Lagunakaz eta familiagaz goza daiguzan!

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 26a, 12:13

San Pedro-Santa Luzia Loiuko jaiak

Ekainean tenperatura igo egiten da Loiun, eta ez bakarrik uda datorrelako. Izan be, herriko jaiak, San Pedro eta Santa Luzia, ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean ospatuko dira. Aurtengo jaiek aurreko urteetako eskemari eutsi arren, nobedadeak be ekarriko dabez. Alkateak jaiak familian bizi izateko gonbitea egin dau.   

"Jaien helburu nagusia hau da: lagunakaz eta familiagaz gozatzea eta gure herria eta bertako jaiak ezagutaraztea; hori bai, gizalegez jokatuz eta pertsonak eta ondarea errespetatuz", esan deusku Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak. Udalak egitarau oparoa prestatu dau. "Udalean gagozanok programazino askotarikoaren alde egin dogu: 50 ekintzatik gora eta 11 kontzertu antolatu dira, gure ustez, gustu eta adin guztiak asebeteko dabezanak". 

Aurtengo jaiek aurreko urteetako eskemari eutsiko deutsoe: tortilla eta paella txapelketak, kirol jarduerak, musikea... Halanda be, nobedade batzuk be sartu dabez egitarauan. "Batetik, paella egunean kale bat ixten genduan, baina aurten zabalik itxiko dogu eta etxebizitzetako jabeek aparkalekura sartzeko aukerea eukiko dabe. Beste alde batetik, ur-txirrista jarriko dogu txikiek eta ez hain txikiek goza daien. Era berean, zapatu goizean, jolasak egingo dira errealitate birtualeko betaurrekoak jantzita". 

Beste nobedade bat eguen gauerako antolatu dabe: mexikanadak. "Inguru honetan jenteari itzel gustetan jakiez Mexikoko doinuak. Musikari jagokonez, aukera zabala eskaintzen ahalegintzen gara, adin tarte ezbardinak be kontuan hartuta". Alkateak aitatu deuskun moduan, "musika emonaldiak trakzio elementu garrantzitsua izan ohi dira, eta ez bakarrik Loiuko eta Txorierriko herritarrak erakartzeko, baita Bilbo Handikoak hurbiltzeko be". Aurten 11 musika emonaldi antolatu dira: lehenengoa, jaiak hasi baino lehentxoago, San Joan gauean, Deabru beltzak taldea. Gainera, Iñaki Basabe, Ur­tza, Munza eta Ibai disc-jockeyak, ETS, Akatz, Akerbeltz, Five Direction eta Korrontzi be ibiliko dira Loiun. 

Musikeagaz batera, paella lehiaketea da ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa Loiuko jaietan. Orain dala urte bi, Udalak ikusi eban gero eta jente gutxiagok hartzen ebala parte lehiaketan. Beraz, aldaketa bi sartu ebazan: batetik, izena emoteko kuota nabarmen murriztu eban. Lehen 70 eurokoa zan eta, gaur egun, 40 euro ordaindu beharko dau lehiakide bakotxak. Horren truke, lekua eta toldoa eskainiko dabez antolatzaileek. Bestetik, lehenengo lau sailkatuek dirua jasoko dabe saritzat –250, 200, 150 eta 100 euro, hurrenez hu­rren–; eta hurrengo zortziek, opariak. "Erabagi horreei esker, 2016. urtetik hona, urtero, 80 partzelak bete egiten dira. Normalean, 500 pertsonatik gora hurreratzen dira lehiaketara". 

 

Doako autobusa

Alkateak kanpoko lagunak be erakarri gura dauz, eta ildo horreri jaraituz, aurten be eskainiko da doako autobus-zerbitzua Txorierrirako eta Bilborako. "Zerbitzu hori oso ondo baloratzen dabe bai herritarrek, bai bisitatzen gaituenek. Igaz, lagun gutxiagok erabili eben autobusa, baina aurten be eskainiko dogu zerbitzua, abuztuan Aste Nagusira joateko egiten dogun moduan. Ez dogu gazteek auto partikularrak hartu behar izatea gura, Loiuko jaietara lasai etorri daitezan". Urteerak 22:00etan eta 23:00etan izango dira; eta itzulerak 02:00etan eta 05:00etan. Autobusak Txorierriko ohiko geldialdiak egingo dauz; era berean, Bilbora doana Ibarrekolandan itxiko dauz bidaiariak. 

