“Herria guztia da niretzat”

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 16a, 11:48

Jesus Sustatxa, loiuztarra

Luis eta Mariaren semea, Jesus Sustatxa (Loiu, 1953) jaio zan baserrian bertan bizi da, aita eta aitite jaio ziran baserrian hain zuzen be. Clementene edo Juanmigelene moduan zan ezaguna lehen; orain Elizondo 13 da. Eta handik mugidu barik, Jesus loiuztarra izan da, bilbotarra, eta loiuztarra barriro. Herria maite dau, eta maitasun horrek Loiu eta bere herritarren historia jasotzera eroan dau. Denporearen podazoz galdu ez daiten.

Oroitzapen asko etxe hontan, ezta?

Etxea guztiz aldatu da. Hemen, gaur egun egongela dagoan lekuan, beheko sua egoan lehen, eta hor, txarria hilten zanean, txorizoak-eta eskegiten genduzan (hasi da txoko bat eta bestea seinalatzen). Hor artoa zuritzen genduan eta beste aldean korta egoan. Lehenengo pisuan, hiru logela eta lastatia; eta kamarotean patatak, kinpulak, sagarrak… gordetzen genduzan.

Eta zelan bihurtu zan baserria gaur egungo etxea?

Maizterrak ginan eta etxea orain dala 30 urte inguru erosi genduan. Arau subsidiario barriak indarrean sartu ziranean, esan euskuen hau nekazaritzako ingurua izatetik bizitegi gunea izatera pasauko zala. Beraz, baserriaren itxurea aldatu behar genduala eta ezin nebala ganaduagaz jarraitu. Beste lanbide bat topau behar izan neban eta lorezain egin nintzan.

Zenbat urte egin zendun ganaduagaz?

Hogeta hiru urtegaz hasi nintzan. Estudiatzen 18-19 urte bete arte egon nintzan, eta soldadutzea amaitu eta apur bat beranduago hasi nintzan etxean. Gero aita gaixotu zan eta nik hartu neban etxeko ardura guztia: animaliak, soloa…

Penarik emon eutsun bizimodu hori itxi behar izateak?

Alde batetik , bai. Hogeta hemeretzi urte nebazan garai hatan, familia bat, eta lan barik lotu nintzan. Baina beste alde batetik, baserriaren bizitzea ez jatan asko gustetan, oso gogorra zalako. Guk esnetarako behiak genduzan, eta goizean zein arratsaldean  eratsi behar nebazala, urteko egun guztietan… Soloan esperientzia nebanez, lorezaintzan ahalegintzera animau nintzan. Lehenengo urte biak oso gogorrak izan ziran, baina apurka-apurka  joan nintzan bezeroak lortzen. Autonomo egin nintzan eta sikiera jakin izan dot zer diran domekak. Familiari be denpora gehiago eskaini ahal izan deutsat. Lorezaintzan jubiladu arte egon naz.

Ogibide polita.

Niri itzel gustetan jat. Eta ikusten dozunez, hemen jarraitzen dot, lorategian-eta entretenitzen.

Izan be, oso etxe bitxia da zurea, kanpoaldea gitxienez. Nekazaritza eta abeltzaintzari lotuta dagozan eta ez dagozan elementuakaz apainduta, lora eta landareakaz, Loiuren gaineko erreferentziakaz… Zergaitik?

Lehen beti egoalako lohi. Badakizue, zelakoa dan baserriaren mobimentua: dana trastez beteta, satsa… Orduan, hainbeste urtetan polito egon ez danez, erabagi neban ordutik aurrera polito egongo zala.

Loiuztar peto-petoa, herriari erabat lotuta.

Bai. Pentsa eizue bertoko eskolan lau urtegaz hasi nintzala. Euskal dantzetan sartu nintzan, meza-laguntzailea izan nintzan, esku pelotan monitorea, kooperatibaren presidente ordea… Nik herria maite dot eta beti egon naz, era baten edo bestean, han eta hemen sartuta. Zer esango deutsuet… Herria guztia da niretzat.

Herriko historia orain dala 10-15 urte hasi zinan jasotzen. Zerk bultzatu zinduzan horretara?

Loiuk aldaketa itzela euki dau, bai fisikoki, esate baterako aireportuaren eraginez, bai bere izaerari jagokonez. Eta pentsau neban inportantea zala gure historia gaur egunera ekartea. Ez dagoelako ondo hona bizi izatera etorri diranek ez jakitea Loiun orain dala 50 urte zer gertatu zan. Historia batzen hasi nintzanean ez neban uste emotea hainbeste urte lan hori egiten, baina egia da gero eta gehiago gustetan jatela. Gainera, emoten dau jenteari be gustetan jakola.

Zeren faltea sentitzen dozu antxinako Loiutik?

Gauza asko, eta batez be herritarren arteko senidetasuna… Gogoratzen dot baserri gehieneko ateak zabalik egozala, eta zure atetik baten bat pasatzen bazan, idiak bide erdian itxi, zigarroa biztu eta ordubete egon ahal ziniela berbetan, ardao edo ur apur bat edanda. Lan asko be auzolanean egiten genduzan: txarria hil, badarra batu… Orain ez dakigu nor bizi dan gure ondoan. Esentzia hori galdu egin da, Zabaloetxen behintzat, beste auzo batzuetan oraindino horrela jarraitzen dabelako. Esate baterako, Lauroetan, eta poztekoa da benetan.

Eta txokoren bat?

