astebururo ibilaldiak egiten dituzte haranean eta haranetik kanpo. “Loiu Txoribikers elkarteak 20 kide dauzka, baina Loiun 200 pertsona inguru dabiltza motorrean”, adierazi du Izquierdok.

Elkarte bezala, herriko ekitaldi askotan parte hartzen dute antolakuntza lanetan: errepide mozketetan, segurtasuna bermatzen… eta haraneko bestelako elkarteekin parte-hartze aktiboa dute. “Sondikako jaietan motozaleen topaketa egin ohi da urtero. Bizkaiko Motozaleen Elkarteko programatik kanpo dagoenez, antolatzaileak gurekin jarri ohi dira harremanetan, eta bertara hurbiltzen gara, ahal dugun heinean laguntzeko”, azaldu dute.

Apirilaren 22an Bizkaiko moto elkarte guztien arteko topaketa egin zen Loiun eta 15-20 elkartetako  ehunka lagun hurbildu ziren. Egun hau urteko bereziena da Txori Bikersekoentzat. “Urte osoa ematen dugu ekitaldia prestatzen, eta eguraldiaren mehatxuak benetan beldurtzen gaitu, horren arabera 300 pertsona etorri beharrean 150 etorri daitezkelako”, adierazi du Josebak. “Ezkontza prestatzea bezalakoa da: Udal baimenak, aseguruak, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan paper mordoa eskatu eta dirutza ordaindu behar da”. Horrez gain, eguraldi ona egiten badu 300 pertsonari eman behar zaie jaten, eta herriko ostalaritza enpresa guztiekin koordinazio lanetan dihardute. “Eskerrak herriko tabernek eta jatetxe guztiek ondo baino hobeto tratatzen gaituztela, eta ez bakarrik Loiukoak; Laukiz eta Larrabasterrako hainbat ostalarik ere laguntzen gaituzte urtero, motorzaletasunaren eragina zelakoa den dakitelako”.

 

Estereotipoak, bizirik

“Denetarik dago errepidean, Loiun gutxienez ezagutzen gaituzte eta herriarekin elkarlanean gabiltzala badakite”, adierazi du Joseba Arberasek. “Duela urte batzuk, motozaleak tatuajez beteriko herriko zoroak zirela uste zuen jendeak, eta oraindik badago horrela pentsatzen duenik ere”, jarraitu du. “Agian horrexegatik batzuek ez dituzte motozaleak begi onez ikusten”. Herri bateko tabernara larruzko jakaz eta motorrekin ezer hartzera doazen bakoitzean, jende asko euren bidetik alde egiten dutela esaten dute motozaleek. “Abokatuak, informatikoak, teknikoak, saltzaileak… denetarik dago gure taldean. Jende arrunta gara”, azaldu du Gerardok. “Eta guztiok biltzen gaituena motorrarekiko pasioa da”.

Segurtasuna funtsezko elementua da errepidean, eta moto elkarteko kideek diote askotan moto-gidariak ez direla kontuan hartzen errepidean. “Motorrek ez dute inolako garrantzirik, antza. Moto-gidari bat errepidean bakarrik doanean ez zaio errespetatzen, baina zortzi motozale ileran doazenean, egoera aldatu egiten da”. Kontzientziadun taldea da Loiukoa eta alboko langen kontrako jarreradunak dira: “Kide bakoitzak alboko langen aurkako partxea dauka larruzko jakan. Pibote baten aurkako 50 km orduko istripu batek moto-gidaria erdibitu dezake, eta hori onarrezina da”, kexatu da Joseba.

Asteburuetako topaketak Whatsappen bitartez antolatzen dituzte. Horretarako talde bi dituzte: bata, elkarteko kideena soilik, eta bestea, egun jakinetan motorrarekin buelta bat eman nahi duten motozaleena. Errepidean eurekin batera bidaiatu nahi duten motozaleek jakin behar dute edozein motozale talde bezala, araudi eta kode batzuk kontuan hartu behar dituztela:  taldeak bide burua du (kasu honetan Gerardo), eta gainontzeko gidariak bere atzetik joan behar dute, S formazioan (bidetik atera gabe eta lerroan, bat eskuinaldean eta hurrengoa, ezkerraldean). Ezustekorik izatekotan, balaztatze distantzia normala baino handiagoa baita. “Ordena eta kontrola ezinbestekoa da errepidean, eta zirkulazio kodea beti errespetatu behar da”.

Motor hotsek Alcañizera (Aragoi) daramatzate loiuztarrak urtero, MotoGPko lasterketak ikustera. Aurtengo edizioa irailaren 22tik 24ra egingo da, eta beti bezala, asmoa ostiral goizean abiatu eta igandean bueltatzea da. Zirkuitutik 30 kilometrora dagoen hoteletan igarotzen dituzte gauak, eta lasterketez gain motorraren kulturak sorturiko soinuaz (eta ez zarataz) gozatzea dute helburu. Guztira 1.200 km egiten dituzte joan-etorrietan, errepide nazionaletik, noski.

Elkarteko kidea izateko denbora eta kilometro kontua da. “Edonor sartu daiteke gure taldean, baina horrek ez du berehala taldekidea bihurtuko; elkartekoekin pare bat urteko errodajea eskatzen dugu, eta gure bilera zein ekitaldietan parte hartzen konprometitzea. Azken batean, errepidea elkarbanatzen duten adiskideak egitea da talde honen helburu nagusienetarikoa”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).