"Aizkorarako zaletasuna aurrera doa Bizkaian"

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 11a, 10:05

Aitzol Atutxa, aizkolaria

Loiuk herri kirolen jaia hartu zuen azaroaren 10ean, eta horren barruan Loiu Larrakoetxe Sari Berezia izan zen ekitaldi nagusia. Horregatik hurbildu zen gurera Aitzol Atutxa aizkolari handia, Iker Vicente eta Xabier Orbegozo Arria V-ekin batera. Aitzolek ez zuen garaipena lortu Loiun; baina aste bi lehenago, ordea, Euskal Herriko txapela irabazi zuen bosgarren aldiz.

Zelan Loiun? Azkenean porrota, ezta?

Loiuko saioa polita izan da, gauza berria izan delako. Niretzat urteko azken txapelketa izan da, eta, gainera, zerbait desberdina, inoiz egin ez dena. Bizkaian zaletasuna aurrera doa, eta Loiuko saioak hori utzi du agerian. Azkenean, galdu arren, gozamena izan zen: antolakuntza aparta, giro bikaina sortu zen, aizkolariok probalekuaren erdi-erdian…  

Nolako erantzuna eman zuen publikoak?

Aparta. Goizean jende gutxiago egon zen, baina arratsaldean jende piloa hurbildu zen saiora, eguraldia txarra izan bazen ere. Eta hori poztekoa da, ze gauzak ondo antolatzen direnean, aizkorarako zaletasuna egon badagoela nabaria delako. Hori joera izan da azken urteotan.

Herri kirolen jaialdi itzela izan zen Loiukoa.

Bai, herri kirolen bilgunea: aizkolariok, txingak, emakumezkoak, gizonezkoa, gazteak, nagusiak… Poztekoa da. Herri kirolen jaia ez ezik, euskal jaia ere izan zen, txerriak erre zirelako eta erromeria egon zelako. Errepikatzeko moduko jaieguna. Ea beste herri batzuetan horrelakorik egiten duten.

Hitz egin dezagun denboraldiari buruz. Berriro, bost aldiz jarraian, irabazi duzu Euskal Herriko Txapelketa. Zorionak! Ez zara nekatzen?

Eskerrik asko. Ez, nekatu irabazteko nekatzen naiz, irabazteko  batere ez (kar, kar). 

Azken txanpan irabazi zenuen. Horrela gozoagoa da?

Bai. Sufrimendua handia izan da, batez ere txapelketa jokatu baino lehenago. Izan ere, aizkora kirol minoritarioa da eta beste lan bat izan behar duzu. Gainera, gogor entrenatu behar da. Finalak 38 minutu baino ez ditu irauten eta han sufrimendua ez da hain luzea. 

Saio erdian, hirugarren postuan ibili zinen. Zail egin zitzaizun egoera horri buelta ematea?

Bai. Aurreko txapelketetan beti lehenengo postuan ibiltzen izan naiz, baina oraingo honetan aurkariek nik baino hobeto hasi zuten saioa. Horrek balio erantsia eman dio garaipenari, gu bakarrik aritzen garelako eta atsedenaldirik edo hutsarterik ezin dugulako eskatu. Ez da batere erraza egoera hori kudeatzea, ezta buelta ematea ere. Bakarka ibiltzen garen kirolariok gogorrak izan behar gara psikologikoki.       

Faborito handia izateak presioa ekartzen dizu?

Tira, faboritoetako bat nintzen, baina ez bakarra, Iker Vicente ere sendo dabilelako. Presioa eman beharrean, motibazioa ematen dit, txapelketa irabazteko gauza naizela agerian uzteko.   

Eta finaleko giroa, hori ere itzela ezta? Hori goraipatzeko modukoa da?

