Loiuko Putxera Txapelketa, urtarrilaren 27an

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 23a, 12:36

Loiuko Udalak Nazioarteko Putxera Txapelketa antolatuko du zazpigarren aldiz, urtarrilaren 27rako, herriko frontoian. Betiko moduan, parte-hartzaileek indabaz eta sakramentuz betetako lapikorik onenak aurkeztuko dituzte, sariak irabazteko eta noski, ondo pasatzeko. 

Aurtengo edizioak nobedade batzuk ekarriko ditu. Esate baterako, Udalak parte-hartzaile loiuztarren artean, sari bat banatuko du. Gainera, hainbat sari emango dira: lehenengo bostek garaikur bana eta dirua jasoko dituzte –290, 250, 200, 150 eta 100 euro, hurrenez hurren–, eta seigarrenetik hogeigarrenera bitartean, garaikurrak, ardoa eta txakolina.

Beste nobedadeak ordutegiaren haritik etorriko dira. Batetik, lehiakideek ezin izango dute putxera egiteko lekua aurreko egunean hartu, urtarrilaren 27an bertan, 6:00tik aurrera, baizik. Bestetik, lapikoak 12:30etatik 14:30etara bitartean aurkeztuko dira eta sari-banaketa 16:30ean egingo da. “Aurreko urteetan beranduago egiten genuen, baina aurreratu dugu horrela eskatu digutelako. Kontuan hartu behar dugu gure txapelketara kanpoko jendea hurbiltzen dela: Burgos, Errioxa...”, esan digu Idoia Bilbao zinegotziak. Ostean, 17:00etatik aurrera, Akerbeltz taldeak berbena eskainiko du.

Epaileek hiru alderdi hartuko dituzte kontuan, indabei nota jartzeko: aurkezpena, zaporea eta egosketa-puntua. Eta berdinketa balego, egosketa-puntuak erabakiko luke. Iaz, 117 parte-hartzaile aritu ziren lehiaketan, eta aurten, antolatzaileek iaz baino lagun gehiago espero dute. “Eguraldiari begira gabiltza: ona bada, jende gehiago etorriko da. Dena dela, Putxera Txapelketa jai polita da herrian, goiz-goizetik oso giro polita dagoelako. Eta horregatik, hain zuzen ere, antolatzen dugu”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).