Hirugarren zatiaren laguna

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 14a, 10:28

Aratz Astobieta l gizarte-integratzailea

Hirugarren zatia errugbian egiten da: partidaren ostean, epaileak eta jokalariek zerbait hartzen dabe alkarregaz batera, partida, kirola eta bizitzari buruz patxadaz berba egiten daben bitartean. Aratz Astobieta loiuztarrak (1990) benetan gozatzen dau hirugarren zatia. Baina errugbian joatzeaz gainera, loiuztarrak hainbat gauza egiten dau. 

“Betidanik gustatu jataz umeak eta argi neban hortik abiauko nintzala. Uni­ber­si­da­dean hasi nintzan ikasten, baina itxi egin neban. Beraz, Haur Hezkuntzako goi-mailako zikloa eta Gizarte Integra­tzaile zikloa ikasi nebazan Zornotzan”. Aratzek igaz bukatu ebazan ikasketak eta maiatzean hasi zan beharrean. “Integra­tzailea naz Ermuan, adingabeentzako zentro baten. Foru Aldundiak hara bidaltzen dauz arazoak dabezan gazteak. Nik gabaz egiten dot lan, eta gazteen atsedenaldia bermatu behar dot, eurak lasaitu behar dodaz. Lana gogorra da, batez be psikologikoki, ikusten dozuzan egoerak oso latzak diralako. Dana dala, pozik na­bil”.

Aratz txorierritar peto-petoa da, baina ikasketak Durangaldean egin dauzanez, lotura estua dauka eskualde horregaz. Eta hortik etorri jakon errugbian ol­getako aukerea. “Nire lagun batek animau niduan Zornotzako talde barri baten olgetako. Gitxi nekien errugbiaren inguruan, baina berehala harrapau ninduan. Errugbian sortzen dan giroa berezia da: hirugarren zatia egiten dogu taldekideok, beste taldeko kideek eta epaileak. Eta zerbait jaten eta edaten dozun bitartean, partida komentatzen dozu. Horrek izugarrizko anaitasuna sortzen dau”.

Loiuztarrak batez be errugbian epaileagazko daben errespetua azpimarratu dau. “Jauna esan behar deutsazu eta ba­karrik kapitainak edo entrenatzaileak berba egin deutse. Hori futbolean, esate baterako, ez da gertatzen, eta ni futbol zalea naz eta San Mamesera joaten naz. Askotan nire burua ikusten dot oihukatzen San Mameseko armailetan eta harritzen naz nire jarreragaz: kontraesana da, futbolean oso urduri; eta errugbian, aldiz, oso lasai (kar, kar)”.   

Aratz Urgozo Zornotza taldean dabil olgetan, Euskal Herriko Bigarren mailan, mailarik baxuenean. Bera harroin jokatzen dau, aurreralari. “Aurten gure hirugarren denboraldia izango da eta igazko emoitza hobetzea dogu helburu. Urterik urte hobetu egin dogu: lehendabiziko urtean, entrentzaile barik ibili ginan eta azkenaurreko postuan bukatu genduan liga; igaz Aitor Etxebarria jokalari ohia entrentzaile aritu zan eta izugarrizko aurrera pausoa emon genduan”. Loiuz­tarra pozik dabil, taldeak nahiko denpora eskatu arren. “Hiru egun entrenetan dogu eta asteburuan, partida. Hegoaldean zehar olgetan dogu eta partida bakotxeko egun osoa emoten dozu. Adibidez, Iruñara bazoaz lau ordu emoten dozuz autobusean; gero, partida; eta azkenik, hirugarren zatia. Baina horrek be alde ona dauka, hau da, taldea egiten dozu”.

Errugbiagaz dauen inplikazinoak den­porea kendu deutso bere “betiko” ki­rolari, hau da, pilotari, emoteko. Txikitan hasi zan esku pilotan olgetan, Larrabe­tzuko Olarr­ta taldean, baina 19 urte ebazala, itxi egin eban. Gero, zaletasuna berreskurau egin eban eta palan hasi zan jolasten. Azken lauzpabost urteotan zaletu mailako hainbat txapelketetatan hartu dau parte, baina aurten errugbiari emon deutso lehentasuna. 

 

Sahara

Baina gure Aratz mutil polifazetikoa da eta “familiari esker”, alkartasunak be erakartzen dau. Ildo honeri jarraituz, Saharara joan zan udabarrian emakumekoak ahalduntzeko proiektua bertan garatzera. “Lagun bat Hamadako izarrak Durangoko alkarteko kidea da eta Sa­harara joateko aukerea emon eustan. Beste kultura bat ezagutzera joan nintzan, baita beste esperientzia bat bizitera be. Oso aberasgarria izan zan. Harrigarria da ikustea zelan bizi diran baldintza horreetan, ze gitxigaz ze pozik bizi ahal dan. Tamalez, pilo bat harritu niduen ba­samortuan zenbat plastiko dagoan ikusteak. Penagarria da”.

Alkartasuna ez da familiak emondako gauza bakarra, alde artistikoa be handik jatorkolako. Aratz, 19 urte ebazala, Laino­mendi dantza taldean hasi zan eta urte batzuk beranduago Daltondarrak taldea sortu eban lagunakaz. “Taldea lau lagun alkar ikusteko atxakia izan zan, ez da batere serioa, zaletasuna besterik ez. Ni abeslaria naz, musika-tresnarik joten ez dodalako (kar, kar). Taldeak betiko euskal kantak joten dauz: Anje Duhalde, Mikel Urdangarin, La Polla, Delirium Tremens, Ruper Ordorika... Nik folka egiten dogula esango neuke, gitarra akustikoa, txirula eta kaxa joten doguzalako. Tamalez, gaur egun apur bat aparkatuta dago, baina kontzertu batzuk emon doguz, batez be Euskal Herrian zehar, baita Argentinan be”. Aratzi hirugarren zatia gustetan jako: lehen, Daltonarrak taldekoakaz egiten eban, eta orain, errugbi jokalariakaz.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).