Bospasei urte nebazala abadeak telebistea erosi eban eta domeka arratsaldeetan bere etxera joaten ginan, pezeta bat ordainduta, telebistea ikustera. Eskolatik urten eta plazan olgetan gendun, edo frontoi zaharrean, eta euria bazan, eleiz atarian. Gero, 12 urte nebazala, Beti lagunak aisialdiko alkartea sortu zan, eta hasi zan herria ulertzeko beste modu bat lantzen: gazteak batzeko taberna antzeko bat atondu zan, euskal dantzen taldea osatu, idi-probak… Pentsa eizue, hau Bilbokoa izan zanean nahiko lotuta egon zan: ez egoan etxebizitza barririk eta gazte askok kanpora joan behar izan eben, aireportua zala-eta derrigorrezko desjabetzeak izan ziran… herriak sufridu egin eban. Baina 1982an, Bilbotik desanexionatu ginanean, udalbatza barria hasi zan lanean eta Loiuri beste itxura bat emoten. Nahiko polito dago gaur egun.

Eskolea aitatu dozu. Non egoan?

Udaletxearen albo bietan; albo baten neskak egozan; eta bestean, mutilak. Bilbokoak izan ginanean hainbat ikastetxe pribadu egin ziran bertan. Ume gitxi egoan eta batzuk ikastetxe horreetara joaten hasi ziren. Eskolea desagertu egin zan, ez egoalako ume nahikorik eta egozanek Erandiora-eta joan behar izan eben. Gaur egun, Sondikara doaz.

Gaur egungo Loiu gustetan jatzu?

Bai. Eta izan zana be bai. Gauza asko dagoz gaur egun eta pentsetan dot horrela jarraitu behar dala. Laurehun etxebizitza barri egiteko asmoa dago eta hori kontrol apur bategaz egiten bada, gauza ona izango da, populazioa hazten dan neurrian, oinarrizko zerbitzuak joango diralako ipintzen. Lehen, esate baterako, harategi bat egoan eta arraina saltzera etorten ziran furgoneta baten… Gaur egun, ozta-ozta doguz farmazia bat eta banketxe baten sukurtsala.

Gauza txarrik badau?

Dauan gauzarik txarrena da aireportuak bitan banandu egin daula herria. Ondorioz, Larrondoko jenteagaz ez dogu harremanik eta pena handia emoten deust, herri berekoak ez garala pentsau leitekeelako. Aireportua Loiun ipintzea beharrezkoa zan, baina desjabetzeak zelan egin ziran beste kontu bat da.

Zelan gustauko litxakizu izatea etorkizuneko Loiu?

Gaur egun dan moduan. Apur bat handitzen bada eta jente apur gehiago badator, ondo; baina ez dot gura hona jentetza handia etortzea. Nire errutina hauxe da: etxetik urten, nasaitasuna, berdea ikusi… Zaratea gura dodanean Bilbora noa, baina atoan bueltetan naz, bertan nasaitasun itzela topetan dodalako. Oso pozik nago nire herrian eta ez neuke inondik inora aldatuko. Bertan bizitzea pribilegio bat da.

Proiekturik?

Hil baino lehenago, Loiuko azken mendearen historia liburu baten jasotzea gustauko litxakit, herriak euki dauan aldaketea oso handia izan dalako. Ahalegina egingo dot ea argazki eta informazio gehiago lortzen dodan. 

 

Baserririk baserri, kontakizun bila

Jesusen ahaleginaren emoitza, besteak beste, honeek dira: urtean zehar Loiun gertatutakoa batzen daben eta urtero argitaratzen diran cd-ak, 36ko gerraren gaineko liburu bat, CD Loiuren gaineko liburua eta cd-ak… Lanok Loiu laztana alkarteagaz zein bere kabuz egin dauz. “Baserrik baserri eta etxerik etxe ibili nintzan argazki zahar bila eta akabuan 2.000 argazki baino gehiagoko artxiboa osatu neban. Argazkiez gainera, hainbat kontu eta pasadizo be kontatu eustezan. Auzoetan be informatzaileak dodaz eta zer edo zer gertatzen danean atoan deitzen deustie. Era berean, herrian egongo diran ekintzen barri emoten deustie Udaletik eta hara noa ni, grabagailua eta argazki-kamara eskuan… Foru Artxibategian izan naz, Bergarako artxibategian… Bestetik, Guardamino Loiuko “jabe nagusia”- edo izan zan, baserri gehienak berarenak ziralako eta lurrak be emon ebazan, adibidez, kooperatibea egiteko. Bada, bere seme bategaz be banabil hartuemonetan, ea garai hatako dokumentuak itxiten deustazan”

Kontakizunak, bitxikeriak… asko gustetan jakuz, eta baten bat kontatzea eskatu deutsagu. “Asko dagoz. Herritar batek, esate baterako, ia diru guztia galdu eban behin, idi-probetan jokatzen. Poltsikoan bost pezeta baino ez ebala, erabagi eban berdin jakola etxera bost pezetakaz edo diru barik itzultzea, eta loteria erosi eban. Bada, suertatu jakon; dirutza, garai hatan. Beste behin, 1951n, ikusmin handia sortu eban partidua jokatu eban Loiuk Apurtuarteren kontra, Asuan. Apurtuarte lehenengo postuan egoan sailkapenean eta Loiu erditik-edo joian, eta dirutza jokatu zan. Bada, Loiuk 0-5 irabazi eutsan Apurtuarteri. Egun horretan be dantzaldia egon zan Asuako plazan, baina hara ez zan azaldu ez Asuako inor, ez Erandioko inor. Guztiak loiuztarrak ziran. Asuako dantzaldia baino, Loiuko jaiak ematen ebala dinoe”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).