Bai, horixe. Pozik egoteko modukoa da. Guretzat beste pizgarri bat da. Herri kirolek gero eta oihartzun handiagoa dute eta gu horregatik gabiltza poz-pozik, zelan ez. Azken urteotan hainbat erabaki hartu dira aizkora bultzatzeko: finalak hiriburuetan jokatu dira, hau da, jende gehiagorengana heltzen gara, komunikabideek gero garrantzi handiagoa ematen digute... Esate baterako, lehen ETB kateak programazioa betetzeko ematen zituen herri kirolak; orain, ordea, benetako apustua egin du gure alde, ziur asko audientzia ere igo delako. Era berean, aizkolari gehienak gazteak gara belaunaldi aldaketa gertatu delako; ondorioz, ikusleak ere gazteagoak dira. 

Euskal Herriko txapelketa irabazi duen lehenengo bizkaitarra zara. Uste duzu zaletasuna piztu duzula Bizkaian?

Zer da garrantzitsuena: erreferente izatea, ala zaletasuna egotea? Ez dakit, Bizkaian ni sortu naiz, nahiz eta zaletasuna batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan egon. Zaletasuna egon badago Bizkaian, finalean ehunka lagun joan zirelako Iruñera, txapelketa zuzenean ikustera. Loiuko saioa ere ildo horretatik doa. Eta hori lehen ez zen gertatzen. Hurrengo pausoa eskola bat sortzea izango litzateke, zaletasuna finkatzeko eta gazteek aizkoraren etorkizuna bermatzeko. Gaur egun, Bizkaiko gazte batek aizkoran hasi nahi izango balu, nora joango litzateke? Ez dago lekurik. 

Goi-mailako aizkolari gutxi zarete eta beti zabiltzate elkarren kontra aritzen. Nolako harremana duzue? Ez da nekagarria beti aizkolari berberen kontra jardutea?

Harreman ona dugu, guztiok helburu orokor bera dugulako: herri kirola eta aizkora bultzatzea. Eta harremanak onak izan behar dira epe luzean, gure kirolaren etorkizuna bermatzeko. Egia da beti aurkari berberen kontra aritzen garela, baina hori kirol guztietan gertatzen da. Esate baterako, duela 10 urte tenislari onenak Federer, Nadal eta Djokovic izan ziren; eta gaur egun, berberak dira.  

Dena irabazi duzu aizkolaritzan, eta behin baino gehiagotan, gainera. Zelan bilatu motibazioa?

Zaila da. Berritu egin behar duzu, urtero helburuak jarri… Polita izango litzateke nazioarte mailan lehian sartu ahal izatea. Munduan hainbat aizkolari daude, Australian, Kanadan-eta, eta urtero munduko txapelketak jokatzen dira. Ametsa da, baina gertatu daitekeen amets horietako bat.    

 

 

 

Aizkolari bizkaitar onena

Aitzol Atutxa Gurtubai (1988) ezohiko aizkolaria da. Izan ere, ez zen Nafarroako edo Gipuzkoako herri txiki batean jaio eta, gainera, Enpresa-ikasketak egin zituen unibertsitatean. Ez, Aitzol bilbotar peto-petoa da eta harreman estua dauka Arratiarekin: batetik, aita Dimakoa delako; bestetik, Lemoara ezkondu zelako. Aita ere aizkolaria izan zen eta horrek aizkorarako zaletasuna ekarri zion semeari. Gaur egun, Aitzol aizkolaririk onenetarikoa da, Euskal Herriko txapelketa irabazi duen bizkaitar bakarra. Hona hemen bere ibilbidea:

–Euskadiko Txapelketa (5): 

2014-2018.

–Bizkaiko Txapelketa (10): 

2007-2017.

–Bizkaiko Txapelketa, bikoteka (12): 

2005-2017

–Bizkaiko aizkolarien OPEN-a (4): 

2007-2010

–Donostiako Urrezko Kopa (4): 

2015-2018.

–Urrezko Aizkora (9):

  Banaka (2): 2016, 2017

  Binaka (7): 2008, 2009, 2011, 2014, 2015, 2016, 2017 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).