Zergatik etorri zinen Loiura?
Udalbatzak gonbidatu ninduen. Errepublika garaian batzokia bazegoen Loiun, baina Francok itxi zuen. Eta orain dela 40 urte, batzokia berriro ireki zutenean, neu ere egon nintzen bertan. Loiu izugarri aldatu da azken 40 urteotan. Auzokide batek garai hartako bideoa eman zidan eta nik hori Sabino Arana Fundazioan utzi nuen. Polita izan zen urte haiek gogora ekartzea.
Gaztaroa Venezuelaren eta Euskal Herriaren artean eman zenuen, baina 1975ean hona etorri zinen behin betiko.
Bai, EAJ alderdian sartu nintzen eta Venezuelan bizi izandako eskarmentuari esker hasi nintzen lanean. Garai hartan kazetaririk ez zegoen, edo Erregimenaren aldekoak ziren. Ni, aldiz, herrialde demokratiko batetik nentorren. Beraz, Euzkadi alderdiko aldizkaria eta Deia egunkaria jarri genituen martxan. Garai gogorra izan zen, inork ez zekielako ezer: ez zegoen kultura politikorik, inork ez zekien jendaurrean hitz egiten… Eta horregatik, hain zuzen ere, joan nintzen Loiura duela 40 urte, erraztasuna nuelako jendaurrean hitz egiteko.
Harrezkero, ibilbide politiko luzea izan duzu, 1980tik 2015era bitartean.
Bai, hasieran, Eusko Legebiltzarrean. Gobernuan dagoen alderdi baten legebiltzarkidea izatea ez da oso interesgarria, botoia sakatzea baino ez baituzu egiten. Gero, 1988an Madrilera joan nintzen EAJ alderdiaren bozeramaile, Espainiako Legebiltzarrean. Urte gogorrak izan ziren, batetik EAJ eta EA banandu zirelako eta, bestetik, garai hartan ETAk jende asko hiltzen zuelako. Eta hori Madrilen are gogorragoa zen. ETAren ekintzak zirela-eta, egoera desatsegin batzuk bizi izan nituen: irainak, erasoren bat… Gainera, Ertzaintzak eskolta jarri zidan ETA nire atzetik ibili zela jakin zuelako. Azkenik, senataria izan nintzen. Ez dut uste inork 30 urte eman dituenik Madrilen politikan. Azken mohikanoa izan nintzen (kar, kar).
Senataria ere izan zinen. Zertarako balio du Espainiako Senatuak?
Galdera ona. Senatua herriak ordezkatzeko ganbera da, baina Espainia asimetrikoa da, eskualdeak eta nazioak daudelako bertan. Beraz, ez du zentzu handirik. Espainiako Senatuak Kongresuan egiten dutena kontrolatzeko balio du. Arazoa da ikusgarritasunik ez duela eta senatari gehiegi daudela. Niri gustatuko litzaidake abertzaleok –EAJ eta Bildu– Senaturako zerrenda bakarra osatzea, indartsuagoak izateko.
Zein da zure lorpen politikorik handiena?
Batzuk aipatuko nituzke. Esate baterako, Ekonomia Ituna geuk berreskuratu genuen 1981ean. Kataluniarrek esaten ziguten antzinako gauzak ez eskatzeko, baina gure ustez funtsezkoa zen, zergak jasotzen dituenak boterea duelako. Gainera, Alderdi Eguna neuk proposatu nuen, hori Venezuelan ere egiten zutelako. Bestetik, ezin izan genuen Pablo Picassoren Gernika margolana Gernikara ekarri, baina bai, ordea, Henry Moore eskultorearen Large Figure in a shelter eskultura.
2015ean politika utzi zenuen. Zergatik?
Alderdiak erabaki zuelako. Bazen garaia, agian. Alde batetik, jarraitzea gustatuko zitzaidan; baina bestetik, beste gauza batzuk egiteko astia dut. Ez pentsa aspertzen naizenik: kolaborazioak egiten ditut hedabide batzuetan, liburuak idazten ditut… Agenda bete-beterik dut.
Gaurkotasunari buruz hitz egin dezagun. Zer deritzozu Espainian egondako gobernu aldaketari?
Pedro Sánchez ez dut miresten, baina argi utzi du oso saiatua dela, eta hori politikan azpimarratzekoa da. Inork ez zuen espero Pedro Sánchez presidentea izango zenik. Horrek adierazten du politika oso gorabeheratsua dela. Euskaldunok aukera aprobetxatu behar dugu. Izan ere, Espainiako gobernua zenbat eta ahulagoa izan, orduan eta hobeto. Sánchezekin Gernikako Estatutua garatzen jarraitu behar dugu, falta zaizkigun konpetentziak hemendik kudeatzeko: espetxeak, gizarte-segurantza… Horrela, Euskal Herria, nazio moduan, sendoagoa izango da. Espainian pribilegiatu hutsak garela uste dute, baina ez dute aintzat hartzen hori lortzeko egin dugun lan gogorra.
