Umilen garaipena

a: Loiu FT 2018ko api. 9a, 10:03

Loiu kirol elkarteak 75 urte bete ditu aurten

Loiu Kirol Elkartea umila da, talde txikia. Beraz, ez da harritzekoa urteurrena modu horretan ospatzea ere. Taldea 1942an sortu zuten eta aurten, 75 denboraldi geroago, apirilaren 14an, loiuzaleak batuko dira atzera begiratzeko eta, batez ere, data gogoangarri hura elkarrekin ospatzeko.

"Urteurrenaren haritik, ez dugu ezer handiegia egin nahi izan, ahalik eta jende gehien batzeko. Bizkai mailako talde zaharrenetariko bat gara, hau da, 75 urte ez dira urtero betetzen eta horregatik ospatu egin behar da, bai horixe!", esan digu Aitor Olartekoetxea Loiu Kirol Elkarteko idazkariak. Aitorrek umiltasunez hitz egin digu, baina baita harrotasun puntu batekin ere. Ez da gutxiagorako.

Beraz, loiuztarrek egun batean egingo dituzte ospakizunak, apirilaren 14an. Lehenengo ekintza meza izango da, Elotxelerriko futbol zelaian bertan, "hil diren taldekideei omenaldia egiteko". Ostean, beste omenaldi bat, batzarkide eta presidente nagusiei, "bizi direnei": José Urti eta Ángel Urrutikoetxea; Gerardo eta Javier Dañobeitia; eta José Mari Careaga. Ostean, Loiuko beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Athleticenen kontra. "Hori ere omenaldia da, taldean ibilitako jokalari ohiei". Jaia biribiltzeko, bazkaria antolatu dute eta horretan, "gutxienez 150-200 lagun batzea" espero dute.  

Urteurrena dela-eta, Jesús Sustatxak klubaren historia jasotzen duen liburua idatzi du. “Jesúsek lan txukuna eta gogorra egun du: hainbat kontakizun eta argazki batu ditu, denerik dago”. Liburua erosi nahi duenak urteurrenaren ospakizunetan bertan izango du aukera; bestela, klubarekin harremanetan jartzen bada, horrela ere erosi daiteke liburua. 

Talde xumea

Loiu talde txikia da. Urtik jarraitzen du presidente eta berarekin batera 10-12 lagun dabiltza batzarkide. “Gehienak nagusiak dira eta jende gazteagoa klubean sartzea nahiko genuke. Urtik, esate baterako, 40 urte inguru daramatza taldean”. Gaur egun, talde bik osatzen dute kluba: talde nagusia, Ohorezko Mailan, eta gazte taldea, Gazteak Bigarren Mailan. “Orain dela urte bi hirugarren postuan geratu ginen, baina gaur egun gorriak ikusten gabiltza, mailari eusteko. Jokalariek gogor egiten dute lan, helburua lortzeko, eta oso harreman ona dute euren artean. Eta hori polita bezain garrantzitsua da. Jakin badakigu Ohorezko Maila oso gogorra dela Loiu bezalako talde txiki batentzat, baina tira, sufritzen-eta, aurrera egiten dugu".

Loiu taldeak arazoak ditu herria erakartzeko. Esate baterako, jokalari gehienak ez dira loiuztarrak. “Ez dugu harrobi handiagorik gurea herri txikia delako eta, ondorioz, gazteak topatzeko arazoak ditugulako. Loiun gazteak egon badaude, baina gehienek ikastetxe pribatuetan ikasten dute eta hango taldeetan jokatzen dute. Eta gure inguruko herrietan, eskolek ez dute talderik eta, azkenean, gazteek herriko taldean jokatzen dute. Hori ekiditeko, ahozko hitzarmena egin dugu Ikastetxe Frantsesarekin, bere kadete mailako mutilak gure taldera etortzeko”. 

Gainera, Aitorren esanetan, “Loiun apur bat sakabanatuta gaude, aireportuak banantzen gaituelako. Eta bazkideak, ba 200 bazkide baino ez ditugu, eta euren inplikazioa txikia da. Larrondoko lagunak partiduak ikustera etortzen dira; Loiuko herrigunekoak, aldiz, nekez hurbiltzen dira, nahiz eta kuota ordaindu". Agian horregatik herriko enpresek ere eskaintzen diote klubari "laguntza txikia". Dena-dela, oztopoak oztopo, Loiu tadeak aurrera egiten du azken 75 urteotan egin duen moduan, umiltasunez. Eta hori euren garaipena da, umilen garaipena.

Elotxelerriri lotuta

Loiu Kirol Elkartea 1928an hasi zen jokatzen Hirugarren Mailan. Hiru denboraldi pasatuta, taldea desagertu egin zen, baina 1942an Félix Torrek, Prudencio Eguzquizagak eta Pedro Heros Loiuko kapilauak berriro sortu zuten futbol taldea. Garai hartan, futbol zaletasuna hazten zegoen eta hori zela-eta, Elotxelerriko zelaia eraiki zen, Prudenciok utzitako lur-eremu batean. Taldeak bertan jokatu zuen 1989ra arte, Udalak zelai berria Elotxelerrin egin zuenean ere. 

Kirol-aldeari dagokionez, 1966an gazte taldea sortu zuten, eta 1970ean, haur mailako taldea. Loiuko kluba xumea da eta lurraldeko mailan ibili da beti. Gaur egun, Lurraldeko Ohorezko mailan jokatzen du. Taldean hainbat jokalari aritu dira azken hamarkada hauetan eta hauek dira Lehenengo edo Bigarren Mailara iritsi direnak: Félix Marcaida, Ignacio Ayarza, Fidel Llona eta Trabudua (Athletic); Antonio Lasuen eta Gonzalo Arana (Valladolid); Llorente (Hércules); eta Sabino Uriarte (Jaen).

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).