Aizkolaririk onenek erakustaldia eskainiko dute Loiun, azaroan

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 15a, 12:09

Aitzol Atutxa bizkaitarra, Iker Vicente nafarra eta Xabier Orbegozo “Arria V” gipuzkoarra gaur egungo aizkolaririk onenetarikoak dira, eta Loiun, Larrakoetxeko probalekuan, zuzenean ikusteko aukera izango dugu azaroaren 10ean. Ekitaldia Basque Sports plataforma berriak antolatu du. Aizkolariek 14 kanaerdiko moztu behar izango dituzte. Azkarrenak txapela eta 1.000 euro jasoko ditu saritzat.

Aitzol Atutxak Euskadiko azken lau txapelketak irabazi ditu. Hurrengoa, urriaren 28an jokatuko da Iruñan. Han, Vicente eta Orbegozo ere sartuko dira lehian. Nafarra gaztea da; giputza, aldiz, nagusiagoa eta eskarmentu handikoa. Loiuko norgehiagoka, beraz, parekatua eta erakargarria izango da. Kirolariak 17:00etan arituko dira, baina, saio horretatik aparte , antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dute Bizkaiko Foru Aldundiko eta Loiuko Udaleko laguntzarekin. 

Herri kirolak eguneko protagonistak izango dira, 11:00etatik aurrera. Lehenengo saioa txinga-eroate desafioa izango da emakumezkoen mailan. Brasildar jatorriko Xanta Sousa euskaldunak bertan hartuko du parte. Sousak errekor hauek ditu: 2 iltze 75 kg-ko txingekin, 7 iltze 50 kg-ko txingekin eta 55 iltze 25 kiloko txingekin esku banatan. Xanta Nerea Egurrola Bizkaiko txapeldunarekin sartuko da lehian, hain zuzen ere, 25 kiloko txingekin. Era berean, gizonezko mailako txanda 11:45ean izango da. Senegaldar jatorriko Ousmane Dramé Euskadiko txapelduna da, eta 40 iltze, metro bat eta 25 zentimetroko errekorra dauka. Kerman Pérez de Heredia Euskadiko txapeldunordea izango da bere arerioa.

 

Harri-jasotzaile Kintopekoen Txapelketa

Ostean, 12:45ean, harri-jasotzaileak ibiliko dira. Loiun, 2018ko Euskal Herriko Harri-jasotzaile Kintopekoen Txapelketa egingo da. Jon Gisasola (Bizkaia), Aritz Etxebarria (Bizkaia), Manex Aburuza (Gipuzkoa) eta Iraitz Arruti (Gipuzkoa) arituko dira bertan. Laukoteak 100 kg-ko harri kubikoa eta 100 kg-ko harri zilindrikoa altxatu beharko du, eta 3 minutuz arituko da harri bakoitzarekin.

Bazkaldu baino lehen, 14:15ean, aizkolari gazteek jardungo dute. Xuan Cañamares nafarra eta Ibai Zabala eta Hodei Ezpeleta gipuzkoarrak Loiu Larrakoetxe Sari Berezia irabazten saiatuko dira. Horretarako, bakoitzak kanaerdiko 6 enbor ebakiko ditu. Hori bukatutakoan, bazkaria, burruntzian erretako txerrikia, eskainiko da 15:00etatik aurrera.

Kirola berriro hasiko da 17:00etan, aizkolari nagusien eskutik. Saioa bukatzen denean, 18:00etan, ateak zabalduko dira, sari-banaketa edonork ikusi ahal izateko. Ekitaldi horretan omenaldia eskainiko zaie sokatira euskal selekzioei. Izan ere, zazpi domina irabazi dituzte joan den irailean Lurmutur hirian jokatutako mundu txapelketan. Jaia borobiltzeko, betiko euskal kantak joko dira eta 2.000 euro balio duen eta barruan lau aizkora dituen Arkaia Speed Axe kutxa bat zozketatuko da.

Zozketa horretarako txartelak eskura daude jada www.basquesports.eus webgunean, 5 euroko prezioan. Era berean, Loiu Larrakoetxe Sari Berezia 2018 jardunaldira joateko sarrerak 20 euro balio ditu. Kirol proba guztiak eta bazkaria daude sartuta prezio horretan. Gainera, antolatzaileek auto eta autobusentzako aparkalekua jarriko dute. Loiuztarrak doan sartu ahal izango dira, baita 12 urtetik beherakoak ere. Doako sarrera dutenek, bazkaldu nahi badute, Arkaia Speed Axe aizkora kutxaren zozketarako 5 euroko txartel bat erosi beharko dute, gutxienez.

 

Sarrerak hemen daude salgai:

www.basquesports.eus

667 629 440

info@basquesports.eus

Kantabriko taberna (Tolosa)

Mendizabal erretegia (Azpeitia)

Aurregoiti jatetxea (Loiu)

Pitxintxu jatetxea (Bilbo).

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).