“Athleticen filosofiak gogortzen gaitu”

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 29a, 10:27

Iraia Iturregi l futbolaria

Iraia Iturregik futbolean jokatzeari utzi dio aurten. Bere ibilbide oparoan, lau liga irabazi ditu eta Athleticen emakumezkoen taldean partida gehien jokatu dituenetako bat da. Loiuztarra pozik dago, agian bere bizitzako klubean jokatzeko aukera izan duelako. Etorkizunari begira, entrenatzailea izango da. Athleticena ote?

Zergatik utzi orain?

Nire burua goi-mailan beste pare bat urte lehiatzeko gauza ikusten dut, baina momentu on batean utzi nahi izan dut beti. Ez nuen futbola gorrotatu nahi. Apur bat nekatuta nago, bai fisikoki, bai mentalki, eta entrenamenduetan hori nabaritzen dut. Exijentzia handiko neska naiz. Beraz, zelan exijituko nieke besteei, ni en­trenamendu bakoitzean ni­re % 100ean egoteko gauza ez banaiz?

Zelan daramazu? Barneratu duzu dagoeneko ez zarela futbolaria?

Ondo daramat. Agur esateko prentsaurrekoa eman genuen astea nahiko hunkigarria izan zen, baina orain lasaiago nabil. Agian irailean, denboraldia hasten denean, futbola botako dut faltan, baina momentuz, atzera begiratzen dut eta ondo sentitzen naiz. Pozik nabil.

Zer deritzozu zure ibilbideari?

Hainbat bizipen eta garaipen lortu ditut, baina hau da harrotasun handiena ekartzen didana: hortik momentu txarrenetan taldea gai izan da indartsuago ateratzeko.

Zer izan da momenturik onena? Eta txarrena?

Onak pilo bat izan dira, baina bi aukeratuko ditut bereziki: lehenengo eta az­ken liga. Lehenengoa, lehehengoa izan ze­lako eta 35.000 lagun batu genituelako San Mamesen. Hori inflexio-puntu bat izan zen emakumezkoen futbolerako. Eta azkena, irabazi gabe hainbat urte eman genuelako. Momenturik txarrenari dagokionez, San Mamesen Bartzelonaren kontra galdu genuen Liga aipatuko nuke. Ho­geita hamar jardunaldietatik 29tan ibili gi­nen lidergoan, eta azken partidan, non eta etxean, galdu genuen. Barça oso tal­de ona zen, baina presioa guk geneukan. Guk ez genuen emozioak kudeatzen ja­kin. Dena zegoen prest guk irabazteko, baina po­rrot egin genuen.

Guztira 64 gol sartu dituzu. Zein izan da bereziena?

Lasesarren jokatzen genuela, 94. mi­nutuan Oviedoren kontra sartu nuena, 2005ean. Gola berezia izan zen garaipena eman zigulako, eta gainera, gol olinpikoa izan zelako.

Lau Liga irabazi dituzu, baina Koparik ez...

Zaila da titulu bat irabaztea eta nik batzuk irabazi ditut. Behin baino gehiagotan Kopa irabazteko hurbil-hurbil ibili gara: Espanyolen kontra luzapenean galdu genuen; Barçaren kontra, penaltietan... Tira, pena da baten bat irabazi ez izana, baina atzera begiratzen badut, pilo bat garaipen eta arrakasta lortu ditugu.

Zurekin batera Eli Ibarrak eta Irune Muruak ere utzi dute taldea, partida gehien jokatu dituzten jokalarietakoak. Babes barik uzten duzue taldea?

Ez, ez dut uste, taldean beterano pi­loa gelditzen direlako. Kluba nire kontratua luzatzen saiatu da, baina beteranook apurka-apurka uztea hobe dela esan diet nik, denok batera egitea baino.

Esaten da Athletic klub berezia de­la. Emakumezkoen taldea ere berezia da?

Filosofiak ezberdin egiten gaitu. Talde homogeneoa daukagu, kultura berekoa, eta horregatik sentimendu handiagoa daukagu. Era berean, zaletuen atxikimendua ere oso handia da. Athletic klub berezia da, bai horixe. Argi dago, filosofiak mugatzen gaituela jokalariak ekartzeko orduan; baina era berean, filosofiak go­gortzen gaitu.

Ospe handiko ibilbidea egin duzu Athleticen, baina behin eta berriro en­tzun dizut irabaztea gero eta zailagoa izango dela. Zaletuak prest dau­de galtzeko?