Antolatze lanetan, oso mesedegarria izan da, urtero legez, herriko taldeen laguntzea: Loiuko Bakarrak, Nagusien Etxea Elkartea, Loiu Laztana, Larrakoetxe Herri Kirol Taldea, Irtxan Pilota Elkartea, Danontzat Elkartea eta Taichi- Li Karate. "Alkarteak funtsezko oinarriak dira herriko jaien garapenean. Eskertzekoa da euren lana. Harro gagoz euren laguntza eskuzabala euki dogulako".

 

 

 

Ekainak 28, eguena

–14:30 Jubiladuen bazkaria, karpan. Gure etxea nagusien alkarteak antolatua.

–16:30: Bilbainadak, Iñaki Basabegaz, karpan.

–17:00 Dantza txapelketea, karpan.

–17:30 Pala txapelketearen finalaurrekoa, frontoian. Irtxan pelota alkarteak antolatua.

–18:30 Pala txapelketearen bigarren finalaurrekoa, frontoian. Irtxan pelota alkarteak antolatua.

–20:00 Txupinazoa eta pregoia irakurtzea, karpan.

–20:00 Goi-Alde dantza taldea, karpan. 

–21:00 Mexikoko abestiak, tabernetan eta txosnetan.

Ekainak 29, barikua

–11:00 Kalejirea.

–11:00 Umeentzako tailerrak, karpan. Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.

–12:00 Mezea eta organo kontzertua, Pedro Guallarren eskutik. Eleizan.

–12:50 Ohorezko aurreskua, eleizan. 

–13:00 Triki-poteoa, Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.

–13:00 Kopaua, Abadetxe kalean.   

–15:00 Gazteen bazkaria, karpan. Loiuko Bakarrak alkarteak antolatua. Gaia: Western. 

–17:00 Pala txapelketearen finalaurrekoak (2. kategoria), frontoian. Irtxan pelota alkarteak antolatua.

–17:30 Nafarroa Kanta taldea, karpan. Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua. 

–18:00 Pala txapelketearen finalaurrekoak (1. kategoria), frontoian. Irtxan pelota alkarteak antolatua.

–19:00 Jesús Endemaño cumple 102 años pelikulea, liburutegian. Loiu Laztana alkarteak antolatua. 

–20:00 Club Li Karate Loiu taldearen erakustaldia, karpan.

–21:00 Tortillak aurkeztea, karpan.

–22:30 Kontzertuak: Akatz + Akerbeltz + Dj. Munza. 

Ekainak 30, zapatua

–10:00 XIV. Paella txapelketea.

–12:00 Mezea eta organo kontzertua, Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejoren eskutik.

–14:00 Paellak aurkeztea.

–16:30 Uretako txirristea, aterpearen ondoko errepidean.

–17:00 Mus Txapelketea, aterpean. Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.   

–17:30 Paella txapelketearen sariak banatzea.

–18:00 Urtza taldea, landan.

–18:30 Pala txapelketearen finalak (1. eta 2. kategoriak). Irtxan pelota alkarteak antolatua. 

–23:00 Kontzertuak, Herriko plazan: Five Direction + En Tol Sarmiento + Dj Ibai Sánchez.

Uztailak 1, zapatua

–11:00 Padel txapelketearen finala (emakumezkoak eta gizonezkoak), padel pistan.

–12:00 Eskupelota txapelketea, frontoian.

–13:00 Txikichef tailerra, Herriko plazan. Danontzat alkarteak antolatua.  

–18:00 Magia ikuskizuna, Herriko plazan. 

–18:30 Idi-probak, Larrakoetxe herri kirol alkarteak antolatua. 

–20:30 Kontzertua: Korrontzi, Herriko plazan. 

22:30 Txokolatadea eta Pantxiko erretzea, Herriko plazan.