Lauroetarra Europako iparraldean

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 13a, 12:18

Itsasne Beitia Agirre, kimikaria 

Global Training bekeari esker, 24 urteko lauroetarra Norvegiako enpresa baten dabil praktikak egiten. Gabonetako oporraldia etxean emon dau, eta guk Europako iparraldeko herrira itzultzear egoala harrapatu dogu. Trondheim urian pozik dagoela kontatu deusku.

“Sintef enpresan nago, Ocean eraikinean. Hor ozeanoakaz zerikusia daukan edozein arlo lantzen da: petrolioa, energia berriztagarriak… Nire proiektua mikroplastikoetan oinarrituta dago”. Egia esan, Global Training bekek kimika esparruan eskaintzen ebazan aukera gehienak Europako enpresetan izan ziran, eta Itsasneri berdin eutsan herri batera edo bestera joateak. “Alkarrizketea urrian egin genduan Skype-ren bidez, eta esan eusten ea azaroaren 6rako han egon ahalko nintzan. Bada, ados esan neban nik. Sei hileko bekea da eta ez dakit kontratua luzatzeko aukerea egongo dan; enpresaren araberakoa da hori”. 

Elkarrizketa hau egin orduko, Itsasnek hile bi eskas eroiazan Trondheim-en, eta oraindino hango bizimodura egokitzen ebilen. “Lanera 09:00etan sartzen naz eta gaua da; lanetik 16:00etan urteten dot eta ordu horretarako ilundu du. Izokina salbu –oso gozo dagoana–, okerrena bazkaria da: enpresan bertan bazkaltzen dot, 11:30ean, eta egunaren arabera entsaladea dago, zopea edo ogitartekoak egiteko tomatea, pepinoa, gaztaia, hestebeteak… Goseak hilik urteten dot lanetik, baina, jakina, nik 16:00etan ez dot afaltzen –norvegiarrek bai–, hori eginez gero, 21:00etarako barriro goseak hilik egongo nintzatekeelako. Beraz, etxera ailegatzen nazenean meriendea hartzen dot, eta saiatzen naz 20:00etan-edo afaltzen”. 

Norvegiarren izaera nasaia azpimarratu dau. “Garrantzi handia emoten deutsie kafe-orduari, esate baterako. Enpresan kafe-makina piloa dago eta guztiak doakoak dira. Lanera ailegatzen diranean, 09:00etan, kafea hartzen dabe, eta, gero, beste geldialdi bat egiten dabe 14:00etan, barriro kafea hartzeko: euren artean berbaz egoten dira, eta nahiko nasaiak dira; ez dabilz presakaz”. Orokorrean jente jatorra dan arren, nahiko isilak be badirala esan deusku. “Lagun bigaz bizi naz, baina ni pisua ailegatu nintzanean bakarrik hareetako bat egoan, eta bere logelan emoten eban denbora gehiena. Normala izaten ei da, konfiantzea hartzen daben arte”.

Arratsaldeetan, dendaren bat ikustera urteten dau, “dagoan hotzagaz ezin dalako kalean egon”, edo lagunen bategaz lotzen da zeozer hartzeko. “Baina egunero be ezin da atera, garagardo batek, adibidez, 10 euro balio dauz-eta”. Norvegiarren zaletasunen gainean aitatu deusku eskiatzeko ohitura handia dabela. “Iraupen-eskia egiten dabe: eskiak hartu, eta kanpoaldeetara joaten dira hori praktikatzera”. Bere ustez, bitxikeria dana be eduki dugu hizpide. “Norvegiar gehienak Espainiako hegoaldera edo Kanariar Uharteetara doaz eguzki bila, eta askok etxea erosi dabe han. Are gehiago, Alacanten badago bakarrik norvegiarrak bizi diran herri bat, eta euren egunkaria eta guzti dauke”. Bestetik, orain arte, ez dau Norvegian turismoa egiteko aukera handirik izan; halanda be, laster konponduko dau hori, ze lagunak egin dauz, eta Europa iparraldeko txoko eder ahalik eta gehien ezagutzeko asmoa dabe.

 

Bidaiatu

Erasmus bekea dala eta, Itsasne Polonian izan zan karrerako azken urtean, lau hilean. “Herri bietan hotz handia dagoan arren –Norvegian, hotz handiagoa, beharbada; eta argi gutxiago–, diferenteak dira. Polonian dana da merkeagoa, baina Norvegiako jentea askoz jatorragoa da. Gainera, danek dakie ingelesez eta danek egiten dabe ahalegina zuri laguntzeko. Dana dala, oso esperientzia ezberdinak izan dira: Polonian ikasle-egoitza baten izan nintzan, eta beti egoan nogaz egon eta zer egin; Norvegian, ostera, nire kabuz nabil”. 

Lanari jagokonez, Norvegian espainiar askogaz egin dauala topo esan deusku. “Krisiaren ondorioz joan dira hara: lehenago, familiako kide bat; eta ondoren, beste bat edo familia osoa. Erizain batzuk ezagutu dodaz, eta praktikan nabilen enpresan be badagoz Espainiako lagun batzuk. Ikusi dudanagaitik, lan-baldintzak onak dira Norvegian, eta soldatak be onak dira”. Era berean, ikerkuntzan diru gehiago inbertitzen dabela esan deusku, eta gobernuak, hilero, 800 euroko laguntzea emoten deutsuela ikasten jarraitzen daben gazteei.

Etorkizunari begira, Itsasneri ikerkuntzan aritzea gustatuko litzakio, eta uste dau orain dala urte batzuk pasatzen zanagaz alderatuta, gaur egun aukera gehiago dagozala lana topatzeko. Halanda be, norvegiarren moduan ez dauka presarik, eta lan “serio bat” topatu baino lehenago, gurako leuke bidaiatzea eta beste herri eta kultura batzuk ezagutzea. “Ahal bada, gustatuko litzakit Norvegian denbora gehiago emotea; edo bestela, eta herri hotz bitan egon nazela kontuan hartuta, bero egiten dauan herri batera joatea, Australiara, berbarako. Ez dakit, ahal badot, gustauko litzakit lana eta turismoa buztartzea, jente eta ohitura barriak ezagutzeko”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).