Ziur asko, mutilei gertatu zaiena emakumeen taldeari ere gertatuko zaio, hau da, hasieran titulu guztiak irabazteko hautagaia zen, baina apurka-apurka, atzerritarrak etorri diren heinean, irabazteko aukera txikiagoa izan da. Hala ere, talde erraldoien kontra jokatu arren, mutilak lehiakorrak dira. Agian denbora luzea emango dugu neskek Liga berriro irabazi arte, baina exijentzia altua izan behar da, eta behintzat lehiakorrak izatea eskatu behar diegu, mutilei eskatzen diegun moduan.

Urtebete eman zenuen Estatu Ba­tue­tan. Zergatik joan zinen?

Esperientzia bizi izatera eta ingelesa ikastera joan nintzen. Urtebete eman nuen bertan eta oso esperientzia polita izan zen. Florida State unibertsitatera joan nintzen, eta hori goi-mailakoa da futbolean. Hango futbola askoz fisikoagoa eta zuzenagoa da; hemen, aldiz, hobeak gara taktikan eta teknikan. Estilo ezberdina da. Aldagela ere oso desberdina zen, bertan zortzi herritako lagunak geundelako: australiarrak, japoniarrak, holandarrak, alemaniarrak... Ondo moldatu nintzen, baina gehienbat europarrekin ibiltzen nintzen. Amerika kulturalki zaila da, batez ere Eus­kal Herritik bazoaz, haiek oso indibidualistak eta lehiakorrak direlako; guk, aldiz, garrantzia handiagoa ematen diegu lagunei, kuadrillari.... Solidarioagoak gara. Ezau­garri bakoitzak baditu alde onak eta txarrak. Ezberdinak dira.  

Futbola amaitu da. Orain zer?

Soin Hezkuntza ikasi dut eta gainera entrenatzaile titulua eta goi-errendimenduaren masterra ere badauzkat. Athelticen, teknifikazio arloan egiten dut lan, kimu, haur eta kadete mailetan. Horrek esan nahi du neskak entrenatu ditudala, astean behin. Aurten prestatzaile fisikoa izango naiz haurren eta bigarren taldeetan. 

Eta Athletic entrenatzea?

Bai, zergatik ez, gustura egingo nuke hori. Athletic nire etxea da eta jokalari mo­duan gogor borrokatu badut Athle­ticen alde, entrentzaile moduan ere gauza bera egitea gustatuko litzaidake. 

 

 

 

 

“Hiruzpalau urte barru neskak profesionalak izango dira”

Iraia Iturregi Sustatxa (Loiu, 1985) etxean hasi zen futbolean jolasten. “Ate bat geneukan lorategian eta bertan jokatzen nuen lehengusuarekin. Eskolan ere jokatzen nuen mutilekin”. Handik, Iraia Sondika taldera joan zen. “Gaztetan Sondikako partidak ikusten nituen eta egun batean nire amak esan zien nik ere jokatu nahi nuela eta horrela hasi nintzen”. Hurrengo urratsa Leioa taldea izan zen eta azkenean, Athletic. “Leioan Bigarren Mailako Liga irabazi genuen eta igoera fasean geundela esan ziguten Leioa Athletic bihurtuko zela. Guretzat itzela izan zen. Hurrengo urtean Estatuko lehenengo mailan jokatuko dugu eta gainera, non eta Ahleticen!”.

Iraia 14 urte zituela hasi zen futbolean federatuta jokatzen eta, harrezkero, emakumezkoen futbolak aurrerapauso asko eman ditu. “Hasieran, hareazko zelaian aritzen ginen; entrenatzeko zelaiaren laurdena baino ez ziguten uzten; batzuetan ez genuen aldagelarik... Athleticen ere baldintzak gero eta hobeak izan dira: lehenengo urteetan ez genuen ezer kobratzen; gero, dietak kobratzen hasi ginen; ostean, kotizatzen hasi ginen eta gaur egun jardunaldi erdiko kontratuak ditugu. Era berean, neskok La Liga eta AFE (Espainiako Futbolarien Elkartea) erakundeetako kideak gara eta gure partidak telebistaren bidez ikusteko aukera dago”.

Iraiaren esanetan, “laster erabateko profesionalizazioa” izango da. “Atletico de Madrid eta Bartzelona taldeetako jokalarien % 100 dira profesionalak eta joera hori zabaldu egingo da. Esan digutenaren arabera datozen hiruzpalau urteotan neska guztiak profesionalak izatea lortu behar da, hau da, soldata baten truke jokatzea eta kotizatzea. Soldatak ez dira oso handiak izango, baina tira”.

 

Iraia, Athleticen:

15 denboraldi.

401 partida.

64 gol.