Eta Kataluniari?
Miresgarria da Quim Torraren jarrera, amore ematen ez duelako. Finantzaketa eta autodeterminazio eskubidea dira gakoak, baina beste era batean aldarrikatu beharko dituzte, ez alde bakar batetik; bestela, kartzelan sartuko dituzte. Apurka-apurka landu beharko dute, Katalunian atxikimendu gehiago lortzeko. Epe luzeko borroka da hori.
Monarkiari buruz ere galdetu behar dizut...
Konstituzioaren 63. Artikuluaren arabera, erregeak gerra deklaratzen du eta bakea egiten du. Iraken gerran, 2003an, berarekin bilera egiteko eskatu genuen, baina bakarrik Zapaterorekin batu zen, garai hartako oposizioaren buruzagiarekin. Beraz, Kongresuan galdetu nuen zertarako balio zuen erregeak. Eta horrek iskanbila handia sortu zuen. PPko diputatuek irainak ere esan zizkidaten: "Etakidea, txerria, nazkagarria…". Eta handik aurrera erregearen inguruko galderak hasi nintzen egiten Kongresuan. Kongresuko kideak oso urduri jartzen ziren. Neu izan nintzen erregea zalantzan jartzen hasi zen lehenengoetako bat eta liburu bi idatzi ditut Espainiako monarkiari buruz. Eta bitxia da, ze erregearen jauregira 100 aldiz baino gehiago joan naiz afari ofizialetara. Horietako batean, Gorbachovekin egon nintzen eta abertzalea nintzela esan ziotenean, sutan jarri zen (kar, kar). Erregearen kontrako gorroto pertsonalik ez dut, baina egia da Juan Carlos ez dela oso pertsona interesgarria: ez da azkarra eta emakumeak eta dirua baino ez zaizkio interesatzen. Corina bere amorantea berarekin bizi izan zen 10 urtean eta inork ez zuen ezer esaten. Isiltasun hitzarmena zegoen eta orain ez dago. Erregea ezagutu baino lehen monarkiaren kontra nuen jarrera ezkorra indartu egin zen denboraren poderioz.
Venezuelan jaiotako euskalduna
1939an, Gerra amaitu zenean, Iñakiren aita erbestera joan zen, Venezuelara, eta han jaio ziren Iñaki Anasagasti (1947) eta bere anai-arrebak. Zazpi urte zituela, aldiz, aitak seme-alabak Euskal Herrian haztea erabaki zuen. "Garai hartan, Boris Izagirre moduan hitz egiten nuen (kar, kar). Donostiara heldu nintzenean, izena aldatu zidaten eskolan, izen euskaldunak subertsiboak zirelako: Iñakiren ordez, Ignacio".
Hamazazpi urte zituela, aita hil zen eta Iñaki Venezuelara joan zen berriro. "Han Ekonomia eta Kazetaritza ikasi nituen eta bitartean, izugarri inplikatu nintzen Caracaseko euskal etxean: saio bat egiten nuen Radio Euzkadi irrati klandestinoan; ikurriña zuten egutegiak egiten genituen, hona ekartzeko; baita Gudari aldizkaria ere… Euskal komunitatea Venezuelan oso handia zen garai hartan, Euskadiko edozein herri txiki bezalakoa zen. Eta euskal etxean ideologia anitzeko lagunok batzen ginen: ANV, EAJ, Jagi, ETA… Eztabaida sutsuak izan genituen geure artean, eta horrek kultura demokratikoa eman eta politikarako interesa piztu zidan". Euskal Herrira 1975ean etorri zen.
Iñakik "euskalduntzat" jotzen du bere burua, baina Venezuelari "eskerrak" eman behar dizkio, "euskaldunontzat oso eskuzabala izan zelako eta oso ondo hartu gintuelako". Eta horregatik bereziki tamalgarria iruditzen zaio herrialde amerikarraren gaur eguneko egoera. "Venezuela oso herri aberatsa da: petrolioa, bauxita… Agintariek aberastasuna behar bezala bananduko balute, ez litzateke herrialdean txirorik egongo. Baina, nire ustez, ustelkeria oso handia da eta politikariak ere ez dira onak. Bizi-kalitatea izugarri jaitsi da Venezuelan, jendeak ez du zer jan. Beraz, gaur egun Venezuela armadaren gainean oinarritutako diktadura da eta egoera oso txarra da. Kubak aurrera egiten duen bitartean, Venezuelak, atzera".